“Handia”ren tristura
Irakurri ditut Handia filmari buruzko berrogeiren bat kritika, iruzkin edo aipamen, eta, gutxi zein asko, badirudi mundu guztiari gustatu zaiola eta, txarrenean ere, inork ez duela Jon Garaño eta Aitor Arregiren lana errotik gutxietsi.
Antza denez, oro har, Handiak merezi du, berezia da, nortasunik ez zaio falta eta euskal zinemak bide onetik darrai. Nonbait, onbera da eta argazkia, musika, interpretazioa zein zuzendaritza artistikoa, egokiak ditu… Kontzeptuz, erroak, anaitasuna, noraeza eta etenik gabeko aldaketen erronkak lantzen ditu eta, kalifikatiboak biltzekotan, berriz, dirdiratsua, jantzia, sentibera, liluragarria... mitikoa, poetikoa, magikoa eta fantastikoa. Bapo.
Aurkitu ditudan iruzkin guztien artean bada, ordea, Handia-ri onartezinezko kutsu edo erantsi politikoa sumatu dionik. Alegia, filmaren barrena antzematen omen da Euskal Herria eta Espainiaren arteko gatazka, zeinetan, alde batetik, euskal izaeraren handitasuna azpimarratu nahi den (Altzoko handia bera lekuko) eta, bestetik, espainiar agintekeriari eta zapalkuntzari kontrajarri, kulturaz, hizkuntzaz zein bestez.
Nago, ordea, filmari ezin zaiola inondik ere ezelango euskal gehiegikeriarik ezarri; areago, Handia filma ezer baldin bada, gehiago dela euskal galeraren ispilu, handitasunaren adierazgarri baino. Izan ere, nik esango nuke, Eleizegitarren Ipintza-zar baserritik ez dela inor garaile ateratzen.
Galtzaile da ekimen handirik gabeko aita etsia; galtzaile, Ameriketara joan ezinik geratzen den Martin seme nagusia; galtzaile, erabat zorigaiztoko Joakin gizajoa; galtzaile, Maria, zalantzazko maitasun-kontuetan; galtzaile, etorkizunik gabeko Ipintza-zar baserria bera, eta galtzaile, euskara (eta euskal oro), etxerako baino balio ez duelakoan. Horretan datza, hain zuzen, saihestu ezinezko aldaketa: garai-aldaketa, balio-aldaketa, bizimodu-aldaketa, hizkuntza-aldaketa...
Segurutik Handia film on samarra da, on samarra izateko baldintza objektibo guztiak betetzen dituelako, baina ezin esan, gero, “polita” denik. Niri behintzat ikaragarrizko tristura sortarazi zidan, eta ez dut uste tristura eta polita elkarrekin egokitu daitezkeenik.
Are gehiago esango nuke esan, ikuskizuna ikuskizun, komediak, dramak edo tragediak politak izan daitezkeela; baita, agian, pornografia, gezurra, gorrotoa edo terrorea ere. Baina tristurak malenkonia besterik ez du sortzen, eta malenkonia depresiboa da, sekula ez polita.