Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / “Ardiordosa”, zurezko presak egiteko teknika

“Ardiordosa”, zurezko presak egiteko teknika

Amatiño 2022/11/07 23:30
“Ahardiak” dira abere beltzen (zerriak-eta) arteko emeak eta “ordotsak”, berriz, arrak. Beraz, ahardi-ordotsak lirateke gaur egungo ar-emeak edo, hobeto esan, ordenaz esanda, eme-arrak. "Ardiordosa" da zurezko presak egiteko teknika, XVI. mendean, behintzat.

Igartzako (Beasain) jauregiaren sotoan bada gordeta, ikusgai, 1568 urteko zurezko presa,1983ko uholdeak ezustean agertarazi zuena (1). Benetan ikustekoa da, eta ez soilik berezko balio nabarmena duelako, baita Europako beste edozein museotan parekorik ikusteko aukerarik egon ere ez dagoelako.

Lokatzetan murgildua, mendetan ezkutuan, Igartzakoa nola-hala iraun duen bakarra bada ere, teknika aski erabilia izan zen XVI. mendetik aurrera (2), erreka-urak errota eta burdinoletan barrena zeharbideratzeko. Hiru izan omen ziren zurezko presak eraikitzeko tipologiak: “ardiordosa”, “gallur-astoak eta “nasa-baldoak”. Igartzakoa “ardiordosez” egindakoa da.

Oso euskaldun gutxik daki gaur egun zer arraio esangura duen “ardiordosa” hitzak, eta hiztegi arruntak ere ez dira, behar bada, aproposenak aparteko argirik emateko orduan. Baina, muturra sartuz gero, “zerri-ahardi” (edo “ardi”) eta “zerri-ordots” adierak aurki daitezke zenbait hiztegi klasikotan (Azkue, Lhande, Lopez-Mendizabal, Mujika…) eta baita egungo erabilienetan ere (Euskaltzaindia, Elhuyar, Labayru, Sarasola…). Ez, ordea, Larramendirenean, ez eta hiztegi neuronaletan ere.

Aukeran, Aranzadi Elkarteko kideen tankerako ikertzaile eta historialariak (3) dira, arkeologia eta etnografia arloko jarduerak arakatzerakoan, argibiderik gehien eskaintzen dutenak; teknikak, ordenak eta metodoak aztertzeari ekin-eta, egun ahaztua den nomenklatura argitzera ere heldu direnak.

Zer gerta ere, “ahardiak” dira abere beltzen (zerriak eta) arteko emeak eta “ordotsak”, berriz, arrak. Beraz, ahardi-ordotsak lirateke gaur egungo ar-emeak edo, hobeto esan, zehatz esanda, eme-arrak. Hartara, auskalo “machihembrar” (zurezko oholak elkarrekin josi) ez ote litzatekeen “ahardi-ordostu”, hiztegi guztiek “matxinbratu” euskaratu arren.

Igartzako zurezko presa
Igartzako zurezko presa, Europan museoratu den bakarra.

---oo0oo 

 (1) Zurezko presa 1568an. eraiki zen, eta harrizkoa, berriz, 1681ean. Harrizkoa ur behera eta altuagoa egin zenez, zurezkoa ur azpian geratu zen, lehenik, 1982an. harrizkoa bota arte; eta lokatzetan hondoratua, gero,  1983ko uholdeak ezustean agertarazi arte.

(2) Bada 1.800 urte lehenago erromatarrek eraikitako zurezko presen aztarrenik.

(3) La construcción de presas fluviales en Gipuzkoa a comienzos de la Edad Moderna. En torno a tres tipologías: la «ardiordosa», la presa de «gailur-astoak» y la de «nasas y baldos». Mikel Prieto Gil de San Vicente eta Irixoa Cortés.

Ferrerías hidráulicas. Leitzaran. Xabier Cabezón.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: