Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Guipuzcoanizar a España”

“Guipuzcoanizar a España”

Amatiño 2013/09/23 21:45
Esperanza Agirre Kultura ministro ohiak bota berri du: “Espainia kataluniartu behar da”. Eta, orain hurrengo, Wert egungo ministroak kontrakoa esan omen zuen: “Katalunia espainiartu behar da”. Nik ez dut uste, ordea, bi esaldiak alderantzizkoak direnik. Wertek kulturaz eta hizkuntzaz ziharduen; Agirrek, ostera, gizarteaz eta ekonomiaz.
“Guipuzcoanizar a España”

F. Grandmontagne

Molde honetako hitz-jokoa erabiltzen aurrena Migel Unamuno izan zen, 98ko belaunaldiaren malenkoniaz espainiartasuna kinkan jartzeari ekin zitzaionean: “Europa espainiartu behar da”. Bilbotar filosofoa ez zen kulturaz eta hizkuntzaz ari, ezta gizarteaz eta ekonomiaz ere, zientziaz eta literaturaz baino. Literatura-irudimena espainiar senari bide zerion eta zientzia-ezagutza, aldiz, europarrari: “Que inventen ellos!”.

“Espainia euskalerritartu beharra” aldarrikatu zuen lehena, berriz, Francisco Grandmontagne (1866-1936) idazlea izan zen, Burgosen jaio eta Donostiaz maitemindu zen eusko-argentinarra. Haren aburuz , euskalduna omen zen “raza tozuda, símbolo de todas las energías humanas, emblema de la constancia y compendio de la fe resistente”.

Antzerako edo, baina beste testuinguru batean, adierazi zuen Ramon Pagolak, 1939an. Gerra amaitu, Bizkaia eta Gipuzkoa “probintzia traidoretzat” jo eta Kontzertu Ekonomikoa uxatu ondoren, gobernu espainiarraren ordezkaria Gipuzkoako Aldundian sartu eta esan zuen: “Aquí venimos a ver si españolizamos a Guipúzcoa”. Eta foru-errepide sarearen zuzendariak erantzun: “Bueno… ¿y no sería mejor que vieran ustedes la manera de guipuzcoanizar a España” (Carlos Santamaría. DV, 1966.07.17).

Segurutik Ramon Pagolak “bere” errepide kuttunak baino ez zituen gogoan horrelakorik esaten ausartu zenean, 1939an. Baina, segurutik ere, Carlos Santamariak haratago joan nahi zuen, 1966an, anekdota gogorarazi zuenean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: