Kerry eta kerritarrak
Ameriketako Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren biltzarra zela-eta, aurreko astean Bostonen egondako bisitariak bi susmorekin itzuli ziren etxera: Bat, amerikarrek buru belarri bizi dutela politika. Bi, John Kerryk hauteskundeak irabaziko dituela hurrengo azaroan. Susmoa susmo, jakinekoa da lehena ez dela egia, erdiak baino gehiago baitira botorik ere ematen ez dutenak. Eta, antzerako antzeran, bigarrenak ere ez du egia bihurtu beharrik.
Aldi berean, beste bi dira Kerryren lan-taldeak saldu nahi dituen ideia nagusiak: Lehena, barrura begira, Bushek bitan banatu dituela estatubatuarrak eta behar-beharrezko dela berriro hiritarrak batzea. Bigarrena, kanpora begira, Bushek AEBen ohorea auzitan jarri duela munduan zehar eta ordua dela Europarekin hautsitako zubiak berriro eraikitzeko eta galdutako izen ona berreskuratzeko.
Azterlariek diotenez, terrorismoa, segurtasuna, fedea, indarra, ahalmena eta boterea omen dira Bushek gehienbat aipatzen dituen ideiak. Kerryk, aldiz, baloreak, ardura, itxaropena, laguntza eta erantzunkizuna omen ditu batez ere gogotan. Baina biek, batak zein besteak, behin eta berriz errepikatzen duten lelo berbera zera da: Amerika, Amerika eta Amerika… Amerika bailitzan benetan jokoan dagoena edota, gutxienez, estatubatuarren bihotzak errazen hunkitzen dituen aldarria.
Auskalo gero, Amerika ezezik, azaroko hauteskundeetan jokoan dagoena ez ote den hurrengo urteetako nazioarteko politikagintza. Baina, horrela balitz ere, estatubatuarrak izango dira botoa ematerik izango duten bakarrak. Munduko hiritar guztiek botoa ematerik balute, badakigu nork irabaziko lukeen. Baina, zoritxarrez, AEBetako hiritarrek baino ez dute aukera hori izango eta, behar bada, gainerakoek nahi ez genukeenari emango diote.
Amatiño
Oharra. 300 milioi biztanleko Herrian, Alderdi Demokratak 30.000 lagun biltzen ditu lau urtetik behin. Nik ezagutzen dut beste alderdi bat, 3 milioi biztanleko Herrian 90.000 lagun biltzen dituena urtero