Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Gaur Egun”: gaztelaniaz burutu eta euskaraz jarraitu

“Gaur Egun”: gaztelaniaz burutu eta euskaraz jarraitu

Amatiño 2012/07/07 16:55
Aurrenengo "Gaur Egun" albistegia, sekula euskaraz izan den lehena, 1983ko otsailaren 1ean kaleratu zen. Jakina denez, ETBren lehen emanaldia 1983ko urtarrilaren 1ean izan zen, Urteberri-egunez, eta ondoren itzali egin zen hilabete luzez. Zergatik ote? Zer gertatu zen urtarril osoan zehar?

Gaur Egun

Lehen "Gaur Egun" albistegia (1983.02.01). Ezkerretik, lehena, Mikel Urretabizkaia.Hirugarrena, berriz, Elene Lizarralde. Eta bien artean, ezkutuan, Xabier Zaldua.

Lehenik eta behin gertatu zen Eusko Jaurlaritzaren agindua jasoak ginela abenduaren lehen astean, ETBren programazioari ekiteko, Urteberri-egunean, zer gerta ere. Eta gauza bat zen hiru astean, nola-hala, Gabon Zaharretarako hainbat ordutako programa soila egitea eta, beste bat, arras berdineza, telebista osoa abian jartzea eta, ondotik, egunez egun iraunaraztea.

Orduan zein orain, erraz samarra da hilabetean hiruzpalau orduko saioren bat prestatzea, baina dezente zailagoa biharamunean hiruzpalauko beste bat egitea, hurrengo egunean beste bat, hurrengoan beste horrenbeste eta horrela, hurrenez hurren, etenik gabe, gaur arte. Eta hauxe da, besteak beste, bastidore artean behintzat, 1983ko urtarrilaren lehenaren eta otsailaren bigarrenaren arteko aldea. Politikak nahi zuen, nahi, “Urteberri telebista berri” delako leloa aldarrikatzea, baina harako telebista abian jarri behar genuenok ez ginen hartarako gai sentitzen, ez ahalez eta ez baliabidez ere, emanaldiei ekiteko ordena jaso genuen egunean Iurretan ez baitzegoen ez kamerarik eta ez kontrol-gelarik ere.

Ezustean, ordea, hilabeteko atzerapen hura zeharo erabakigarria gertatu zen ETBren historiaren baitan, abenduko egitasmoen arabera informazioa gaztelaniaz eskaintzekotan ziharduen telebista berriak euskara hutsean kaleratu ahal izan zuen-eta otsailean. Zenbaitek pentsa lezake horrelako erabakiak –albistegiak euskaraz ala gaztelaniaz egin, alegia-- hainbat hilabetetako hausnarketaren ondorio izan beharko lukeela baina, gezurra dirudien arren, azken erabaki garrantzitsu hura oso ordu gutxiko kontua izan zen.

Euskal Telebistaren oinarrizko hizkuntza-egitasmoak bost zutabe nagusi izan zituen 1982 urte guztian zehar: haur programazio dena euskaraz; kanpo-ekoizpena (filmak) euskaraz bikoiztua, gaztelaniazko azpidatziekin; barne-ekoizpena (fikzioa) euskaraz; eguneroko informazioa (albistegiak) gaztelaniaz; eta astean behingo informazioa (dokumentalak eta), aukeran, gaien eta iturrien ildotik. Banaketa honek segurtatzen zion euskarari, barrena, %65 inguru eta, gaztelaniari, %25. Aukera-maukeran geratzen zen, berriz, programazioaren %10.

Urteberriko ordu txikietako aurrenengo saioa irizpide hauen arabera moldatu zen eta, iritzi berberez, aldez aurretiko banaketa horren arabera ekin zitzaion urtarrilean Gaur Egun albistegiaren lehen “zeroak” gaztelania hutsez egiteari. Hala ere, jendaurreko lehen emanaldia baino egunbete lehenago, bezperan, euskaraz egiteko agindua jaso genuen eta, besterik gabe, biharamunean euskaraz atera zen estreinako albistegia, froga gisako saio guztiak gaztelaniaz eginak izan arren.

Nahiz zehatz-mehatz inork argitu ez, itxura denez, Carlos Garaikoetxea lehendakariak eta Ramon Labaien Kultura sailburuak hartutako erabakia izan omen zen, Euskararen Aholku Batzordearen iradokizunez. Nonbait, ez omen zen unean uneko erabakia izan, ordu arteko egitasmo elebidunek eskainitako esperientzia eskasa saihestu edo gainditu gurarik hartutakoa baizik. Gogoan izan 1970eko hamarkadaren azkenetan prentsa idatzian zein irratian indarrean jarritako molde elebidunak gaztelaniaren mesedetan suertatuak zirela eta, antza, Euskararen Aholku Batzordearen beldurrik handiena ez zen gaztelaniazko albisteren bat edo beste egitea, noizbait gaztelaniaz hutsez amaitu zitekeen telebista elebiduna bideratzea baizik.

Beste modu batez esana, oinarrizko xedez elebiduna izan behar zuen ETB euskara hutsez jaio zen, beti ere bere baitan euskara nagusi izan zedin, nahiz ordurako sumatu, gaztelaniak bere bidea egiten amaituko zukeela noizbait, urtebete eskas geroago egin zuen bezalaxe. Hala ere, erabaki harek erakarri zuen euskararen ukaezinezko nagusitasuna ETBren lehen katean. Gaur arte.

DEIA, 2012ko uztailaren 7an

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: