Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Euskal energia-estrategiak badu adostasunik”

“Euskal energia-estrategiak badu adostasunik”

Amatiño 2011/07/18 00:00
“Euskal energia-estrategia hainbat hamarkadatako erakunde-adostasunaren ondorioa da” adierazi zuen Xabier Garmendia Industria eta Energia sailburuordeak Muskizko FP Uda Ikastaroen amaiera-ekitaldian, 2020 urte arteko energia-egitasmoaren berri ematerakoan.

Xabier Garmendiak azaldutako datuen arabera, azken urteotako joera nabarmena da: petrolio zein ikatz-kontsumoa eta argindar-inportazioa murriztu egin dira, eta gas naturala nahiz berriztagarriak gehitu. Aurrerantzean, 2020ra bitartean, ildo beretik jarraituko omen du joerak, beti ere energia-intentsitatea (ekoizpen berbera energia gutxiagoz) murriztuz, energia-eraginkortasuna gehituz eta berriztagarrien erabilpena sustatuz.

Urteotako nondik norakoa laburbiltze aldera Xabier Garmendiak azaldutako datuen arabera, gas naturala industrian zein argindar-ekoizpena nagusituko da eta petrolioa garraiotara mugatuko. Ikatzak, berriz, maldan behera jarraituko.

Azken hamarkadan energia berriztagarriak hazi egin dira, bai, baina inondik ere ez gero uste zen bezainbat. Izan ere, iaz (2010) berriztagarrien erabilpenak kontsumo guztiaren %12 izan behar zuen arren, %6ra baino ez zen heldu. Aurreikusiak eta lorpenak alderatuz gero, indar fotovoltaikoa itxaro baino lau bider gehiago hazi da; eguzki-indarra uste zenaren herenera besterik ez da heldu; biomasa, erdira; minihidraulikoa hiru laurdenetara eta eolikoa, berriz, seiren bat baino ez. “Eta ez haize-erroten kontrako taldeen aldarriez, tokian tokiko erakundeen arteko adostasunik ezaz baino”.

Epe luzerako aurreikuspenak egiten ausartu zen Xabier Garmendia. Beronen ustez, herrialde aurreratuetan energia-intentsitatea eta petrolio-menpekotasuna erabat murriztuko dira. Etorkizuna energia berriztagarrienak izango da eta gas naturala bitarteko zubigintzarenak egiteko erabiliko.

Luzera begira, 2050an petrolioaren erabilpena hutsaren hurrengo izango omen da energia-sorkuntzan, eta garraio-sektore osoa elektrikoa, hibridoa edo hidrogenoduna izango omen. Ez, ostera, garatzear edo suspertzear dauden herrialdeetan non teknologiak ez diren hain landuak eta azpiegiturak zaharkituxeagoak diren.

Dena den, Xabier Garmendia, Energia sailburuorde ezezik Industria sailburuorde ere bada, eta bere xedea bitarikoa da. Hau da, energia-ekoizpena, hornidura, kontsumoa eta zerbitzua gogoan izateaz gainera, energia-industria du helburu. Alegia, euskal gizartearen energia-merkatua benetan txikerra den arren, energia-industriaren merkatua  mundu mailakoa da. Horretara, energia-industriari atxikitako euskal teknologia biziki oparoa eta landua dateke eta, ondorioz, etorkizun handikoa.

Xabier Garmendia

Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordea, Muskizko FP Uda Ikastaroetan

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: