Martin Ugalde, argimutila
Martin Ugalderen heriotzaren ondotik irakurri dudan guztiaren artean Mikel Atxagak adierazitako “zubigintza” azpimarratu nahi nuke. Bai, Martin Ugalde, batez ere, zubigile izan zen. Eta ez orain horren komenigarritzat joten den irizpide politiko kontrajarrien arteko zubigile, belaunaldi, gizamolde eta eratorri ezberdinen artekoa baino.
Orain 30 urte Euskal Herri honetan suspertu zen erakunde-prozesuak sekula ez dio behar beste eskertuko Ugalderi garai hartan nora ezean zegoen hainbat gazteri eman zion argipidea. Atxagak esan bezala: Aurrekoen berririk gabe hazi ginen belaunaldioi gerra aurreko belaunaldiaren berri eman zigun.
Gauzak ez dira beltzak ala zuriak izaten, are gutxiago gaur egungoa bezalako gizarte konplexu eta informatu honetan, baina orain 30 urte egoera guztiz bestelakoa zen. Orduko gazteriarik gehienak oso informazio gutxi zeukan eta zerbait zekitelakoan zeuden apurretarik gehienek ere, liburu, eskola, giro edo iturri bakarrekoak ziren. Ez genekien nondik nora gentozen eta ez genuen batere argi nora arraio joan behar genuen. Jakin bagenekien Franco zela etsaia. Ez genuen horren garbi, ordea, zein ote zitekeen Franco hil osteko aukerabidea.
Azken 25 urteotako erakundetze-prozesua ez da behar bada zerutiarra izan baina, esanak esan, bai behintzat orduko amesgaiztoek iragarri ziguten baino askoz ere oparoago. Eta, alderantziz, orduan agintzen ziguten epika, lirika eta errotolika liluragarriak inork orduan ames litzakeen baino antzuago eta trajikoagoak bihurtu dira.
Martin Ugalde ez zen, segurutik, garai hartako argimutilik bakarra, baina bai kulturgintzan eta euskalgintzan ari ginen zenbait gaztek bide zidorrean aurkitu genuen politikorik sinesgarrienetakoa.
Hainbeste entsegugile teoriko eta eskarmenturik gabeko politologo artean, Martin Ugalde idazle eta kazetari euskaltzalea Eusko Jaurlaritzaren lehendakari-orde izana zen erbestean, Euzko Gaztediren lehendakari Caracasen eta “Alderdi” aldizkariaren zuzendari. Eta sinetsi egin genion.