“Aromak” altzairuzko arte-lanen lehen hatsak
Eduardo Chillida jaio zela 101 urte direla-eta, atzo eratu zen, seirehun legazpiarren aurrean, Aromak ikuskizuna, artistaren mendeurrenaren egitaraua amaitutzat jotzeko, eta Haizearen orrazia (1) zein beste hainbat burdinazko eskultura (2) moldatzen lan egin zuten forjariak (3) omentzeko.
Legazpiko Udalaren eta Lenbur Fundazioaren (4) ardurapean eragindako programa ez da txikikerietan geratu. Asier Polo (txeloa), Marta Zabaleta (pianoa), Edurne Zabalo (klarinetea) eta Gorka Hermosa (eskusoinua) musikari ezagunak (5) banan banan deitzea eta elkarrekin jotzen jartzea ez da gau erdiko ahuntzaren eztula. Are gutxiago tarteko badira Blanchard Strings soka bostekoa, Josu Altzelai argazkilaria, Xegun Altolagirre gidoilaria eta Chillida familia tarteko.
Emaitzak merezi izango luke errepikapenen bat edo beste edozein euskal hiriburutan. Zer esanik ez Donostian, ez baita alferrik bertan, legazpierrengandik oparitan (6) jaso zituzten hiru piezen egoitza.
1) Corten altzairuzko hiru pieza dira, bakoitza 10 tonakoa.
2) Toki egin (Madril), Musika isila (Dallas), Askatasunaren atea (Liechtenstein).
3) Eduardo Chillidak eta Patricio Etxeberriak ezustean ezagutu zuten elkar Arantzazuko elizaren atarian, 1954 urte inguruan, artistak donostiarrak sarrerako ateak egiten ziharduela. Ateok Legazpin burutu ziren azkenik, baita, gero, enpresari legazpiarrak pabiloi bat, hamar laguneko lan-taldea eta 25 tona altzairu eskaini ere, Haizearen Orrazia egiteko.
4) Chillida bera izan zen fundazioaren sortzaileetakoa.
5) Hain zuzen ere, Marta Zabaleta eta Edurne Zabalo legazpiarrak dira eta, Gorka Hermosa, urretxuarra.
6) Patricio Etxeberriak ordaindu zituen lehengaiak eta ekoizpen-kostuak.