Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Gran Torino”: Clint Eastwood-en mitoak dirau

“Gran Torino”: Clint Eastwood-en mitoak dirau

Amatiño 2009/04/11 19:43
Segurutik “Gran Torino” da egungo karteldegian dagoen filmerik gomendagarrienetakoa. Beste behin, Clint Eastwood zaharrak erakusten digu ezer gutxi behar dela historia eder bat kontatzeko. Ez aurrekontu handirik, ez efektu berezirik, ez kokapen apartekorik, Zazpigarren Artearen sena besterik ez. Malenkoniaz eta klasizismoz jositako sena.

Giroa –Estatu Batuen kultura, hizkuntza eta ideologia aniztasuna-- ez da inondik ere berria Clint Eastwooden filmografian. Ezta gaia –autojustizia— ere eta are gutxiago gero indarkeriaren katarsia. Jatorriz poloniarra den Walt Kowalski Koreako gerraren beteranoa xenofobo hutsa dateke beltzen, horien, txikanoen zein irlandarren kontrako adierazpenetan baina, atzenean, bere bizitza eskainiko du nekez onar bide zitzakeen kanpotarren mesedetan.

Pegora aurrean eserita, Walt Kowalski larrutik aldatzen ari den gizartearen lekuko dugu. Atariko “Gran Torino” 1972ko Ford modelua da iraganeko altxor preziatua eta auzoan gero eta gehiago diren atzerritarrak, berriz,  uxatu ezinezko etorkizuna.  Amerikar autogintzaren krisia noizbaiteko balioen gomuta eta etorkinak, aldiz, konplexutasun berriaren adierazgarri. Hori bai, zer gerta ere, ikurrinak mastan dirau.

Botilan gordetzeko moduko filmea. Eta, argia isiotu arren, ez gero jaiki azken balada amaitu arte.

  Gran Torino berdea

Your world is nothing more than all the tiny things you’ve left behind

iturri
iturri dio:
2009/04/14 01:31

Zinema-aretoak gutxitan zapaltzen dituen horietakoa naiz. Gainera, pelikula gutxi ikusten ditut etxeko telebistan edo ordenagailu aurrean. Dena den, gustatzen zaizkit Eastwood zaharraren filmak. Hau ere bai, nahiz eta pentsatu aktore gazteek nekez ematen dioten erreplika Clint handiari.

Diotenez, jomugan duen hurrengo proiektua John Carlinek idatzitako "El factor humano" liburuan oinarritutakoa litzateke, Hegoafrikan Mandelak gidatutako aldaketa gai hartuta. Morgan Freemanek jokatuko luke lider beltzaren rola.

Ikusteko irrikitan nago.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: