Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Esne-bideak”: primun vivere deinde philosophari

“Esne-bideak”: primun vivere deinde philosophari

Amatiño 2013/10/06 23:50
Zenbat alderdi hainbat bide, nonbait, herri honetan; baina beldur naiz, guztiak ere, ez ote diren “esne-bideak”. Hau da, esne-berbetan jardun, jardun eta jardun, inora ez garamatzen bideetan barrena.

Herri hau betidanik izan da txiro eta behartsu samarra. Eta, besteak beste, azken 150 urteotan baino ez du lortu aberastasun eta ongizate mailatxoren bat, industriari esker hain zuzen ere. Ba, kontuz, industria maldan behera joaten ari baitzaigu; eta, ezer benetan ganorazkorik ez badugu egiten, gure eztabaida guztiak bide politikotan kokatzen baditugu, gure indar guztiak filosofiatan xahutzen baditugu, gureak egin du.

Egunak joan eta egunak etorri, lehiakortasuna galtzen dihardugu. Eta, martxa honetan, “euskal bide” guztiak gau erdiko ahuntzaren eztula baino ez dira izango. Ez da egia –edo ez da behintzat erabat egia— industriaren etorkizuna Europatik Txina, Brasil, India edo horrelako herrialdeetara pasatzen ari denik, eten gabeko jarioak soluziorik ez duenik. Alemania eta Estatu Batuak, esaterako, berriro ari dira gogotik industriaratzen, industriaren aldeko apustu sendoa egiten, berrikuntza, ezagutza, inbertsioa eta lan-jarrera berreskuratzearen ildotik. Gu zergatik ez? Aurrera egingo badugu, lehen eta behingoz, gure ahalak suspertu, indarberritu, areagotu beharko ditugu,  industria salbatu beharko dugu.

Eta ez gero esan  independentzia litzatekeenik konponbidea, buruaren jabe balitz Euskal Herriak etorkizuna segurtatuko lukeelakoan edo.  Ez da egia. Guk gure baitan dauzkagun arazo larriak – produktibitate urria, produkzio-kostu handiak, energia-lehiakorrei muzin egin nahia, errealitateari ez ikusi egin izana, kemen-txakalaldia etab.—  ez lirateke independentziaz konponduko. Gurean gero eta gehiago indartzen ari den “hego-haizea” gure baitan baino ez dago. Ez beste inon errudunik aurkitzen denborarik galdu.

Gure artean dauzkagu, guk geuk, kristoren arazo latzak; gure orekarik eza, gure mokoka jardun beharrak, gure artean eztabaidatu nahi ez ditugun oinarrizko jarrerak, gure egiazko dimentsioaz jabetu nahi eza…  politikaren aurrekoak dira. Alderdien arteko ika-mikei horrenbesteko protagonismoa ematen badiegu ez da alderdi-politika horren garrantzitsua iruditzen zaigulako, firin-faran aritzea askoz ere erosoagoa delako baino;  benetako arazoak ezkutatu nahi ditugulako, eguneroko erabakiak hartu nahi ez ditugulako, etorkizunari aurre egiteak izutzen gaituelako, iritzi zindorik ez dugulako, esne-berbetan jardutea konpromisoak hartzea baino errazago delako, hiru semaiko filosofiatan oso inportante sentitzen garelako. L´enfant terriblearenak egitea eguneroko errutina baino samurrago delako.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: