Andikanotik Maltzagara bizikletan bidegorria probatzen
Momentuz ibilbide nahiko laburra du bidegorriak, 2,4 kilometro. Joan-etorriko bidea da, eta beraz, joan-etorria eginez gero 5 km. Oinez edo patinetan ibiltzeko ez dago gaizki, baina bizikletan egiteko motz xamar geratzen da. Hori bai, pare bat aldapa eder ditu, goraka erraz egiten dira baina beheranzkoan abiadura hartzen da.
Elgoibarren, Andikano baserritik (Sigmatik sartuta erreka ondotik Eibarko norabidean) abiatzen da bidegorria. Maltzagara iritsi aurretik bukatzen da bidea. Aurrean Maltzagako eskalektrisa ikusten da. Eibar eta Plaentxira jarraitzeko bidegorriak egingo dituztela diote. Ea azkar iristen diren horiek!
Albiste bikaina litzateke, ze horrela Eibartik Elgoibarrera eta Elgoibartik Osintxuraino bidegorrian joan ahal izango ginateke! Nik uste batek baino gehiagok erabiliko lukeela bide hori lanera bizikletan joateko. Eta asteburuetan bizikleta, patinetan edo pasiadan ibiltzeko ere bide ederra litzateke.