ETB: “egin beharrekoa egin”
Jakinekoa da 1983ko Urteberri egunaren lehen segundoan ekin ziola ETBk bere aurrenengo programazioari. Ez da horren jakina, ordea, erditze hura erlojupeko lasterketa izan zena.
Kontu izan EITBren legea aurreko maiatzean onartu zuela Eusko Legebiltzarrak eta, hartara, zazpi hilabetean burutu behar izan zela ia dena. Zazpi hilabete non kokatu erabakitzeko, egoitza eraikitzeko, tresneriaz hornitzeko, sarea hedatzeko eta jendea prestatzeko. Egitasmo teknikoa Josu Zubiaurren zuzendaritzapean bideratu zen, uztailetik abendura bitartean, eta ekoizpen-arloan, berriz, Iñaki Beobide buru-belarri aritu zen, lehen aurkezletza zein bikoizketa ikastaroak eragiten eta, urrian, bidaia antolatzen, aurrenengo berrogei lagunek prestakuntza-ikastaroa egin zezaten Hanburgon. Fikzioaren lehen urrats guztiak, berriz, Martin Ibarbiak jorratu zituen.
Abenduaren lehen astean, Eusko Jaurlaritzak EiTBren zuzendari nagusi izendatu zuenean Andoni Areizaga, honek bazekien Kultura Sailaren gurari politikoa urte berriarekin batera hastea zen arren, kontrol-gela nagusia ez zena denboraz helduko, eta kontrol finkoaren ordez unitate mugikor soilaz baliatu behar izango genuena. Are larriago, noiz helduko eta… Eguberri aurretik, ozta-ozta.
Abenduko bigarren hamabostaldian Iurretan lanean hasi ginen kazetariok bertatik bertara ikusi genuen –artean berogailurik gabe-- azken arotz-lanak amaitzen, leihoetan kristalak jartzen, lan-mahaiak egokitzen, idazmakinak (mekanikoak, jakina) kokatzen eta lehen boligrafoak erosten. Ez dut uste, ordea, inor urduriegi zegoenik. Zelan edo halan, "egin beharrekoa" besterik ez zen.
Azkenean, Hanburgon apropos prestatutako berrogei teknikari, ekoizle eta kazetariak tarteko, 1983ko Urteberriaren goizaldeko lehen segundoan ikurrinaren irudia “jaso” zen Iurretatik Oiz mendira, hemendik Jaizkibel gainera abiatu, eta handik, haranez haran, Euskal Herrian barrena “jaitsi”. Baita hiru ordu inguruko lehen programazioa eskaini ere.
Horretarako, Sareetako hainbat teknikarik, Eugenio Iriondo Teknika Zuzendaria bera tarteko, gau osoa pasatu behar zuten Oiz eta Jaizkibel tontorretan transmisoreak bertatik bertara zaintzen, inondik ere seinalea hautsi ez zedin, eta "egin beharrekoa" egin zedin.
Biharamunean Kataluniatik deitu ziguten telefonoz, dena ondo atera ote zen jakin gurarik eta guardia zibila agertu al zen galdetuz. Aurrena, bai; bigarrena, ez. Eta beraiek erantzun: “ba, hurrengoan, geu”. Bederatzi hilabete gehiago behar izango zituzten.
ETBren erredakzioa, orain 40 urte, 1982ko Eguberritan. Leihoetako kristalak jarri berriak (atzekaldean, instalatzaileak) eta, bistan denez, bota handiak eta berogailurik ez. Artean, mahaiak kokatzeke, ez idazmakinarik, ez paperik, ez ezer. Lehen kazetari-taldea, berriz, ezkerretik eskuinera: Luis Aranberri, Mikel Urretavizcaya, Estepan Aldamiz-Etxebarria, Maria Francisca Fernández Vallés, Andoni Basabe, Edorta Arana, Maripi Solbes, David Barbero, Xabier Zaldua, Aingeru Epaltza eta Luis Mendizabal.
ETBren aurreneko lan-taldea, teknikari, ekoizle eta kazetariak. 1982-2022