Nere bloga, zure bloga, bere bloga
Bai, nik ere neure bloga daukat. Behar bada ez da irakurleak interneten aurkitu dezakeen blogik onena baina hobetuko da. Egia esan, oraindik ere ez dakit zertarako balio duen baina ikasiko dut. Orain arte zeregina baino ez dit eman, baina hor dago, hor NAGO.
Zenbait errolda-etxek dioenez, "jakineko" hiru milioi inguru blog omen daude munduan zehar. Erdiak baino gehiago ingelesez (%65) eta gainerakoak frantsesez (%6), portugaldarrez (%5), persieraz (%4), alemanieraz (%3), espainieraz (%1), italieraz (%0,5), katalanez (%0,3) eta baita euskaraz ere... ehunen bat edo. Hala ere, askoz ere gehiago dira, antza, erroldatubakoak, Estatu Batuetan soilik sei milioi (helduen arteko %5k) ei dira-eta blogen bat indarrean dutenak.
Bai, baina... zertaz ari gara? Ze arraio da bloga? Auskalo gero zelan berba gutxitan esan. Han-hemenkako definizioei jaramonik egingo badiegu, bloga interneteko web sinplea baino ez da, norberaren artikulu, dokumentu eta argazkiak jarri ahala, ordena berean pilatzen dituena. Beste modu batez esanda, blogak norberaren ideia, burutazio eta gainerako txorakeriak jendaurrean azaltzeko eskaparate erraz, merke eta irekia da.
Blogak ez du oraindik hizkuntza berezirik sortu. Lehenagotik asmatuta dauden generoen (egunkari pertsonalak, lagunen arteko harreman epistolarrak, gertakarien kronikak, iritzi-adierazpideak, barne-gogoetak, bertso-paperak, dokumentazio-pasarteak...) bilduma besterik ez da bloga. Oraindik eusgailu elektroniko hutsa baino ez. Baina, zalantzarik ez gero, abian-abian aparteko genero bihurtuko dena eta, zenbait urteren buruan, jendarteko komunikazio arrunta izango dena.
Aurreko astean Eibarren bildu ziren, Arrateko Amaren altzopean, Eibar inguruko hogeiren bat lagun eta aho batez erabaki zuten bai Eibarko internauten komunitate berriaren barne-kudeaketa finkatzea eta baita blog bana sarean jartzea ere.
Detxeparek 1545an esan zuen bezala : Euskara, ialgi hadi blogera¡
Amatiño