Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Latinamerikar ametsaren” ordua

“Latinamerikar ametsaren” ordua

Amatiño 2010/12/13 12:00
Baikortasuna eta itxaropena dira Argentinan eratu berri den XX. Gailur Iberoamerikarraren giroa ondoen laburbiltzen duten hitzak. Estatu Buruen biltzar politikoetan hezkuntza, demokrazia eta oreka azpimarratu badira, aldi bereko enpresari-topaketan, berriz, prestakuntza, egonkortasuna eta klase ertainen susperraldia nabarmendu. Hainbat mende eta belaunaldi gatazkatsuren ondotik “Latinamerikar ametsaren” ordua heldu omen da.

Lehen eta behingoz, zenbakiak ezin nabarmenagoak  dira. BBVAren  datuek aditzera ematen dutenez gero, Latin Amerikaren BPG %5,8 haziko da aurten. Batez besteko honen gainetik geratuko dira Paraguai (11,0), Uruguai (8,8), Peru (8,5), Argentina (8,1) eta Brasil (7,5); maila beretsuan Txile (5,4) eta Mexiko (5,1); beheraxeago Kolonbia (4,0), Ekuador (3,7) zein Bolivia (3,6); eta Venezuela (-1,3)  izango da hazkuntza negatiboa izango duen bakarra,  aurtengoz baino izango ez den arren.

Europan eta Hego Ameriketan nagusi diren giroen arteko aldea nolabait ulertaraztekotan, Europan erronka da zelan goiari eutsi, nola orain arteko lepotik iraun; Hego Ameriketan, aldiz, zelan hazten asmatu, nola aurrerantzako urrats berriak jorratu. Europa atzera begira dagoen zahartzaroan bizi da. Hego Amerika, ostera, etorkizunik besterik ez duen gaztaroan.

Kiko Caballeroren iragarpena

Fenomeno hau ez da ustekabean gertatzen ari. Kiko Caballerok duela urte bi* iragarri zuen Algunas claves para otra mundialización saiakeraren (Txalaparta, 2010) azken kapituluan: “El sueño latinoamericano”: la esperanza en el futuro.

                                                        Mundializacion

Haren tesia hamar lerrotan laburbiltzen ausartuko banaiz, kapitalismoa protestantismoaren semea da, liberalismoa iloba eta neoliberalismoa biloba. Familia langile eta ordenatu honek Ipar Europatik Ipar Ameriketara ibilbidea egin zuen eta, hirurehun urteren bueltan, Estatu Batuen gainbeherakadan nahiz Europaren kinka larrian amaituko du.

Artean, bertatik bertara ez Ilustraziorik, ez Frantziako Iraultzarik eta ez protestantismorik ezagutu ez zituen sistema feudal espainiarraren fruitu da Hego Ameriketako nahaste-borraste gatazkatsu eta zorabiotsua.

Baina horra non, hobe berandu sekula baino, Hego Ameriketako herri eta kultura guztien elkartasunaren ordua heldu den, nolabaiteko “pactum unionis” hitzarmena,  elkarbizikidetzaren gizarte-ituna, beste mundu bat izan daitekeelakoan.: “Latinamerikar ametsaren ordua”.

Auskalo inoiz gertatuko ote den, gero gerokoak. Baina, hasteko,  jario ona dario.

  Mendiguren Kirchner

Cristina Fernandez, Argentinako lehendakaria, eta Jose Ignacio Mendiguren**, UIAren (Unión Industrial Argentina) idazkari nagusia. Biak XX. Gailur Iberoamerikarrean izan dira, Mar del Plata hirian.

 

* Txalapartaren argitalpena aurtengo azarokoa da, baina lehen edizioa Dominikar Errepublikan argitaratu zen iaz, 2009an. Aurkezpenak, berriz, 2008ko iraileko data darama. Horretara, Kiko Caballeroren saiakerak barrena urte bi ditu.

** Jose Ignacio Mendiguren, "el vasco Mendiguren", mungiarra da jatorriz, Bruno Mendiguren zenaren semea. Industria ministroa Eduardo Duhalderen gobernuan eta gaur egun guztiz erabakigarria Argentinako enpresa-arloan.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: