“Goenkale” asteartez sortu zen
Gurean hiru mila ale egingo dituen Goenkale sitcoma (situation comedy) asteartez sortu zen. Sortu esan dut, ez jaio. 1993ko ekainaren 8an. hain zuzen ere, asteartea. Egun hartan Jose Mari Otermin eta biok BBC Cymru-Wales telebistan egon ginen, Cardiffen, Pobol y Cwm (Eskualdeko jendea) soap operaren grabazioa bertatik bertara ikusten, Robin Davies-Rollinson ekoizlearen eskutik. Handik bueltan, hamasei hilabete geroago, 1994eko urriaren 3an, ETB1k Goenkaleren lehen kapitulua kaleratu zuen. Gaur arte.
Robin Davies-Rollinson, "Pobel y Cwm" sailaren ekoizle lehenik eta zuzendari gero
Egunotan bolo-bolo dabiltza han-hemenka, hitzetik hortzera, Goenkale sailaren onenak. Baina gureak inondik ere gutxietsi gabe, mortalak dira gero Pobol y Cwm aitajaunaren datuak. Laburbilduz gogoratu dezagun sail galestar hau BBC-Wales kateak eman zuela 1974tik 1982ra bitartean. Urte hartan, S4C (Sianel Pedwar Cymru - Channel 4 Wales) katearekin batera telebista honetara pasatu zen eta, hamar urte geroago, 1992tik aurrera, BBC2k eman zuen hainbat urtez Britainia Handi guztirako ingelesezko azpidatziekin. Eta oraindik ere, 36 urte geroago antenan jarraitzeaz gainera, S4Cren asteroko programarik ikusiena izaten jarraitzen du.
Batez beste, ordu erdiko alea egiteko astebete behar izaten zuten euskal ekoiztetxeek 1993an. Cardifftik bueltan Jose Mari Oterminek egunero ordu erdi egin beharra bota zuenean hainbat ekoizlek burutik ote zegoen erantzun zion. Ez, ordea, Pedro Ruiz Aldasorok, Pausokaren izenean. Baietz, bera erronkari aurre egiteko gertu zegoela. Geroztik 3.000 ale joan dira erreskadan eta dezente asko gehiago ere joango dira euskal Goenkale baldin bada Pobol y Cwm galestarraren ildotik abiatzeko gauza.
Eta, bide batez, inork ba al daki zergatik Goenkaleren izena Goenkale den? Nik, bai.
Ez da Bar Sobia baina...
Arralde edo