Baltasarren dilema: beltza ala belztua?
Beltz autentikoaren aldeko aldarrikapenak lehendik zetozen. Azken urteotan, Baltasarren aurpegi kolorearen faltsutasuna salatu da zenbait herritan: “Margotuta dagoela antzematen da! Hobe litzateke benetako beltza jartzea”.
Badirudi Baltasarren beltztasun jatorrizkoa aldarrikatzen dutenek itsu-itsuan sinesten dutela Santa Klausen bizar zuriaren sortze naturalean, horren inguruko kezkarik ez baita entzun.
Folkloreak ez ditu natur zientziek balioesteko moduko egitateak bilatzen, iruditeria propioa du eta mitoekin jolastuz gure kultur tradizioarekin bat egiteko aukera ematen digu. Baltasar beltza da, baina ez Afrikatik etorri zaizkigun lagunen tankerakoa, gure irudimen kolektiboak eraikitako “beltza” baizik. Baltasarren belztasuna kulturala da, ez fisikoa.
Baltasarren larru beltza, Meltxorren bizarra, Gasparren koroa edo pajeen arropak bezain faltsua zein egiazkoa da. Olentzero lanetan aritzeko inori ez zaio eskatzen curriculumean ikazkina dela frogatzea, eta sumatzen dugu aurpegia zikin itxurakoa izan arren ez duela sekula txondorrik ikusi ere egin. Inauterietako hartzak ez dira National Geografic-en dokumentaletan ikusten ditugunen modukoak, maiz ardi-larruz eginak daude, eta gainera, batzuk adarrak dituzte! Arizkunen edo Antzuolan hartza agertzean herritarrek badakite inauterietako hartza dela hori, zooan dagoenarekin zerikusirik ez duena. Iruditeria mitikoak ihes egiten dio egiantzekotasunari, baina horrek ez dio benetakotasunik kentzen.
Etorkinak integratzeko errege kabalkadan parte hartzea urrats garrantzitsua dela iruditzen bazaigu bikain, ni ere horren alde. Baina aurpegi zurbildun batek Baltasarrena egiteko aurpegia belzteak ez du zerikusirik gutxiespen, trufa eta irain arrazistekin, ez ditzagun gauzak nahasi. Afrikatik etorritako bizikide berriak prest badaude errege lanetan aritzeko fenomeno, baina, izan dezatela, hala nahi badute, Meltxor, Gaspar edo Olentzero izateko aukera eta eskubidea ere, beraien larruaren koloreari zein generoari begiratu gabe.
Argia, 2009-12-27
Hori ere bai?? Seguramente, jatorrizko Baltasar bera ez lukete onartuko gaurko kabalgata baterako: nahikua beltz ez dala batzuren ustez, kristau bataio agiririk ez dakala bestien esanetan...