Artxiboa 2009
- Abendua (4)
- Azaroa (2)
- Urria (1)
- Iraila (3)
- Abuztua (2)
- Uztaila (3)
- Maiatza (3)
- Apirila (1)
- Urtarrila (3)
Inozoarena egiten
Inozo hutsa naiz. Krisi hotsak zirela eta kultura babestu beharra aldarrikatzen hasi zirenean pentsatu nuen dantzari ez ziola askorik eragingo murrizketa aroak. Gutxi duenari nekez kenduko baitzaio asko. Inuzentea ni. Horrenbeste urte, bilera, proposamen, txosten, porrot eta lorpen txikien ondoren, erakundeek dantza sustatzeko emandako urrats nimiño batzuk antzematen hasi garenean, danba, krisia etorri dela eta atzeraka bi urrats bakarra emandako tokian.
EAEko gobernuak dantza sustatzeko plana onartu berritan etorri dira krisia eta gobernu aldaketa. Aurreko gobernuak estrategikotzat jo ondoren hozkailuan sartu zuen plana, eta hor egon da, ondo konserbatuta bai, ia-ia izoztuta esango nuke. Etorri da berria, identitate kontuak ahaztu eta normaltasuna ekarri behar diguna, eta ez omen zaio aurrekoen plana gustatzen. Lau urte Dantza-etxeak, dokumentazio zentroa, dantza ikasketak, eta abarretaz hitzegiten eta alper alperrik. Hemen dugu normaltasuna berriz ere, alegia, erakundeei dantza piperrik ere interesatzen ez zaien egoera.
Egin dut negar, beste behin ere, eta orain egin dezagun inozoarena, eta kontatu ditzagun 2009ak utzitako une gogoangarriak eta erre ditzagun sutan belar txarrak, solstizio aldaketari dagokion moduan. Gipuzkoako Foru Aldundiak Dantzagunea jarri du martxan Donostian. Dantzaren aldeko apustu garrantzitsua da eta espero dugu 2010ean hasiko garelako ikusten ekimen horren lehen fruituak. Artelekun abiatu da Dantzagunea, eta han dute egoitza dagoeneko Dantzaz eta Ertza konpainiek. Espero dugu hemendik aurrera dantza jardueren sustapen eta koordinazio lanetarako errefererentziazko gunea bihurtuko Dantzagunea. Horrekin lotuta bideratu du Diputazioak Dantzan Ikasi, dantza tradizionalean formakuntzan eragiteko helburua duen programa.
Luzatzen ari bada ere, badirudi Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola egitate bat izango dela datozen hilabeteotan. Gutxi jakinarazi da oraingoz eskola horrek izango duen mamiaz, baina badirudi gutxienez dantza klasikoa eta garaikidea ikasi ahal izango direla bertan, antzerkiarekin batera. Dantzak eta Antzerkiak badute horrelako eskola baten beharra, baina ez dadila horretan geratu, eta izan dadila ikerketa, pentsamendua eta dibulgaziorako akuilu baita ere.
2009aren hondar hilabetean urteurren berezi bat ospatu dugu. Juan Antonio Urbeltz eta Argia dantzari taldeak 40 urteko ibilbidea borobildu dute Axuri-beltza ikuskizunarekin. Ziur aski beste berrogei urte beharko ditugu Argiak euskal dantzari ekarri dion guztia barneratu eta liseritzeko.
Argia Urtekaria, 2009-12-31
Beranoko buelta neguan
Ermua eta Mallabia artean dagoen erreka eta auzo polita da Berano. Ermutik irten eta oinez asko jota pare bat orduko pasiada ederra egin daiteke Berano errekan gora, Berano Txiki eta Berano Nagusi auzoak pasatu eta Hambrera jaitsita Ermura itzultzeko.
Gure aitak etxe ondoan ditugun paraje ederrak ezagutu ditzagun ahaleginetan jarraitzen du, eta lehen Kilimon bailara ezagutu genuen bezala gaur Beranoko buelta egin dugu.
Ermutik Hambrera joateko bidean, herri irteeran eskumatara hartu eta berehala gaude Berano errekaren ibilbidean.
Ondo prestatutako tokia da, bidea txukun eta erreka bazterrak ere garbituta. Lehen zatia laua da eta udan ermuarrek ziur aski maiz erabiliko dituzte ur-putzuak eta "piszinak" ikusi daitezke.
Errota izandakoa ere ikusi dugu.
Poliki-poliki bideak gora egin du eta Berano Txikiruntz abiatu gara.
Laupabost baserri eder eta San Jurgi-ren omenezko ermita. Baserriko andreak esan digunez San Jorge egunez (apirilak 23) erromeria polita ospatzen da bertan.
Berano Txikitik Berano Nagusira pasa gara, beste dozena erdi baserria elkarrengandik gertu eta bista ikaragarriak: Mallabia, Oiz, Anboto, Urkiola,...
Konturatu orduko aldapa jaisten ginen eta Hambreko bidera iritsi gara. Pare bat ordu eta umeak ez dira enteratu ere egin.

Baltasarren dilema: beltza ala belztua?
Errege eguna hurbil da eta plaza publikora haserre itxuran agertu dira etorkinen zenbait elkarte. Baltasar erregearen paperean jaiotzez beltzak ez direnak aurpegia baldarki belztuta agertzea burla, gutxiespen keinu eta irain arrazistatzat jotzen dute. Herri guztietan larruazal beltz jatorrizkoak auzokide ditugun garaiotan hobe genukeela “bertsio originalak” egokitzea Baltasarren larruan, eta ez pintura merkez belztutako zurien pantomima sineskaitzak.
Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”. 
Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.
Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.
Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.
Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.
Argia, 2009-12-27Kalamuako eski estazioa
Mendiak zurituta, hartu eskiak eta Usartza eta Kalamua inguruetan ibili naiz gaur. Ah ze gozamena hartu dudan. Orain 40 urte inguru dagoeneko inguru horietan bertan eskiatzen ibiltzen zirenekin akordatu naiz. Arrastrea eta dena antolatu zuten Klub Deportiboko eskiatzaileek. Gaur egun Pirinioetara egunean joan eta etorri egiten da eta Kalamuan eskiatzaile gutxi dabil. Baina bai ondo ibiltzen dela horrelako egunetan!
Noiz da Gaztaiñerre?
Eibar, Ermua eta Soraluze aldean ospatzen den jai bat da Gaztaiñerre. Izenak adierazi bezala gaztaina erreak jatea da festaren zutabeetako bat. Astelehen buruzuriz egiten dira afariak, karakolak tarteko, eta postrean gaztaiñak jan ohi dira. Baina noiz da Gaztainerre?
liburuan argitaratutako testua jaso genuen.
San Martin-ek bere garaian ezagututako eztabaida bat argitu nahi zuen horrekin. Autua hauxe zen:
- Batzuen ustez Domu Santu egunaren ondoko bigarren astelehenean ospatzen da Gaztaiñerre
- Beste batzuen ustez Arimen Egunaren ondoko bigarren astelehenean ospatzen da Gaztaiñerre
Kontua da normalean ez dela arazorik izaten, bi ekuazioak
aplikatuta astelehen berbera tokatzen delako Gaztaiñerre, baina bospasei
urtetik behin suertatzen da diferentzia, eta aurten tokatu da!!!
Aurten Domu Santu eguna (azaroak 1) igandea izan da eta Arimen Eguna (azaroak 2) astelehena. Beraz...
- Domu Santu egunaren ondoko bigarren astelehena azaroaren 9an izan da.
- Arimen Egunaren ondoko bigarren astelehena azaroaren 16an izango da.
Biba, badaukagu diskutitzeko aukera!!!
Juan
San Martinek epaia eman zuen: "Iritziak iritzi, Arimen egunetik
bigarren astelehenean ospatzen da". Baina, eztabaidaren onurak ere
aintzat hartzen zituen: "Jan-edan zaleentzat hain da egun ona, baziren
astelehen bietan behar zela esaten zutenetarik ere, eta Guruzeta
korresponsalarentzat, duda hoiek kontuan harturik, azaroko astelehen
guzietan ospatu behar zen."
Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen
Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Gaia atera denean testigantzak agertzen hasi zaizkit eta Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertzen ari zaizkidan testingantza horiek blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:
Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.
Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.
Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.
Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:
- Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan
Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska
mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
- Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
- Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
- Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin,
barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten
zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon
kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da
buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek
begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez
egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa
kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina
hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
- Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa).
- Arabako Errioxan. "Nire amak
txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak
egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta
tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).
Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.
Kalabaza hutsik
Asteburu honetan Halloween ospatzen da mundu erdian. Estatu Batuetan izugarrizko hedapena izan du ospakizunak eta filmeen bidez mundu osora zabaldu da. Gure inguruan ere gero eta ohikoagoak dira Halloween festak taberna eta diskoteketan eta mozorro denda eta txinatar bazarretan egunotan ez da beste konturik.
Ba Halloween jatorriz euskal festa bat da. Euskalduna bakarrik? Ez, noski, ia Europa osoarena, baina baita Euskal Herrikoa ere. Europako etorkinek eraman zuten Ameriketara, eta hemen ihartzen joan zen neurrian joan zen han sendotzen. Eta orain, Amerikarren festa dela pentsatuta hasi gara berriz ere ospatzen. Nortasun gutxikoak gara gero.
Noski, hemen ez zaio inoiz Halloween deitu, Arimen eguna baizik. Toribio Etxebarriak idatzi zuen: “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.”
Mutrikun adinekoek gogoratzen omen dute gaztetan ortuetatik kalabazak lapurtu, hustu eta barruan kandelak jarrita kaleetan, atarietan jartzen zituztela. Badira urte batzuk Mutrikun Arimen egunaren ospakizuna berpiztu zutela: Gaba Beltza izendatu zuten, larunbat gauean finkatu eta izugarrizko indarra hartu du urte gutxitan. Marka da gero gure tradizioak Hollywood-i esker biziberritzea!
...eta kitto!, 2009-10-31
(Lehen ere idatzi izan dut honi buruz blogean bertan. Etakittorako zutabe eskaera Domu santu astebururako etorri denez reziklatu egin dut gaia).
Kilimon haranan barrena, erreka sikuaren ondotik pasiadan
Mendarotik abiatuta ibilbide lasai eta ederra egin daiteke Kilimon erreka zenaren arrastoaren ondotik. Batzuetan nahiko urrutira joan izan gara horrelako tokien bila, eta orain gutxi aitak erakutsi digu etxe ondoan ere baditugula horrelako toki ederrak, adibidez, Kilimon harana.
Mendaron, Garagarza auzoan, ospitalaren azpialdetik abiatzen da bidea. Bailara estu-estua da Kilimon harana, mendiak gain-gainean daude eta batzuetan badirudi arroilla bihurtuko dela aurrerago. Baina zuzen eta estu, bailara luze eta berdea da Kilimon.
Kilimon Arana map
Bitxiena erreka-zuloa da. Izenez oso ezaguna genuen Kilimon eta erreka txukuna espero genuen, baina erreka-zuloa erabat lehortuta dago, belarra eta harriak baino ez dira ageri. Badirudi oso ur iturri garrantzitsua dela erreka hori Debabarrenarako eta ondorioz, bere ur jarioa hodietara bideratu dutela, erreka bera erabat sikatu arte. Pentsatzekoa da garai batean amurrain eta abarrekoak izango zirela bertan, eta inguruko ortu eta animalientzat ura izatea funtsezkoa izaten dela, baina... etxeko kaniletan ere ura nahi izaten dugu eta nonbaitetik hartu behar.
Apenas malkar handirik gabe, poliki-poliki goraka doa bidea, lehen hiru kilometroetan asfaltatuta eta hortik aurrera lurra eta belarrarekin. Azken tramoan goruntz egiten hasten da eta jarraituz gero Larraskandara iritsi daiteke, ia konturatu gabe. Ea hurrengoan harako bidea egiten dugun, gogoz geratu nintzen eta.
Bidean bertan karobi bat, garai batean karea egiteko erabiltzen zen labe horietako bat, topatu genuen.

Andikanotik Maltzagara bizikletan bidegorria probatzen
Elgoibarren bidegorri polit bat prestatu dute eta abuztu bukaeran probatzeko aukera izan dugu. Bazen garaia inguruotan horrelako zerbait izateko. Ea noiz egiten dituzten Eibar eta Plaentxikin lotzeko tramoak.
Momentuz ibilbide nahiko laburra du bidegorriak, 2,4 kilometro. Joan-etorriko bidea da, eta beraz, joan-etorria eginez gero 5 km. Oinez edo patinetan ibiltzeko ez dago gaizki, baina bizikletan egiteko motz xamar geratzen da. Hori bai, pare bat aldapa eder ditu, goraka erraz egiten dira baina beheranzkoan abiadura hartzen da.
Elgoibarren, Andikano baserritik (Sigmatik sartuta erreka ondotik Eibarko norabidean) abiatzen da bidegorria. Maltzagara iritsi aurretik bukatzen da bidea. Aurrean Maltzagako eskalektrisa ikusten da. Eibar eta Plaentxira jarraitzeko bidegorriak egingo dituztela diote. Ea azkar iristen diren horiek!

Bortizkeria errituala
Atera gara etxeko txikiekin buruhandi eta erraldoietara, eta hasi dira erraldoien baltsak eta umeen korrikaldiak. Buruhandi bat hurbildu zaigu erasokor, puxika altxatu eta kolpea jaurtitzera. Baina sorpresa, goxo-goxo, ia laztanduz pasa du goma-espuma umeen buru gainetik.
Deskantsuan dagoen konpartsako kide batengana hurbildu naiz. “Puxikarik ez duzue erabiltzen ala?”, “Ez, ilegala da behi puxikak erabiltzea”. “Suabe jotzen duzue hala ere”. “Bai, guraso batzuk kexatu ziren eta Udalak eskatu digu ez gogor jotzeko”.
Inauteriak bizi-bizirik dituzten herrietan arruntak dira indarkeria agerraldiak. Maskaradetan kauterek eta buhameek ostikoka, zilipurdika, bultzaka, orruka eta elkarren gainera salto eginez pasatzen dituzte neguko igandeak. Ituren eta Zubietako mozorroek ankerkeria eta jarrera erasokorrean konpetitzen dute beraien artean. Luzaiden pazko igandez, Axe eta Tupina elkarri tiraka, bultzaka eta kolpeka hasi eta muturka bukatzeko gertu izaten dira. Hernaniko Axeri-dantzan, puxikekin armatuta eta sokari helduta zarta-hots ederra ateratzen dute inguratzen direnen bizkarrak ondo berotuz.
Ez dakit zein den indarkeri erritual horiek elikatzen dituen arrazoia —eta ez eskatu interpretazio psikoanalitikorik—, baina nire begiekin ikusi eta larruan frogatutakoa da folklorean nahiko maiz agertzen dela bortizkeria. Eta hara, bestelako baldintzetan inondik inora onartu ezin dudan indarkeria, jai giroan eta errituala denean erakargarri egiten zait. Benetako indarkeriak atzerakada eragiten dit. Ezin dut eraman. Baina indarkeria erritualak erakarri egiten nau. Arizkun-en Hartza eta mozorroen eskutik makila-salda ederra hartu nuen azkenengoz inauterietan, baina berriz ere itzultzeko desiatzen nago.
Telebista piztu eta borroka eta hilketaz betetako marrazkiak ikusten dituzte gure txikiek, baina kalera atera eta superbabesaren araudia aplikatuz erraldoiak eta buruhandiak goxatzen ari gara. Artisauek urteak daramatzate erraldoi eta buruhandiei itxura atsegina emateko ahaleginetan. Garai batekoak zantarrak, groteskoak, desproportzionatuak, desitxuratuak ziren. Orain hurbileko pertsonaia atsegin eta ederren traza eman nahi izaten diegu. Puxikarekin gogor jota ere zaila da inori min egitea, baina hala ere kolpe horiek biguntzeko agindua jaso du zenbaitek. Beldurra eragiteari uzten dioten egunean interes guztia galduko dutela iruditzen zait niri, baina joera garbia da, eta zaila dirudi horri aurre egitea. Disneyk habia egin du gure baratzean.
Argia, 2009-09-04



