Kazetarien fikzioa
Alderdiek elkarrekin hitzegiten dutela eta, komunikabideek albistetzat jo dute betidanik eta etengabe gertatu izan den zerbait: alderdien arteko komunikazioa alegia. Egunkariren batek lehen orrialdean eman du Urkullu, Egibar, Otegi eta Permachen arteko jarduna. Lauretakoren bat Euskal Herritik kanpora biziko balitz edo... euretariko norbait klandestino samarra balitz... tira¡ Baina ez al dira ba laurak legebiltzar bereko parlamentariak? Zein da albistea?
Beste egunkariren batek deskubritu bide du Alderdi Sozialistaren ordezkariak Batasuna izanakoekin harremanetan ari direla. Jakina. Beti izan da horrela. Batasuna eta sozialistak elkarrekin biltzen ari zirela erail zuen ETAk Fernando Buesa. Ez gero ahaztu.
Sarri asko kazetariok hitzegiten dugu oraindik ere XX. mendean biziko bagina bezala. Globalizazioa, digitalizazioa eta teknologia berriak hitzetik hortzera aipatzen ditugu baina gero, praktikan, uste dugu politikariak telebista-kamera eta argazki-makinen aurrean baino ez direla biltzen.
Alegia, XXI. mendean, edozein pitxitxik eskukoren bat duen garai honetan, politikariek, elkarrekin hitzegiteko, kazetarien lekukotza behar izango balute bezala.