Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak tabakalera

Harrikadak

tabakalera

#tabakaos Donostian

Donostiako Tabakalerari buruzko hausnarketa laburra.

2001ean sinatu zuten hitzarmena Donostiako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Tabakalera nazioarteko kulturgune garaikide izan zedin. Bai, ondo irakurri duzue: 2001. urtean izan zen.

Bartomeu Marí-ren garaietara jo gabe, 2006aren hasieran, Josean Muñoz, Iñaki Galarraga eta Santi Eraso jarri zituzten proiektuaren gidari. Erasok berehala utzi zuen postua. Galarraga arkitektoak pasa zituen urte batzuk, baina sintonia arazoak tarteko, utzi egin zuen ere. Muñozek, berriz, politikariekin nazkatuta alde egin zuen 2010eko maiatzean.

2010eko urte bukaeran, lehen paragrafoan aipatutako erakundeek hitzarmen berri bat sinatu zuten, hasiera bateko aurrekontua-eta gutxituz. Tabakaleraren birdimentsionamendua deitu zioten agerraldiari eta agiriari.

2011ko maiatzean udal eta foru hauteskundeak ditugu. Duela aste batzuk sinatutako hitzarmena badirudi haizeak eraman duela jada, gure politikariak hasi baitira berriro publikoki elkarri mokoka.

Askotan ematen du tentel hutsak izango bagina bezala hartzen gaituztela. Xabier Leterena esateko ordua da: “Aguanta zaitzatela zeuen ama santisimak!”

Donostiarrok, gipuzkoarrok, euskaldunok: zerbait antolatu beharra dago Tabakalera zigarretaren kea bezala desegin ez dadin.

Nola antolatuko dugu #tabakaos?

#tabakaos en Donostia, este apunte en castellano.

Mikel Iturria 2011/02/07

Esnatu zenean, Tabakalera oraindik hantxe zegoen

2001. 2006. 2010. 2013. 2016...

Duela lau urte, 2006ko maiatzean, Donostiako Plan Estrategikoaren Bulegoak hiriak hurrengo urteetan landu beharreko kultur proiektuei buruzko jardunaldiak antolatu zituen. Bertan, Victoria Eugenia Antzokiaz hitz egin zen, 2007ko martxoan ateak berriro zabaldu zituena. Bertan, San Telmo Museoaz aritu ziren, 2011ren hasieran berriro martxan egongo dena. Bertan, Tabakaleraz hitz egin zen...

Egun haietan ohar mordoa hartu eta zortzi apunte osatu nituen (hamasei, euskarazkoak zein gaztelaniazkoak kontutan hartuz), bertan esandakoak gorde nahi nituelako. Oinarrizko apuntea Donostiako kultur proiektuak izenekoa da, gainerakoak bertatik ikus ditzakezue.

Aste honetan Tabakalerari buruzko gertaera desatsegin batzuek gertatu dira, Joxean Muñozen dimisioa ekarri dutenak. Joxeanen mailako pertsona batek proiektua utzi behar izateak mindu egin nau eta proiektuarentzat tamalgarria da.

Datozen urteetan, gure hiri honek arazo larriak izango ditu une honetan bertan dituen kultur azpiegiturei eusteko, proiektu gehienak behiaren errapea puztuta zegoenean pentsatuak izan direlako. Orain, berriz, errapeak esne gutxi dauka eta denok dardarka.

Ez dut ulertzen nola 2001ean abiatutako Tabakalera bezalako proiektuak, gaur egun duen itxura kaskarra izatea. Ea nork altxatzen duen zerraldoa orain.

Hona hemen 2006ko maiatzean Tabakalerari buruz entzundakoa.

Cuando despertó, Tabakalera todavía estaba allí, este apunte en castellano.

Ipuinak eta poesia, musika lagun

Goizez, helduentzako ipuinak Tabakaleran. Iluntzean, Komuneko paperean emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Urtarrilaren 14an biak.

Atzo goizean Joserra Senperena musikariaren mezu hau jaso nuen.

"Ostegun honetan grabatzen dut Cuentos para adultos diskoa, Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin batera prestatzen ari garen erakusketa-disko-liburua, ekainean estreinatzekoa dena. Grabazioa goizez izango da Tabakaleran bertan, hango sala handiaren erreberberazioa baliatzeko. Gainera, prozesua filmatuko dugu lau kamera erabiliz, Iñigo Salaberriaren aginduetara. Takaleran grabatzen den lehenengo diskoa da, eta eraikina berritu aurretik azkena".

Ezin izango naiz joan, baina itxura hona du.

Arratsaldean, berriz, Ernest Lluch Kultur Etxean egongo dira Imanol eta Mattin Epelde, Bi anai. Emanaldia iluntzeko 19:30ean izangoa, Erakusleihoa programaren barruan. "Imanolek idatzitako poemak hartu eta Mattinek musika jarri die, Komuneko paperean izeneko ikuskizuna sortuz. Giro intimistan errezitatuko eta kantatuko dituzte poemak, inor epel ez uzteko ahaleginean".

Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Komuneko Paperean proiektuko bloga.

Hona hemen minutu erdiko trailerra. Bertara joateko gogoa piztuko dizuelakoan. Gogoratu, urtarrilaren 14an.

Cuentos y poesía, con ayuda de la música, este apunte en castellano.

Egiatik erakusketa Tabakaleran

Atzo inauguratu zen Tabakaleran "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" erakusketa. Bertan egon ginen.

Badira jada zenbait hilabete esan zidatela Iñigo Royo ari zela, bideo-kamera lagun, Egia auzoko auzotarrak elkarrizketatzen. Royok badu eskarmentua alor horretan, Tolosa 750 urte ospatu zutenean antzeko proiektua eraman baitzuen aurrera bertako zenbait bizilagunekin.

Okupgraf elkartearen bigarren partaidea Marian Larzabal da. Berak ere parte hartu zuen Tolosako aipatu ekimenean eta bera da Tabakalerako erakusketa honen bigarren hanka. Emakume hau duela hamabost bat urte ezagutu nuen, artista batek Marianen etxeko armairu batean erakusketa egin zuenean. Oraindik gogoan dut nola ostiral arratsalde batez Loiola edo Martuteneko etxe batera hurbildu ginen inaugurazio hartara. Ingurua jendez beteta zegoen eta ezin izan genuen ataritik pasa.

Atzo ere jende asko zegoen "Egiatik. Tabakaleraren memoria eta etorkizuna" erakusketaren inaugurazioan. Auzoko jendea, gehiena, Tabakalerak bere etorkizunean integratu beharrekoa nahita nahiez aurrera egin nahi badu behintzat. Politikari gutxi, esku bateko behatzekin kontatzeko moduan (bakarra ikusi nuen nik...), kultur teknikari batzuk, artista jendea...

Joxean Muñoz zuzendariak egin zigun denei ongi etorria. Gero Iñigok eta Marianek banan-banan aurkeztu zituzten erakusketan ikus eta entzungai dauden 12 bideoak. Bideo bakoitzean auzoko bizilagunekin (batekin edo gehiagorekin) eginiko elkarrizketak ageri dira. 20 minutuko iraupena du bakoitzak.

Aurkezpenaren ondoren, Tabako fabrika izandako eraikinaren tripetan barna sartu ginen. Bideo bakoitzak egurrezko palletez osaturiko etxaldea du aterpe eta hiruzpalau kasko elkarrizketak entzuteko. Bakoitzaren kanpoaldean garai bateko argazkiak. Labur bazen ere, baten bat entzuten egon nintzen, baina atzokoa ez zen horretarako egunik aproposena.

Kalkulatu genuen bizpahiru arratsalde behar zirela hura guztia behar den bezala ikus-entzuteko. Ostegunero ekitaldi bat egongo da abenduaren 20ra arte, Santo Tomas bezpera arte (Joxeanek aipatu zuen txistorrada batekin emango zaiola bukaera erakusketari).

Irteeran, bertako langile batek esan zidan badaudela oraindik ere aste bukaeratan eraikina ikusteko bisita gidatuak eta deitzeko telefonoz. Nik oraindik ez dut bisita gidaturik egin eraikina ezagutzeko eta ea oraingoan ez zaidan txanda pasatzen.

Egitarautik bi ekitaldi aipatuko ditut: urriaren 30ean,Tabakalerako Soinu Maparen aurkezpena egingo dute Xabier Erkiziak, Iñigo Telletxeak eta enparauek. Azaroaren 6an, berriz, Joxean Muñozek Tabakaleraren etorkizunari buruzko aurkezpena egingo du herri xehearentzat, horrela esaterik badago behintzat.

Ezagun batzuk agurtu, pare bat baso ardo hartu, beste hainbeste pintxo eta Egiako tabernetan barna ibili ginen gero: Le Bukowski, Sustrai kreperia, Kino Kafe

Eguneratzea: 22:15ean. Oraintxe konturatu naiz webguneak baduela lekukotzak izeneko atala. Bertan entzun eta ikus daitezke bideo zatiak.

Egiatik en Tabakalera

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31