Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / 1975eko euskal konklabe eibartarra

1975eko euskal konklabe eibartarra

Amatiño 2023/07/19 09:30
Ez dut uste argazki asko izan daitekeenik, Serafin Basauri, Juan San Martin, Odile Kruzeta, Jenaro Garate, Jesus Mari Arrieta, Antxon Narbaiza eta Imanol Laspiur, aldi berean, jasotzen dituenik. Baina bat edo beste, behintzat, bada.
1975eko euskal konklabe eibartarra

Basauri, San Martin, Kruzeta, Garate eta Arrieta

Besterik izan zitekeenik pentsatzea ez da erraza, ez dut-eta uste zazpikote hori elkarrekin afaltzeko sarri biltzekoa zenik. Behar bada, behin baino ez eta, hain zuzen ere,  argazki-makina eta guztiko zortzigarrena bertan egokitu. Orain edonork darama soinean argazkiak ezustean ateratzeko tresnaren bat. Duela 50 urte, aldiz, apropos eraman behar izaten zen makina.

Ez dakit, zehatz, zein urtetakoa den, baina, seguru asko,1972etik 1975era bitartekoa izan behar du. Jakineko bi datu: Jesus Mari Arrieta 1970ean. etorri zen estreinako Eibarrera,  Azitaingo apaiz gazte. Ni, berriz, 1972tik 1975era arduratu nintzen Zeruko Argia astekariko “Zenbat Gara" kronika-sailaz,  “Deia” egunkarian kazetari hasi aurretik, Franco 1975eko azaroan hil ostean.

Edozein modutan, nekez izan zitekeen 1975 urtea baino askoz lehenago, Odile 1957ko azaroan jaioa baita eta, beraz, artean 17-18 urte besterik ez. Hala ere, adinagatik gaitz samar izan arren, ez ordea ezina, Odilek 14 urterekin ekin zion-eta,  1971an.,  Zeruko Argiaren Eibarko berriemaile izateari. Hartara, gaztetxoegia, agian,  bere gurasoen adinkide ziren hainbat nagusirekin afaltzera joateko baina, bete-betean zegokion bertan egotea,  ordurako Eibarko albiste-biltzaile zenez gero. 

Ontzat-edo emanez gero afaria 1975 urtekoa dela, orduan Juan San Martinek 53 urte inguru zituen artean, Jenaro Garatek 48, Imanol Laspiurrek 46,  Serafin Basaurik 40, Jesus Mari Arrietak 28, Antxon Narbaizak 27, Odile Kruzetak 18 eta argazkilariak 30.

Ezin esan afaria non izan zen. Leihoa, gortinak eta loreontzia ez zaizkit batere ezagunak egiten. Inongo sotoa ez da, antza (Azitain ote? Kanposantua?). Baina seguru, gero, afaria zela, mahaia erdi jasota agertu arren, zotzontzia, hautsontzi parea eta erabilitako eskuzapiak han-hemenka sumatzen baitira. Horrez gainera, mahaikiderik gehienek patxar-kopa dute aurrean. Odilek, ura. 

Bestalde, Imanol Laspiurren ezker-eskuinean asmatu ezinezko beste bi mahaikide daude. Biak ezezagunak eta betaurrekodunak.  Antxonen aldamenekoa nor izango eta, ustez izan zitekeenari galdetu diodan arren, ez omen da afari horretan egon zenik  gogoratzen. Eta gogoratzekoa ematen du.

.

Eibarko euskal konklabea 1975
Ezkerretik eskuinera, Juan San Martin, Odile Kruzeta, Jenaro Garate, Jesus Mari Arrieta, Antxon Narbaiza, ezezaguna, Imanol Laspiur eta ezezaguna.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: