“Beginning”, beti ekiten
Hainbat kritikariren aburuz, Dea Kulumbegashvili zuzendariaren Beginning filmak historia egingo du, eta ez Donostiako ekoizpen sarituen zerrenda luzean soilik. Zenbaiten iritziz, zinemagintzak azken urteotan daramatzan maldan beherako molde errepikatu eta zaharkituak hausten dituen filma omen da Beginning, eta berriro Zazpigarren Artearen muinei eta funtsezko praktika onei heltzen diena. Beste muturrean, aldiz, bada amaitu aurretik, erabat higuinduta, aretotik alde egin behar izan zuela aitortu duen kritikari ezagunik.
Gure inguru hurretik atera gabe, Berria egunkariko Mikel Zumetak hamarretik bederatzi puxtarri eman dizkio eta EiTBko Felix Linaresek, aldiz, bat baino ez. Nori egin jaramon?
Nik ez dut ikusi. Beraz, teoriaz behintzat ez naiz inondik ere aukerakoena ezer esateko baina, hain zuzen ere, ikusi ez dudalako, zilegi bekit “behatzaile” orokorrarenak egitea. Alegia, gogora dezagun ia-ia Zinemaldia hasi aurretik bagenekiela Beginning aspergarria izango zela eta, esaterako, Another Round – Druk (aktorerik onenari saria), ganorazkoa izateaz gainera, entretenigarria eta komertziala. Beste modu batez esanda, pelikula georgiarrak “ona izateko arau eta eskakizun teoriko guztiak” gogoan zituela, test akademikoa bete beharra balu bezala, eta, erdipurdiko aipamentxo koxkorrez pasamisian joan diren beste batzuk, ordea, Supernova kasu (Calvin Firth eta Stanley Tucci), ikusentzuleriaren gustukoak.
Jakina, baldintzak aurretiazkoak dira. Zer da zinemagintza? Zertarako da? Erantzunak nahi bestekoak izan daitezke. Baina bada besterik galdetzerik ere: zer dira zinemaldiak? Zertarako dira? Eta orduan, erantzunak, segurutik, bestelakoak izango dira.
Amaitzeko, gauzak apurtxo bat gehiago nahasteko, Mikel Zumetaren eta Felix Linaresen puxtarrietara itzuliz… Batak zein besteak aditzera emandako balio berberari eutsiko ote liokete, kasu honetan, Felixek kritika idatzia egingo balu eta Mikel telebista-aurkezle izan?