Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Mafia iraultzailea

Mafia iraultzailea

amat 2004/10/17 16:21

Gure-gureak diren sukaldariek zerga iraultzailea ordaindu behar izan omen dutela eta, horra albistea komunikabide guztietan. Hala ere, zorigaiztoko zerga iraultzaile hori ez da gurean batere berria. Hogeita hamar urte bai nik neuk zubigintza-lanetan jardun behar izan nuela estreinako eta, oraindik orain, hurbileko bi adiskide inguratu berri zaizkit zer egin ote dezaketen galdetuz. Bietako bat nere etxetik berrehun metrora jendaurrean dagoen dendaria.

Besterik uste izan arren, zerga iraultzailea ez zaie gehienetan korporazio haundien babesa duten goi mailako zuzendariei iristen, inondik ere horrelakorik itxaro ez duten enpresari txiki, merkatari, dendari eta lanbide arruntei baizik. Zerga iraultzaileari ezikusi egiten diogun arren, zurekin eta nerekin kalean topo egiten duten herrikide ezagunei eskatu izaten zaie.

Kontua da inork ez duela ezer esaten, ezin duela inork ezer esan alegia. Giza-eskubideak hitzetik hortzera aipatzen ditugun honetan, zerga iraultzailearena da edozein laguni ezarri dakiokeen torturarik ankerrenetakoa, bere burua batere defentsarik gabeko biktima sentitzeaz gainera, biktima denik oihukatzeko ere beldur delako, emazte eta seme-alabei esateko ere beldur. Erabateko burugalgarria da zerga iraultzailea jasoten duenaren bakardadea.

Auskalo zein den zerga iraultzailea eskatzeari dagokion deitura objektiboa baina sumatzen dut dena delakoa nekez izan daitekeela mafia hitzetik oso urruti. Hori bai, iraultzak bedeinkatutako mafia, gu guztiok auskalo zein arriskutatik salbatzeko eta Herriaren izenean, jakina.

Sukaldariei ez zaie heroiak izatea eskatu behar, ahalik eta sukaldaririk onenak izatea baino. Nik neuk ez dakit irakurle zaren horrek zer egingo ote zenukeen noizbait zerga iraultzailea eskatuko balitzaizu. Baina benetan uste dut bere burua abertzale berotzat duen makinatxo batek erraz alde egingo lukeela, are gehiago bere diru-iturria, instalazio fisikoa baino, know-how intelektuala balitz.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: