Ikasitakoa desikasten ikasten
Freebase, Wikipediatik haratago
Oraindik "alpha" bertsioan, baina ikusi duguna ikaragarria da. Gonbidapenez sartu behar da, nik duela bi hilabete eskatu nuen eta pasa den astera arte ez zait etorri.
Honez gero badakizue Wikipedia zer den: artikuluetan egituratutako informazio entziklopedikoa, auzolanean sortua. Ez dago egitura zehatzik, nahiz eta zenbait etiketa jakin erabiltzen diren zenbait gauza etiketatzeko.
Freebase datu basea da. Creative Commons eta Public Domain moduan dauden edukiak hemendik eta handik hartu, eta modu egituratuan aurkezten ditu. Norberak kargatu dezake edukia, laguntza handiekin. Adibidez, Eibar taldearen fitxan futbol zelaia gehitu nahi badugu, baliteke norbaitek aurretik futbol zelaiak gehituta izana, eta hura azalduko zaigu aukeran "Ipurua" jartzen dugun momentuan.
Edukia kargatzeko API izugarri irekiak, baita edukia berrerabiltzeko ere. Nahi izanez gero, edozein web aplikazio garatu daiteke Freebase-ren datuetan oinarrituta.
Ikusi beharko dugu nola doan aurrera, baina interesa baduzue, egin gaur bertan sarrera eskaera.
Eguneraketa 2007/08/23: Gaurtik aurrera Freebasen sartzeko ez da gonbidapenik behar. Denontzat irekita.
Ez behartu loturak leiho berrian
Mesedez, web garatzaile eta eduki kudeatzaileei eskaera: ez zabaldu loturak nabigatzailearen leiho berri batean, ez egin target="_blank" .
Zergatik?
- Erabiltzaile aurreratuek, beraiek erabakitzen dute noiz zabaldu leiho berri bat, eta normalean ez da leiho berria izaten, fitxa bat baizik (Firefox-ekoa eta azkenaldian Internet Exploderrak ere).
- Oinarrizko erabiltzaileen kasuan, gehienek ez dakite Windowsen bi aplikazio batera irekitzeko modurik dagoenik ere, ez dakite atazen barran klik egin eta Word-etik Excelera pasatzen. Erabiltzaile horiei leiho berri bat zabaltzeak nahastea bakarrik sortzen die. Askotan leiho berriak zaharra osorik estaltzen du eta atzerako botoia galtzen dute (estatistiken arabera Atzera botoia omen da Interneteko erabiltzaile arrunt batek egindako kliken %50a)
Honen atzean nire ustez garbi dago kontrolaren kontua. Telebistan programa bat ikusten hasi eta daukagun aukera bakarra kanala aldatzea da. Sarean guk daukagu kontrol osoa eta guk aukeratzen dugu zein kanal (webgune) erabili nahi ditugun eta zein ordenetan joango garen webgune barruan eta bai noiz aldatzen dugun. Zergatik behartu erabiltzaile bat leiho berria zabaltzera?
Asko entzuten dudan beste arrazoi bat da "baina erabiltzaileak nire webgunetik joango dira eta ez dira itzuliko". Hau ez da horrela. ATZERA botoiari klik eginez erraz iritsiko da jatorrira erabiltzaile arrunta.
Are gehiago, erlaitz edo leiho anitzekin ondo moldatzen ez diren erabiltzaileek ATZERA botoiari eman arren ezingo dute zure webgunera itzuli, beraz orduan bai galduko dituzula.
Bestalde, zer ari zara erabiltzailea zure webgunera lotu nahian? Nahi badu joango da eta ez da inoiz itzuliko, eta nahi badu egunero etorriko da zure webgunera. Horixe da Interneten abantailetako bat erabiltzaileentzat. Ez daude zure webgunera lotuta eta zuk lana egin beharko duzu berriz etorri daitezen. Zure zerbitzua edo edukiak interesgarriak diren neurrian itzuliko dira. Mugaraino eramanda galdera: Googleren bilaketa emaitzak automatikoki leiho berri batean zabaltzen dira?
Oraindik okerragoa da leiho berri bat zabaldu, eta gainera JavaScript bidez leihoaren tamaina zehaztea, a posteriori (ez jatorriko orrian). Horrek eragiten dit adibidez efektu oso desatsegina Eitb.com-en webgunean, bideo bat ikusi edo audio bat entzutera noanean, Firefox osoa aldatzen bait dit tamaina berri horretara.
Salbuespenak:
Beti bezala, zenbait salbuespen badaude:
- PDF, Word eta antzerako dokumentuetara loturak: Hauek bai, komeni da leiho berrian zabaltzea, nabigatzailea ez diren beste aplikazioak zabaltzen dituztelako, eta askotan dokumentua irakurri eta ixtean nabigatzailea itxi dezakegulako. Akabo Atzera botoia eta ingurunea.
- Lotutako webgunea mahaigaineko aplikazio baten antzekoa denean. Hau da adibidez GMail edo Google docs-en kasua. Mahaigaineko aplikazio baten antzekoa zabaltzen ari gara kasu honetan.
...eta publizitatea (bannerrak) nire ustez ez dira salbuespena.
Eguneraketa: Hemen gaiarekin lotutako loturak Links in new window
Botoitis
Euskal Interneten proiektu askotan nahastuta nago, onerako eta txarrerako. Azkenaldian botoi bat jartzeko eskaera etorri zait bide desberdin askotatik. Botoi horrekin webgune batetako albisteak, artikuluak edo nobedadeak beste webgune batetara joango dira. Ez dut botoia jartzeko asmorik, eta iritzia eskatu didaten guztiei azaldu diet.
Ez dut nahi, beharrik ikusten ez dudalako, badudalako lehendik webgune horretara albisteak bidaltzeko ohitura, eta horretarako ez delako botoirik behar. Gainera, botoiak jartzen hasiz gero, ehunka botoi jarriko nituzke, beste hainbat webgunetakoak eta ez da plana nire bloga botoi hutsez beteta egotea.
Botoiaren benetako efektua propagandakoa da, helburu den webgunearen propaganda, eta uste dut horrek berdintasuna apurtzen duela. Zergatik jarri webgune horri propaganda eta ez beste inori?
Bestalde, webgune horren inguruan komunitate bat antolatu da, eta hara! komunitate horren partaide izateko, ditxosozko botoia jarri beharra omen dago. Eta orain arte formalki antolatu gabeko komunitate partaide sentitu garenok zer? Botoirik ez badugu jartzen, ez gara komunitate horretako partaide? Ez dugu merezi aipamenik ere ez?
Bukatzeko, ez dut zalantza izpirik ekimenaren bultzatzaileak guztiz intentzio onenarekin dabiltzala, eta merito handia dutela euskal Internet komunitatearen alde hainbeste lan egiteagatik, eta "ni pagado ni agradecido" esango dute agian. Baina begira, nire aldetik horrela ikusten dut. Noski, jarraituko dut nire burua komunitatearen barnean sentitzen eta kolaboratzen, zerrendan ateratzen ez banaiz ere.
Deskonferentzia Yahoon
Gure ibilbide amerikarra bukatzeko gaur eta bihar Yahoon gaude, informazio geografikoarekin lotutako WhereCamp-ean .
Bi lagunen artean antolatu dute, Yahoo-ri astebururako ikastaro gela batzuk eskatu, babesle batzuk ere bilatu, eta listo, Internet bidez propaganda egin ondoren. Goizean, lehenengo orduan, bilera orokorra. Interesatzen zaizkigun gaiak azaleratu, ordutegi bat jarri eta aurrera! Dena modu desantolatu-koordinatuan.
Partehartzaileak, lehenengo mailakoak. Yahoo eta Google bezalako enpresetako hackerretaz aparte, handik eta hemendik etorritako beste jende interesgarri ugari. Denak ikasteko eta erakusteko prest, lotsarik gabe jeiki, denon aurrean jarri eta mila proiektu azaleratzen ari gara horrela.
Kontaktuak ere oso onak, pentsa Tagzaniaren konpetentzia diren enpresakoen lagunak ere egin gara eta informazio interesgarri piloa trukatu dugu, baita dauzkagun arazo amankomunak sakonki aztertu ere. Eta hori dena, Yahoo-ren toki zoragarri honetan!
Argazkiak biltzen ari gara hemen: Flickr - wherecamp
Bihar bukatzen da hau. Aireportua 15 minututara daukagu, sartu eta denboraren tunelean sartuta, astelehen iluntzean azalduko gara Loiun, hemen kargatutako pilekin lanera. Ideia piloa daramagu, ez dakit hegazkinean kabituko garen.
Googlek Panoramio erosi du
Arratsaldeko atsedenetik nire aulkira itzuli naizenean Luistxo etorri zait, abisatuz Eduardo Manchon eta lagunak han zeudela, eta eman didate albistea (artean sekretua): Googlek erosi ditu. Poz haundia hartu dugu eta argazkia atera dugu:

Panoramio eta Tagzania
Handik pixka batetara, beraien jefe berriak eman du albistea:
Where 2.0: iPhone seen! Google purchases Panoramio
Aspaldi ezagutzen dugu Eduardo, asko irakurri diogu eta ikasi dugu berarekin Usability edo erabilgarritasunaren inguruan. Sustatun ere idatzi izan du: Erabiltzaile profilaren eboluzioa
Aupa Panoramio! biba zuek!
Skype 2007
Izango dira 4 urte Skype frogatzen ari naizela telefonoz hitz egiteko, eta orain arte nahiko esperientzia eskasak izan dira.
Baina hori azkenaldian aldatu da, eta froga modura Silicon Valley-ra etxera hitz egiteko prest etorri naiz. Etxean webcam-a jarri, azalpenak eman eta Macbook-ean ere Skype instalatu dut.
Oso emaitza ona! egunero ikusten ditut andrea, umeak eta han inguruan dabilen beste edonor. Emozionantea benetan. Kontutan izan behar da gainera gure etxean 330 Kbps-ko Euskaltelen Internet lotura dugula, eta hala ere oso ondo dabil!
Gaur berriz hitzegiten badut kargatuko dut pantaila zati bat, ikus dezazuen.
Eguneraketa: kasualitatea. Hau idatzi behar nuen hain juxtu, albiste hau atera den egunean: Skype abandona Europa continental
Hor esaten denez doako telefono zerbitzuaren erabilera oso ondo dabil, baina jendea ez dago zerbitzua ordaintzeko prest. Orain arte behintzat, normala iruditzen zait, ematen zuten zerbitzua ez bai zen oso ona (teknologiaren mugak oraindik), baina orain adibidez, prest egongo nintzateke oradintzera videokonferentziak kobratuko balituzte. Adibidez, Californiatik Euskal Herriko telefono finko batetara, 5 minutuko telefono deia 15 zentimo kobratu didate! Prezioagatik ez da izango, ez?
Where 2.0, bigarren eguna
Herenengungo aurkezpen azkarren ondoren (ikusi Luistxoren argazkiak Flickr-en ) atzoko eguna gogorra baina interesgarria izan zen. Zenbait puntu aipatzekotan:
- Google-ren nobedadeak
- OpenStreetMap eta orokorrean eduki libreen indarra enpresen interes monopolistikoei kontrajarriak. (Hitzaldi askotan atera zen gai hau)
- Multimap enpresaren arazoak Europa globalizatu batean helbide bilaketa zuzenak egiteko. (hauek asko dakite honetaz)
- Garmin-en proiektu berriak: atari bat non erabiltzaileek "ia nahi gabe" kargatuko dituzten beraien GPS-en ibilbideak, garatzaileentzat webgunea eta aurten GPSen salmentan egiten ari diren GPS salmenten igoera radikala.
- Garraio publikoaren antolaketarekin (ordutegiak, autobusak, geltokiak...) eta informazio hori libre izateko lanekin lotutako proiektuak: Graphserver eta Polytransit
- Poly9 Quebec-eko enpresa eta bertako nagusia den Greg Sadetsky hacker errusiarra. Zenbat proiektu esku artean! Polytransit , FreeEarth Moonplex (erosi etxea hilargian) eta beste hainbat.
Jarraituko dut bihar gaurko ipuinekin.
Txikiak gara
Txikiak gara. Hori da atzoko bidaiaz gelditu zaidan sentsazioa.
Luistxorekin etorri naiz Where 2.0 kongresura . Hauek konferentzia/conference esaten diote. Saiatuko naiz tarteka hemen zerbait kontatzen.
Atzoko bidaia Eibar, Donostia, Biarritz, Paris, Atlanta, San Jose izan zen. Ia 24 ordu guztira.
Haundia egin zitzaidan Parisko Roissy-CDG aireportua . Lehen astero ibiltzen nintzen han, baina atzo inoiz baino handiagoa iruditu zitzaidan. Haunditze lanak non nahi, hiru autobus hartu behar, jendetza pasiloetan...
Euskal Herria oso txikia iruditu zitzaidan Groenlandia airetik ikustean. Kilometroak joan eta kilometroak joan, eta beti harriz eta zuhaitz txikiez osatutako paisaia ikusten jarraitzen nuen, toki guztietan laku eta putzuz zeharkatuta.
Zer esanik ez, Canadan eta AEBn sartu ginenean. Zenbat forma borobil ikusi ote nituen, nekazariek ureztatzen sistemekin egiten dituztenak.
Eta Atlantara iristea, zuhaitzen artean ezkutatutako hainbeste etxe txiki (eta ez hain txiki), bakoitza bere autoa gordetzeko kolore argiko malda txiki horrekin.
Txikiak gara. Inork ez daki izan ba ote garen ere. Tagzania ere oso txikia da, baina guk erakutsi beharko diegu. Saiatuko gara gure zulotxotik burua jaso eta iepa egiten. Gaur Luistxoren txanda izango da
Utikan HUbuntutrybe!
Orain arte isilik egon naiz. Hasieran ez nuen askorik ulertu. Trailerra ikusi, bat eta bestea irakurri, gaia jarraitu nuen, Zabaldun botoa eman eta Sustatun ere publikatu zen, baina ez nuen gauzaren gakoa ulertzen. Agian ez nago ohituta euskal proiektu globalak ikustera. Ez dakit, nere arazoa izango da.
Gero haserretu nintzen interes jakin batetarako (txapelketa bat) erabili egin gaituztelako zerbait ulertu dugun inozoak. Aitzakia euskara eta software librea zirela esaten zen. Aitzakia bakarrik iruditu zitzaidan, baina ez nuen ezer esan, lehendik ere gehiegi kritikatzen dudala esaten didate eta.
Baina benetako gehiegikeria gaur jaso dudan mezu katea izan da. Gainera, mezu kateak egiteko modu zikin eta okerrenean, jasotzaile guztiak (150 baino gehiago) TO: edukiontzian jarrita. Eta 10 laguneri bidaltzeko eskatzen didate! Hau da hau "teknologia birala"! Eta nondik lortu dute nire helbidea?
Nahikoa da. Ez dut zuetaz gehiago jakin nahi. Mesedez, utzi Ubuntu, software librea eta euskara bakean, zuen bezalako salbatzailerik ez ditugu behar eta.
Oharra: Izenburua nahita gaizki idatzi dut, ez diet nire blogean aipamenik ere egin nahi.
Eroski eta Biodiesel delakoa
Aurreko batean Arrasateko Eroskiren gasolindegian geratu nintzen. Biodiesela ikusi nuen gasoil arruntaren prezioan baina ez nekien nire autoak onartuko zuen ala ez eta ez nintzen ausartu. Irteeran, kaxan galdetu eta baietz esan zidaten, edozein diesel autok onartzen zuela. Beste informazio idatzirik ote zuen eta ezetz esan zidan.
Gero, gasolindegia duen auzoko bati galdetu nion, ea beraienean ere biodiesela jarri behar duten. Baietz esan zidan, baina gaiari garrantzia kenduz. Itxura denez, biodieselaren portzentaia oso txikia da, eta gehiena gasoil arrunta da. Hau da, nahiko irudi kontua eta aurpegi garbiketa kontua dela biodieselaren kontu hau.
Zalantza sortu zitzaidan. Zenbat biodiesel eta zenbat gasoil izango du Eroskiko erregaiak? Eroskiko webgunean kontaktu orria erabili nuen. Nahiko denbora pasatu da, baina erantzuna argia izan da, garbi asko emanda gainera:
Bezero agurgarri hori,
Lehenengo eta behin gure webgunean utzitako argibide-eskaria eskertu nahi dizugu, halako mezuek, gure bezeroen kexen berri ematen bait digute.
Zure eskakizunari erantzuna eman nahian, jakinarazten dizugu Biodiesela, A gasolioa erabiltzen duten ibilgailu guztietan erabili daitekela. Ibilgailuaren motorrean ez dago aldaketa egiteko beharrik, bere etekina eta kontsumoa gasoleoaren antzerakoa baita. Landare olioa daukanez-gero (ekilore, soia, koltza, eta habar) Biodieselak labaintasuna eta detergentzia gehiago dauka. Izan ere, motorra lubrifikatuago eta garbiago dago.
Legeak dioenaren arabera (61/2006 Errege Dekretua) Biodiesela landareetatik edo animalietatik eratorritako gantz-azidoen ester metilikoa da.
Gaur egun ez dago Biodiesel soila saltzerik, motor guztiek onartzen ez dutelako. Honez gero, gure gasolindegietan saltzen dugun produktua Biodiesela duen A gasolioa da. Gasolio honek %12-20 inguruko Biodiesel kopurua dauka. Gainerako %80-88 A gasolio arrunta da.
Saltzen dugun nahaste hau A gasolioaren lege-eskakizun guztiak betetzen ditu eta ondorioz, diesel motor guztietan erabili daiteke.
Dena den, argibide hauek osatu nahi badituzu honako webgune hau gomendatzen dizugu:
Tartean, azkeneko Consumer aldizkarian atera da honen inguruko albiste bat, eta hor aipatzen da "izen" desberdineko biodieselak badaudela, erabiltzen diren proportzioen arabera. Ondo legoke Eroskik informazio hau modu argiagoan erakutsiko balu beraien saltokietan.
Beraz, ez gara %100-ean biodieselera pasatu, gehienez ere %20an.

