Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Batasuna eta Indarra”ren tronpeta jo du berriro EAJk

“Batasuna eta Indarra”ren tronpeta jo du berriro EAJk

Amatiño 2016/02/15 19:30
Azken berrogei urteotako hauteskundeetan gertatutako aldaketarik nabarmenenetakoa 1977tik 1980ra bitartean jazo zen. Eusko Alderdi Jeltzalearen jauzirik handiena orduantxe izan zen. Franco hil zenean inor gutxik uste zuen EAJ “zaharrak” joko handirik eragingo zuenik. Hala ere, 1980an, Euskal Autonomia Erkidegoaren brankaz arduratu eta gaur egun ezagutzen dugun erakundetze-egitura batu eta indarrean jarri zuen.
“Batasuna eta Indarra”ren tronpeta jo du berriro EAJk

1977ko afixa

EAJk %29,3 lortu zuen (inork uste baino gehiago) 1977ko hauteskundeetan eta PSOEk %28. Hiru urte geroago, aldiz, jeltzaleek %38 eta sozialistek %14,2. Beste modu batez esanda, 1977an PSOE-PCE-UCD-AP konstituzio-alderdiek %56,9 lortu zuten eta 1980an, ostera, %35,53 baino ez. Zer gertatu zen hiru urte haietan?

“Batasuna eta Indarra” izan zen 1977an, Iruñeko Batzar Nagusian, EAJk aldarrikatu zuen leloa eta hiru arlotan oinarritutako estrategia plazaratu: oinarrizko ideia garbiak eta finkoak, autonomiaren aldeko erronka eta alderdi-antolakuntza ordenatua.

Aurren-aurrenik, ideia garbiak, argiak, finkoak eta irmoak, ulerterrazak eta aldagaitzak. APk ez zuen jakin zer egin frankismoaren ondareaz, HB gauza izan ez zen bezalaxe ETArenari aurre egiteko. UCD desagertu, PSOEk marxismoa utzi eta PCEk leninismoa ahaztu. Demokraziarantzako trantsizio hartan, ezein alderdik ez zion jendeak itxaro zezakeenari heldu, EAJk izan ezik. Jeltzaleek 1937ko Eusko Jaurlaritzaren memoriari eutsi zioten, Agirre lehendakaria goraipatu, Leizaola “zaharra” ohoratu, ekin eta jarrai, lehengo lepotik burua. Batasuna eta indarra.

Tajuz eta zentzuz, EAJk asmatu zuen españolismoaren eta burruka armatuaren artean burua kokatzen, abertzaletasuna erradikalismo ideologiko eta pragmatismo politikoaren artean ezartzen jakin zuen bezalaxe. “Bertakoon” euskal boterea aldarrikatu zuen baina, aldi berean, edonor “bertakotzeko" baldintzak arindu eta erraztu. Burujabetza ez zen etorriko Espainiari eraso bortitza eginez, Europaren bueltan baizik. Eta, ezertan hasi aurretik egin beharrekoa, berriz, euskal gizartea erakundetu: Legebiltzarra, Jaurlaritza, Ertzaintza, EiTB, HABE, EVE, SPRI, Euskaltel, Emakunde, ikastolen publikotasuna, kontzertu ekonomikoa... Edo Xabier Arzalluzek laburbildu zidanez Z. ARGIArako garai hartan egin nion elkarrizketan: burujabetza, ekonomia, euskara eta teknologia.

Eta, guztia, ondo asko atondutako alderdi-antolakuntzaren bidetik. Alderdi ordenatua etxerako eta dezente serioa, fidagarria, kanpora begira. Gidari bai, tropel-buru bai, baina tropelak jarrai lezakeen abiadan baino ez. Kontua ez zen sekula izan ahalik eta lasterren abiatzea edo heltzea, ahalik eta jenderik gehien jarraitzeko bestekoa izatea baizik. Eta mobilizazioak, berriz, beharrezkoak baino ez; EAJren filosofiaz, gizarte-mobilizazioa politikaren lagungarri da, baina inoiz ez, ostera, politikagintzaren ordezko.

Berrogei urte geroago, Franco eta ETA historia zaharrak besterik ez dira, euren defenditzailerik sutsuenek ere ahaztu nahi dituzten amesgaiztoak. Nolabait bakundu beharraren beharrez, Gernikako Estatutua onartu ez zuten AP (PP) eta HB (Bildu) antonomiazale bihurtu dira eta PSEk sozialdemokraziaren ikurra galdu du EAJren mesedetan.

Segurutik aldaketa handien ataritan gaude eta auskalo zer gertatuko den hurrengo berrogei urteetan. Baina, badaezpadan, zer gerta ere, EAJ Iruñera itzuli da berriro ere eta, berriro ere, “Batasuna eta Indarra”ren tronpeta jo du.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: