Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Euskal Herriko burusoilak hipokratikoak dira

Euskal Herriko burusoilak hipokratikoak dira

Amatiño 2024/08/11 23:55
Euskal Telebistak bildu berri ditu gazterik samar burusoildu diren zenbait emakumezko eta gizonezko, eta euren ajeak kameraren aurrean kontarazi. Denetariko iritziak baina, batez beste, berdinezak andrea ala gizona izan.
Euskal Herriko burusoilak hipokratikoak dira

Hipokrates, 290 k. a.

Amatiño aittitta, 1951
Amatiño aittitta, 1951
Arrek, nahiz eta, aukeran, burusoiltzerik nahi ez, ez dira ilerik ezaz lar arduratzen. Emeentzat, ordea, oro har, arazo larria da. Zenbaitek esango du, garrantzia kentze aldera-edo, arazo kulturala baino ez dela, baina hitzetik hortzera kultura goresten eta baliosten den gizartean ez gara gero ikuspegi kulturala hutsaren hurrengotzat jotzen hasiko.

 

Gainera, ez da egia irudi-kontu hutsa baino ez denik. Zeharo ezberdina da burusoiltasuna, andrazkoen ala gizonezkoen artean izan. Emakumeei ilea erori egiten zaie; gizakumeei, ostera, ez zaie gehiago ateratzen. Ez da berdin. Gizonen kasuan burusoiltasunak etorki genetikoa du, eta genetikak joko gehiago ematen du harrotzeko, errudun sentitzeko baino. Baina emakumeen ile-jausiaren jatorria emakumearen beraren gaixoren bati edo besteri leporatu ohi zaio gehienetan eta, hartara, emakumeak errazago du bere burua errudun sentitzeko joera.

Aitona biak burusoilak izan nituenez gero, gaztetandik sumatu nuen burusoil amaitzeko puzkarri asko neuzkala. Hain zuzen ere, Franco hil baino lehenago burusoila nintzen ni. Aspalditxotik, beraz. Bizitzaren lehen herenean baino ez dut nik ilerik izan, ondorengo heren bietan bekoki luzekoa izan naizen artean. Hartara, nire kasuan behintzat, burusoila izatea ez izatea baino erabat ohikoago eta normalagoa iruditu izan zait ia beti.

Ez zait txarto joan. Inork ez dit sekula kontatu ahal izan zeintzuk diren buru iletsuaren  abantailak, baina ilerik ezaren alderdi onak, ostera, nabariak dira: higienikoagoa da, ez dago orraztu beharrik (ez dut azken mende erdian orrazirik ere eduki, are gutxiago galdu), eta euri-lanbro edo zirimiririk den ala ez zehatz igartzeko ez dago burusoil izatea baino radar hoberik. Andaluzian ez dakit, baina Euskal Herrian, behintzat, sekulako aldea.

Hipokrates bususoila zen

Gainera, Hipokrates –zientzia medikoaren aita— lehena izan omen zen jabetzen, testosterona, burusoiltasuna eta sexu-ahalmen handiaren arteko zerikusiaz. Gaur egun jakinekoa (omen) da burusoilek ez dutela iletsuek baino testosterona eta sexu-gaitasun gehiago. Inork ez bide daki, ordea, zertan oinarritu ote zen maisu greziarra orain 2.200 urte irizpide hartara hurreratzeko.

Arrazoi bi izan zitezkeen. Lehena, Hipokrates bera burusoila zela, eta arrazoi objektibo horrek eraman zuela sexu-kontuetan subjektibo izatera, nahiz agerian zientzialaria izan, sakon-sakonean, burusoil ezezik gizakume soil ere bazen-eta. Bigarrena, burusoilak umoretsu samarrak omen direnez, adarra jotze aldera baino ez zuela maxima hura astelehen buruzuriren batean agora erdian jarri. Ea zer pasatzen zen... 

Dena den, auskalo burusoilak benetan umoretsuak ote diren. Ez dakit bada. Euskaldunak, behintzat, ez askorik. Jose Antonio Bastegieta "Marko"ren eraginez, 1997an sortu zen “Euskal Herriko Buru Soil Humoredun Elkartea” eta, belaunaldi bat geroago, ez dira oraindik irribarrezko weborririk tristeena ere moldatzen ausartu. Konplexu hutsa. Hipokratiko samarrak ote?

Eibar futbol taldea

Buru soil elkartea

Markos Zapiain
Markos Zapiain dio:
2024/08/13 18:01
Eskerrik asko, Amatiño, orain badakit zer erantzun gero eta sarriago entzun behar ditudan “kartoia ikusten zaizu”, “Istanbulera joan beharko zenuke” eta abarrei: “ez naiz burusoila, baizik eta bekoki zabalekoa!”
Oier Gorosabel
Oier Gorosabel dio:
2024/08/21 17:19
Arraixua! Ez najenkixan ni zuen elkarte honen barri. Igual hurrenguan Marko Pollora juaten naizenian, Bastegietari sartzeko eskatuko jetsat, beti han egoten dok-eta.

Markina-Xemeinen be, 1990-2000 hamarkadan behintzat, ezagutu najuan beste bat, "Ile Emaileen Elkartea" izenekua, halako estatuto formalik bakua baiña. Dokumentu eta kartel guztiak lelo honekin amaitzen jittuezen: "EZ AHAZTU: EMAN ZURE ILEA!".
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: