Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak xabier_arzalluz

Harrikadak

xabier_arzalluz

Arzalluzek zergatik esan zion baietz Ortizi

Euskaljakintzako bi ikaslek Xabier Arzalluzi eginiko elkarrizketa batetik ateratako pasartea.

Arzalluz bi ikasleekin

Euskaljakintza blogean ikasturtean zehar Batxilergoko ikasleek eginiko elkarrizketak igotzen ari da Maite Goñi irakaslea. Azkenak aipatzearren: Naroa Agirre atleta, Andoni Iraola futbol jokalaria, Xabier Arzalluz politikaria eta Pedro Miguel Etxenike fisikaria. Xabier Arzalluzi eginikoa egon naiz irakurtzen igande goiz honetan: Xabier Arzalluz (I) eta Xabier Arzalluz (II).

Jon Cid eta Garazi Usabiagak gai ezberdinak jorratzen dituzte politikari jeltzalearekin: Francoren garaiak, trantsizioa eta horren ondorioak, Ibarretxe eta haren plana, balizko Euskal Estatua, egoera ekonomikoa... etab.

Javier Ortizekin urte hauetan izan dudan harremana dela medio, atentzioa deitu dit zergatik esan zion baietz Ortizi honek Xabier Arzalluz. Así fue liburua egitea proposatu zionean.

"Lehenik eta behin, esango nuke nik ez nuela libururik egin nahi, inoiz ez zaizkit gustatu memoriak eta halako gauzak. Alde batetik, nik memoriarik ez dudalako; eta, bestetik, uste dudalako memoriak egiten dituzten gehienak harropuzkeria hutsez egiten dituztela. Ortizi baietz esan banion, Isabel Durán eta José Díaz Hernándezek nire baimenik gabe egin zuten liburuarengatik izan zen. Mayor Orejaren enkarguz egin zuten, eta gezurrak besterik ez ziren, goitik behera. Nik ezagutzen nuen jende guztiarekin hitz egin zuten, haiek pentsatuz nire lagunak zirela eta nire alde idazten ari zirela. Baina bi horiek esandako gauza guztiei buelta ematen zien, azpijokoan aritu ziren. Nik ez nituen, azkenean, epaitegira eraman -editoreari esan nion zerbait-, baina lasai asko eraman nitzakeen, irabazteko moduan nengoen. Horiei erantzun ahal izateko esan nion baietz Ortizi, ez nuen nahi jendea beste haiek idatzitakoarekin geratzea. Ez dakit zenbat orduz egon ginen; hala ere, esan beharra dago gidoia berak egin zuela, nik bere galderei erantzun besterik ez nuen egin".

Javier Ortizek berak Así va a ser apuntean azaldu zituen liburuaren gorabeherak 2005eko urrian. Bertan idazle donostiarrak idatzitakoaren arabera, 100 bat ordu pasa omen zituzten elkarrekin.

Bitxia bada ere, ez zuten kontraturik sinatu. Eta hitzez lotutako akordio hura Arzalluzek ez zuen gero puskatu, nahiz eta eskaintza erakargarriak (diru aldetik, behintzat) izan.

Por qué Arzalluz accedió al libro de Ortiz, este apunte en castellano.

Arzalluz eta Xiberta

Hau da, Arzalluz beti bezala. Info 7n eta Argian. #donotsaveme.

"Nire ustez, Gobiernuak (Espainiak) bere gerra ETAren kontra galduta dauka. Galduta dauka, esango genuke, armaz, zeren beti esaten dute azkeneko puntutan dagoela, ahulezia izugarria daukala ETAk (azkeneko aldiz Elxen Pérez Rubalcaban esan dituenak, adibidez) eta behin eta berriz etortzen da atentatu bat. Eta gaur hil egin dute eta ez dute edozein hil. Hil dute Polizi Nazionaleko Informazio buru edo behintzat hemen Bilbon bazekiena nondik zebilen, ezta?”

“Eta horregatik hori ezin badute kendu, ETAk behin eta berriz horrelako gauzak egiteko ahalmena badauka, ba nik uste dut Estatuaren frakasua nabarmena dela. Eta frakasatzen du armaz edo poliziaz, eta frakasatu du negoziaketan, zeren nik esaten dut beti ETA... ETA da niretzat (beren ustez izango dira ez dakit zer, eh?) niretzat da, historikoki begiratuta, zerbezaren aparra bezala. Zerbezak indarra daukanean ateratzen du aparra eta indarrik ez badauka, ez du ateratzen, zerbeza hilda dago. Horregatik ETA bezalako fenomenoak dira herriaren egonezinaren ondorioak. Arazoa ez da berez ETA, baizik izango da herriaren egonezina. Hori ez badakite analizatzen, gauzak negoziatu eta aurrera eramaten, herri hori halako satisfakzio batera iristeko, ba orduan galduta dauka. Ez dakit zenbat denbora iraungo duen, baina galduta dago”.

Xabier Arzalluz, Info Zazpi irratian, ekainak 19. Audioa entzun dezakezue bertan.

"Ez dut uste aipatzen den polo soberanista denik bidea. Pistolak tartean dauden artean, ez da polo soberanista izango, zulo soberanista baizik. Hori hala, eta ETA suntsitzea ia ezinezkoa dela jakinik, ETAk beste Xiberta bat antolatu beharko lukeela uste dut, euskal alderdi guztiak deitu, armak uzteko prest dagoela esan, eta aurrera begirako estrategia denon artean diseinatzeko ETA beste agente politiko bat gehiago bihurtu. Ez dadila sartu Espainiako Estatuarekin negoziatzera, boterearentzat nahi duena egiteko alibi bat den bitartean, konponbiderik ez dute topatuko-eta. Garbi dago bakoitzak bere txiringitoari begiratzen diola, baina ez dezagun ahaztu EAEn gehiengo abertzalea daukagula, eta Nafarroan eta Iparraldean ere tendentzia abertzalea goraka ari dela. Erabili dezagun indar hori behingoz. Suzia piztuta dago, eta aurretik bidea daukagun arren, ez gaude desesperatuta. Hasi gaitezen bidea egiten leku erosoenetan, eta ikusiko dugu nola iristen garen leku malkartsuenetara. Dena kolpetik egin nahi izatea ez da utopia, tontakeria baizik".

Xabier Arzalluz, Argia, ekainaren 21eko zenbakia. Sustrai Colinak eginiko elkarrizketa.

Gobiernuak galduta izango du gerra hau, baina ETA ez dut irabazle ikusten. Beraz, nortzuk ari dira irabazten? Nor ari da benetan galtzen? Atzo, Eduardo Puellesek, familiak eta lagunek. Bihar? Donotsaveme.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31