Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Zuberoako aztibegia

Zuberoako aztibegia

amat 2004/09/05 19:19

Kalean da Joseph Zabalo historialariaren “Xaho: El genio de Zuberoa” liburua, Agosti Xaho zenaren bizitza eta lanen azterketa. Denok dakigu Xaho zuberotarra izan zela, Aitor-en mitoaren sortzaile eta hainbaten ustez (Justo Garate, Koldo Mitxelena, Eugène Goyhenetxe) Sabino Aranaren aurreko lehen abertzalea. Zabalok, ezer ukatu gabe, zenbait ñabardura egiten du eta edozenbat ikuspegi ezezagun eskaini, zehaztasun eta garraztasun haundiz.

Segurutik Xaho denetarik izan zen: errepublikazale eta karlista, abertzale eta jakobinoa, filosofoa eta kazetaria, historialari eta esoteriazalea, hizkuntzalari eta folklore-aztertzailea, homosexuala eta astapotroa... baina, gauza guztien gainetik, bere Herria neurri eta mugarik gabe maitatu zuen euskalduna.

Neurririk eza izan zen, hain zuzen ere, bere burua “azti-beghi”tzat zuen zuberotar bero, gartsu eta ameslari honen galbidea. Sekula bere emozioak, konplexuak, eskasiak, ezinak eta barne-malurak gainditu ez zituen gizon bakartiar honek noiz handiagoak esango jardun zuen bere bizitza guztian zehar, azkenean errukigarri amaitu arte: Xaho gizajoa¡

Lehen abertzalea izan omen zen Xaho. Bai, baina. Xaho aintzindari izan zen segurutik euskal nazioa aipatzen, euskaldunen nazio-batasuna aldarrikatzen eta askatasuna oihukatzen. Baina, aldi berean, frantziar errepublikaren “handitasunean” sinesten zuen eta, bere ustez, Iparraldekoak ondo zeuden zeuden lekuan, Nafarroa Nafarroa zen eta Gernika inguruko hiru probintziak ziren “Espainiatik aldegin beharra” zuten bakarrak.

Amatiño

Oharra: Aurreko astelehenean eskaini genuen hemen “Eusko” kantaren bertsio bat. Alejandro Aginaga zarauztarrak bidali digu, eskuz idatzita, Emakume Abertzale Batzeko Maria Lizundiak 1934an irakatsitakoa: “Euzko, euzkotarrak gara / ta maite degu Aberria / Euskalerria /. Lenbizi Jaungoikoa / ta bigarren lege zarra / gora Euzkadi laztana / gora Sabino Arana /. A aupa mutillak / goratu zagun Euzkadi / askatasuna emanaz berari/. “ Eta, bukaeran, deadar egiñez: Gora Euzkadi Askatuta¡

etiketak: Artikuluak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: