“Erregeren hitzaldia”, atseginena bai behintzat
Horra hor, azkenean, zelan “The King’s Speech” (El discurso del rey) pelikulak irabazi dituen filmik onenari dagokion oscarra eta beste hiru gehiago. Hollywoodek erabat asmatu du nerekin. Honek ez du esangura, ordea, iazko filmik onena denik, klasikoena, egiunezkoena eta, zinera joan ohi den jende-motarentzat, aproposena baino.
Klasikoa, egiunezkoa eta aproposa izateaz gainera, Tom Hooper zuzendariaren filma ondo egituratua dago, hobeto antzeztua, primeran egokitua, zeharo atsegina da, ingeles petoa, hari landua du, umore-punttua eta ez du inor asaldatzen. Gainera, historia omen da…
Omen… diot, ze filmaren haria anekdota hutsalean oinarritua baitago, George VI.a erregeren hitz-toteltasunean alegia. Ni beti txunditu izan nau anekdota xumea kategoria historiko sinesgarritzat bihurtzeko arteak. Are gehiago toteltasuna gainditzeko adorea, agintaritzaz jabetzeko kemenaren adierazgarri baino ez bada. Horretara, filmaren beraren muina eta ardatza, bete-betean gero.
Besteak beste, hiru dira film honetatik sekula ahaztuko ez zaizkidan pasarteak. Batetik, Eduardo VIII.aren maitasun-aldarriaren mitoa hautsi izana. Windsor duke-dukesaren bertsio ofizial eta arrosak beti kontatu izan digu Eduardok, Teruelgo maitalea bailitzan, erregetzari muzin egin ziola Wallis Simpson dibortziatuarekin ezkontzeko. Filmak gogorarazten digu, ordea, bon vivant nazi samarra baino ez zela.
Ikaragarri atsegina, berriz, 2002 arte bizirik ezagutu genuen Elizabeth amandriaren pertsonaia. Bistan da George VI.aren emaztea (egungo Isabel II.aren ama) gaztetandik izan zela xelebrea eta betidanik izan zuela behar baino gehiago gizentzeko joera.
Amaitzeko, zoragarria azken “erregeren hitzaldiaren” eszeneratze musikala, Beethovenen zazpigarren sinfonia nagusi dela. Zenbaitek erromantizismo merketzat joko du baina… politta polittik bada. Ikuskizun hutsa.
Sarri asko hiruzpalau huskeria aski dira edozein film ontzeko, bi orduz gozatzeko, gogoan hartzeko, zine-zaletasuna areagotzeko. Horrez gainera lau oscar irabazten baldin baditu ba… hainbat hobe. Baina aurretik ikusi genuenean ez zuen artean horrelakorik.
George VI.a erregea (Colin Firth) eta Lionel Logue logopeda (Geoffrey Rush)