Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Evidentemente, sí”

“Evidentemente, sí”

Amatiño 2015/10/21 19:50
Patxi Zabaletak galdetzen zuen atzo (Deia, 2015.10.20): “¿Podría alguien sostener que la madre de la víctima de un accidente de tráfico sufra menos que la de un atentado de motivación política?” Eta Patxik berak erantzun: “Evidentemente, no”. Ez, Patxi: “Evidentemente, sí”. Nabarmen asko, bai. Argi eta garbi, bai. Jakina baietz.

Ez naiz ezer asmatzen ari. Nik, nire adiskideen artean, honezkero sei alargun ditut inguruan. Bost istripuz edo gaixoz hilda eta bat, ETAk tiroz eraila. Eta ez da inondik ere berdin. Gauza bat da, hala beharrez, istripuz edo minbiziz hiltzea eta, beste bat, norbaitek “zure herriaren hobe beharrez”, semea edo senarra kale bazterrean bi tiroz akabatzea. Eta akabatzeaz gainera, bere zaleen aurrean hilketa zilegiztatzeko eta arrazoitzeko, hildakoa droga-trafikatzailetzat edo dena delakotzat jotzea.

Istripuz eragindako heriotza inori leporatu ezin zaion ezbeharra da. Zoritxarra. Eraso politikoz eragindako hilketak, aldiz, biktima aukeratzen du, kalumniatzen eta bere senideak umiltzen.

Istripuak hildakoaren bizitza biologikoa mozten du; hilketak, berriz, hilaren bizitza biologikoaz gainera, haren eskubideak, erabaki-ahalmena eta duintasuna zapuzten ditu. Kasu batean zein bestean senideen mina berdina dela uste izateak gizakumea animaliatzat jotzea da, oinarrizko giza-balioak gutxiestea.

Gizakumea sortze beretik dago gaixotasunez, istripuz edo zahartzaroz hiltzeko gertu. Baina ez dago prestatua, ordea, inork tiroz hil dezan. Eta, hain zuzen, minbizia ezin bada osatu, ezin da eta kitto, bizitzaren legea da. Baina ETA erabat ekidingarria izan da beti. Ez zuen derrigorrez, ezinbesteko naturaren legez, sortu beharrik izan. Biktimen senideek errotik dakite hau, eta ez dago malura hori erraz gainditu dezakeen etsipenik.

Patxik honako ñabardura ere ezartzen du: “pero el sufrimiento y las consecuencias de una muerte por violencia de motivación política tiene la virtualidad de servir de parámetro y de límite para la convivencia democrática en la plaza de la igualdad”. Esne-berbak, Patxi. Politikakeria. Tiene la capacidad de generar más dolor, eta kitto.

ETAk armak utzi izanaren laugarren urtebetetzean balantza egiterakoan, istripuz zein arrazoi politikoz hiltzeak sufrimendu berbera sortzen duela esan digu Patxi Zabaletak. Ezker abertzalearen ordezkaririk zentzudunenetakoa horrelakorik esateko gauza bada… mundu horretatik libra gaitzakeenak libra gaitzala.

Oharra: 1988ko ekainaren 6an, ETAk Patxi Zabaleta adiskidea hil zuen bi tiroz, Elgoibarren, afal aurretik txikiteatzen ari zela. Alarguna eta bi umezurtz utzi zituen. Bizirik dirauen beste Patxi Zabaletak badu nori galdetu.

jaime
jaime dio:
2015/10/22 16:49
Gogoan erabiltzeko dugu zutabe hau! Beharbada, lehengo batean, Patxiren iritzi berekoa izango nintzatekeen, baina horrela azaldua…
Milesker, nire partez eta izan untsa.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: