Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “La crónica francesa”, ezta doan ere.

“La crónica francesa”, ezta doan ere.

Amatiño 2021/11/28 12:39
Sei-zazpi euro premiarik gabe xahutzeak ez du segurutik gutako inor erabat pobretuko, eta, litekeena, ordu bi alferrik galtzea onuragarri baino ez izatea gure bizimodu estresatu hau arintze aldera. Baina, horratik, bi ordutan aspertzeko, gogaitzeko eta (nor bere buruarekin) haserretzeko, aldez aurretik ordaindu behar izatea ez da agian, aukeran, planik aproposena.

La crónica francesa filma dela-eta, esango dizute hamaika izarren jabe dela, auskalo zenbat kritika on jaso duela, erabat desberdina izaki gogotik gozatuko duzula, zer gerta ere ikusi beharrekoa dela eta, kaotiko samarra gertatu arren, lo behintzat ez duzula lorik egingo. Baina ez da egia, ni bederen lokartu egin nintzen. Eta ez dakit, egia esan, horren gutxi interesatu ote zitzaidan lokartu nintzelako, edo lokartu ote nintzen filma ez delako esna irauteko ere gauza.

Gogoan dut, ordea, hainbat lokamusuren artean Benito Lertxundiren harako kantaz oroitu nintzela: “Formak onak dira, formetan ez bazara galtzen”. Eta Wes Anderson zuzendaria formetan galtzen da, hasi eta buka. Bere ardura (obsesioa) gehiago da zelan esan, zer esan baino. Eta, hartara, funtsezko arazoa ez da, soilik, formetan lar zorabiatzen dela, gehiegikerietan murgildu eta, ito beharraren beharrez, burua ateratzeko gauza ere ez dela baino.

Zenbat buru hainbat aburu, kritikak denerako ematen du. Hain zuzen ere, bada gurean kritikari ezagunik ondoko hau idatzi duena: “No hagan caso y hojeen a placer esta revista sugerente y francesamente 'chic', en algún momento con un diseño casi abrumador”.

Baina bada beste hau idatzi duenik ere: "Me quedo pasmado al constatar que Anderson se ha superado a sí mismo en niveles de disparate, gratuidad y bobería. Todo resulta absurdo, inane y lerdo, casi dos horas de tedio infinito".

Biak dira zine-kritikari profesionalak eta biei ordaindu zaie (bigarrenari lehenari baino gehiago) idatzi dutena idazteagatik. Nori egin, ordea, jaramon? Gezurra dirudien arren biek izan dezakete arrazoi-punturen bat edo beste. Tartean, hona errezeta, bete-betean asmatu ahal izateko:

 Film hau zine-klubean edo “arte-y-ensayo” saioan ikusiko luketenetakoa bazara, lehenak du arrazoi.

 Asteburuan zure bikotearekin  zinemara joan nahi baduzu, aldiz, bigarrenari egin kasu.

La crónica francesa
Formak onak dira, formetan ez bazara galtzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: