Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Indarkeria, haurren begitan

Indarkeria, haurren begitan

amat 2004/09/10 20:30

Ezagutzen ditut nik Osetiako eskolako sarraskiaren irudiak agertu zirenean telebista itzali zuten gurasoak, alboan zituzten haurrek trajedia hura ikusi ez zezaten. Erreakzio hori bat-batekoa da, ez da aurretik ikasitako jarrera, ez denboraz pentsatutako erabakia.

Galdera ezin bestekoa da: Zergatik gurasoek mozten dituzte Txetxeniako terroristen ekintzak eta ez, ostera, esate baterako, Terminator-en gehiegikeriak edo Markoren larrialdiak? Ba lehenengoak egiazkoak direlako eta bigarrenak, aldiz, fikzioa baino ez. Eta esaera zaharrak besterik dioen arren, errealitatea beti delako fikzioa baino gehiago. Onerako edo txarrerako.

Zenbait filme eta telebista-programaren fikziozko biolentziak, sexuak eta morboak sarri eragin izaten dituzte kritika, polemika eta kexu asko, egiazko biolentziak, sexuak eta morboak inor gutxi asaldarazten duten bitartean. Berrogeiren bat urte dira zenbait komunikabide-aditu hasi zirena esaten errealitatea (zentzurik zabalenean) fikzioa baino askoz ere eranginkorragoa zela eta, beraz, baita dezente arriskutsuagoa ere.

Glasgow Unibertsitateko soziologoa zen 1986 urtean neri esan zidana, Eskoziako haurrengan eragin kaltegarriago zutela Ipar Irlandatik jasotzen zituzten albisteetako informazio-bideoek, filme amerikarrik gogorrenaren biolentzia-irudiek baino. Hala ere, ez gizarte zibilak eta ez politikoak ez dute sekula polemika hau biztu nahi izan. Errazago, erosoago eta... demagogoagoa da telebistetako programatzaileei errua leporatzea.

Haurrak umeak dira baina ez ergelak. Haurrek badakite zer den errealitatea eta zer den fikzioa. Haurrek badakite Osetiako haurrak eurak bezain benetakoak direna eta, beraz, eurei ere gerta dakiekeena. Haurrek ondotxo dakite Matrixen desintegrazioak joko digital distiratsuak baino ez direna eta Beslango gimnasio zaharra, ostera, bene-benetakoa. Haurrek badakite gaur egungo zenbait “reality” gau erdiko pornoa baino lizunago eta obszenoagoak direna.

Eta, Osetiako irudiei esker, badirudi azkenean gurasoek ere ikasi dutela.

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: