Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Dantzing / Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Halloween euskal festa bat da (III): Kalabaza hustutzen

Oier Araolaza 2009/11/09 15:49
Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Gaia atera denean testigantzak agertzen hasi zaizkit eta Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertzen ari zaizkidan testingantza horiek blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:


Pasa den asteko etakittorako zutabea egiteko orain bi urteko blogeko sarrera reziklatu nuen. Igandean blogera igo nuen. Sustatun aipatu zuten eta hortik han eta hemen atera da kontua, adibidez ElgoiBarren-en. Radio Euskaditik deitu zidaten eta Graffitin aritu nintzen horretaz.

Orain badirudi Halloween aditu bat egin nagoela, baina... egia esan, ezer gutxi dakit nik Halloween-i buruz. Hori bai, gero eta garbiago dut nortasun gutxiko kaskarin batzuk garela. Eta badaezpada inor ez dadin izenburu sentsazionalisten sarean erori: Ez, ez dut uste Ameriketako Halloween horren jatorria euskalduna denik. Ziur aski irlandarra da eta Ameriketara joandako irlandarren komunitateak hedatu zuen AEBtan barrena.

Baina atentzioa deitzeko modu bat izan da. Geure kulturan atzorarte ospatu dugun festa bat, alboratu, ahaztu, eta orain estatubatuetatik datorrela pentsatuta berriz ere nolako indarrarekin heldu diogun ikusita, zer nolako txepelak garen oihu egiteko modu bat izan da.

Arimen egunaren berri entzuteaz zenbaiti harridura gehien eragiten dion gauzetako bat hemen ere kalabazak hustutzen zirela da. Nik orain arte bilketa etnografikoetan bakarrik irakurrita nuen hori, baina gaia atera denean nahiko hurbileko testigantzak agertzen hasi zaizkit. Euskal Herriko "Halloween" tradizionalari buruz agertu zaizkidan testingantza blogean bertan jasotzea komeni dela pentsatu dut. Horra:

  • Toribio Etxebarria (Eibar, 1887): “Animen egunian, oittura zarra zan Eibar-en, jan da eran tabernan eittia moskortu arte. Baita kaleko neska mutillak, alkarregaz, baserrixetan gastaña erriak jatia.” Orotariko Euskal Hiztegia
  • Juan Jose Araolaza (Zizurkil, 1943). Mutil koskorra zela Zizurkilen ezagutu zuen Arimen Egunaren inguruko festa. Kalabazak hustu, begi eta ahorako zuloak egin eta kandelak jartzen zizkioten barruan. Ilunpetan irudi ikaragarria eragiten omen zuen.
  • Joakina (Oiartzun). Joakina gogoratzen da kalabazu hustu, zuloak egin eta kandela barruan jartzen iotela, jendea beldurtzeko. Oiartzuarren baitan.
  • Herminia Lazpita (Berriz). "Gabean edo iluntzean ipinten zan kalabazea, begiak eta ahoa egin, barruan kandelea sartu isiotuta, kanpatorrean. Kalabazea hustu egiten zan, zuloa egin azpitik, haziak-eta kendu, eta gero ipinten jakon kandelea barruan eta begiak eta ahoa aterata ipinten jakozan, zein da buru baten formea. Eta sartzen jakon kandelea erdian, eta hareek begietatik eta surretik-eta, argia ikusi egiten zan. Ganera orduan ez egoan argirik kaleetan, dana ilunetan. Eta ha ba, izentazinoa kalaberearena izango zan, nik pentsau, gazteak gintzazan eta, baina hortxe ipinten zan kalaberearen..." ("Antxinako Berriz", Labayru-ren hustuketa).
  • Mutrikuko adinekoek. "Santu Guztien inguruko gauren batetan (...) herriko gaztetxoak alde batetik bestera ibiltzen omen ziren jendea beldurtzen. Egun batzuk lehenago inguruko baratzetan kalabazak lapurtzen zituzten, gero hustu eta barruan kandelak sartzeko. Kalabazak atarietan-eta jartzen zituzten. Kanta bat ere bazen horren inguruan: «Xesteron kontra, animen alde...» (Xestero Mutrikuko ehortzailearen izena zen). XX. mende hasierako urtetan egiten zela behintzat badakigu."(Argia aldizkarian jasoa). 
  • Arabako Errioxan. "Nire amak txikitan kalabazak hartu, hustu eta kandela bat sartuta bihurrikeriak egiten zituzten herrian. Nnire herria arabako Errioxan dago, eta tradizioa belaunaldi horretan galdu zen (duela 55 bat urte)." (Sapik erantzun batean utzitakoa).

 

Inork etxean horrelako konturik entzun badu utzi erantzun bat eta joango gara zerrenda osatzen.

Iñaki
Iñaki dio:
2012/10/31 16:06
Gure amak, 1942, Igeldo eta Antigua aldean kalabaza hustu, begiak eta ahorako zuloak egin eta barruan kandela piztutzen zutela ere txikitan kontatzen zigun.
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/10/31 16:08
Mila esker Iñaki! Uste dut mereziko lukeela gai honen inguruko testingatza bilketa sistematiko bat egitea!
Gari
Gari dio:
2012/11/01 23:01
Hara, Asturiasen ere antzera dabiltzala:

ALBERTO ÁLVAREZ PEÑA. INVESTIGADOR ETNOGRÁFICO Y ESCRITOR
«Halloween nos devuelve mitos, pero muy adulterados»

http://www.elcomercio.es/v/20121031/aviles/halloween-devuelve-mitos-pero-20121031.html
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/01 23:35
Oso interesgarria, eskerrikasko!
Jon Martin
Jon Martin dio:
2012/11/11 23:21
Nire amonak ere (oiartzuarra bera)baieztatu dit kalabaza kandeladunak erabiltzen zituztela jendea beldurtzeko.
Euskallowenaren inguruko lantxo bat egiten ari naiz, Oier. Datorren urterako festa berritu bat sortu nahi nuke. Ezer berririk asmatzen baduzu, jakinarazi mesedez!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2012/11/12 15:13
Eskerrik asko Jon! Ezer berririk asmatu? Nik nahikoa lan dut asmatzen diren berriei markajea egiten... kar, kar.
Jon Abril
Jon Abril dio:
2014/10/31 17:30
Nire amaren aitatxi-amatxien garaian ere, Lesakan eta Beran, bazegoen kalabazak hustutzeko ohitura hori, gure garaietaraino iritsi zena. Ederki oroitzen dut nik, ikastolan, 70. hamarkadaren bukaeran, oraindik, nola hustutzen genuen kalabaza haundi bat, eta barrenean kandela paratu. Gerora, hainbat urtetan, ohitura galduta zegoela uste izan nuen, Halloween ailegatu zen arte!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2014/11/03 12:17
Mila esker Jon! Zenbait tokitan 80ko hamarkadararte eutsi zaio festarekin. Harrigarria da ikustea orain gutxirarte ospatu dela, eta gero ze azkar ahaztu dugun!
Maider
Maider dio:
2014/11/04 15:12
Kaixo, Oier. Jon Abrilen berbak berresteko idazten dut hemen. Guk ere, ohitura bera genuen eskolan, Itziar Bernaolaren gidaritzapean. Kasu honetan, bizkaian, Artea herrian. Eskerrik asko egiten ari zaren lanarengatik.
Begoña Martinez
Begoña Martinez dio:
2014/11/13 21:01
Kaixo. Ni Estellakoa naiz eta nire gurasoak Arandigoiengoak (Deierri). 51 urte ditut eta duela hiru-lau urte arte ez dut jakin ohitura hori hemen egon zenik. Erran bezala, duela urte batzuk amak (orain 81 urte ditu) hustu zuen kalabaza bat, begiak eta ahoa egin eta kandela bat sartu zion. Galdetu nionean nondik ikasia zuen, nire harridurarako betitik zekiela eta txikitan egiten zutela erantzun zidan. Herriko larrain batean jartzen zituzten hustutako kalabazak, kandela barnean, eta jolasean aritzen ziren. Ez du oroitzen deus ez kantarik ez bertze deus berezirik.
Geroago enteratu naiz Estellan ere duela 45 urte oraindik ere egiten zutela Karrika nagusiko haurrek. Korriketan ibiltzen ziren, elkar izutzen.
Agustin Mendizabal
Agustin Mendizabal dio:
2014/12/06 12:05
Kaixo, Oier. Gure aurretik ibili diren antropologo eta horrelakoek ez al dute inoiz ohitura hau aipatu? Ez naiz gehiegi bila ibili, baina behintzat ez dut deus ere topatu: Barandiaranek, Azkuek, Garmendia Larrañagak, Manuel Lekuonak, Gerardo Lopez Gereñuk... ez al dut ezertxo ere aipatu kontu honi buruz?

Bestalde, lehen aipatu nuen San Pedroko hori dela eta, semeek aitari gela barruan jarri omen zioten gauean, oherakoan, eta honek susto gaitza hartu.

Zorionak webguneagatik eta bilketa lanagatik!
Oier A
Oier A dio:
2014/12/06 12:37
Mila esker Maider eta Begoña zuen ekarpenengatik!

Agustin, nik neuk ez dut azterketa sistematikorik egin, kontu hau bidera etorri zait, eta nik bilatu gabe agertu zaizkidan datuak azaleratu ditut, besterik gabe. Etnografoen artean domu santu egunaren inguruko errito eta festa hauek ezagunak ziren eta dira, baina ez diote aparteko garrantziarik eman izan. Norbaitek honi buruzko ikerketa egingo balu gauza dezente argituko lizkigute eta niri pisua kendu ere bai, honi buruzko "ikertzaile" eta "aditutzat" hartzen bainaute batzuetan, eta nik ez dut gaia sakon ikertu, zuek modukoek kontatzen dizkidazuenak batu besterik ez dut egin, eta erantzunak baino galdera gehiago ditut.

Mila esker, oier.
leire narbaiza
leire narbaiza dio:
2016/10/31 10:54
Aupa, Oier!
Soka luzea dauka artikulu honek, ezta? Aurten Getxo nabil beharrean eta jubilatu talde bi ditut. Baten, Domu Santu egunaz eta berbetan, Halloween euskalduna zela esan eta batek kontatu zidan berak umetan baserrian (Muxikan bizi izan zen bolada baten) eginda zuela. Sekulako sustoak ematen zizkiotela jendeari!
Hara, sekula pentsatuko ez nuena, ikasle batek kontatuko zidala! XD
Ondo segi!
Anonimoak dio:
2016/11/01 11:19
Iepa!

Lesakan ere ohitura zen kalabazak hustu eta kandelak barrenean jartzea. Ttikitan attarekin egiten genuen,(90ko hamarkada) eta nik beti pentsatu izan dut AEBtik etorritako festa horren harira egina zela baina hau irakurri ondotik attari galdetu eta beraiek ere ttikitan egiten zutela erran dit (50ko hamarkada inguruan). Baserrian kalabazak hustu eta kandela barrenean sartuta etxeko atarian jartzen zituzten kalabazak.
Bertzalde, Lesakan, orain Hallowenen harira egiten den etxez etxeko eske horren antzera, santu guztien egunean poltsa bat hartuta, kanposantora joan eta bertan bisitan zebilen jendeari(batez ere familiakoak) eskatu egiten zitzaien "berentxi-berentxi" erranez.
Hauek txanpon bat ematen zieten. Oraindik etxe batzuetan mantentzen dela uste dut, osaba-izebei "berentxi-berentxi"erranez txanponak eskatzearena. Hala ere herrian jada galdua den ohitura da. Nik ezagutu nuen (90ko hamarkadan) baina nire adineko aunitzek inoiz ez dute horren berririk izan.

Hagitz artikulu interesgarria!
Oier Araolaza
Oier Araolaza dio:
2016/11/02 13:19
Aupa Leire eta Lesakako laguna. Mila esker zuen ekarpenagatik.

Arrazoi duzu Leire, bai, soka luzea dakar sarrera honek, urtero bizi-berritzen baita. Beraz Muxikako Animen Gaueko aztarnak agertu zaizkizu Getxo aldean. Ze ondo! Niri ere horrela gertatzen zait, joaten naizen toki bakoitzean beti agertzen da testigantza berri bat!

Lesakarra, mila esker zure ekarpenagatik ere bai! Orain gutxirarte iraun du ohiturak Lesakan beraz. Baduzue ohiturei eusteko indar berezia Lesaka inguru horretan.

Eskerrikasko bioi!
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Dantzing

Hitzen eta gorputzen dantza

Oier Araolaza Arrieta (Elgoibar, 1972) Dantzaria naiz. Kazetaritza eta Antropologia ikasketak egin ditut, ETBn eta Elhuyar-en egin nuen lan, eta azken urteotan dantzaren komunikazioan eta kudeaketan ari naiz buru-belarri dantzan.com elkartean. Eibarko Kezka dantza taldea dut bigarren etxea eta Donostiako Argia dantzari taldeak argitzen dit bidea.  <eibartarrak> posta zerrendaren bidez Interneti zukua ateratzeko aukerak ikasi eta dantzaren alorrean aplikatzen saiatu naiz. dantzan.com izan da ahalegin horien ondorio nagusia, euskal dantzarien informazio gune bat. Gaur egun dantza eta generoaren inguruko ikerketa lanean ari naiz EHUn Mikel Laboa Katedraren babesarekin, eta Dantzertin euskal dantzako eskolak ematen ditut.

Blog honetako testuen lizentzia: Creative Commons by-sa

twitter