Harrikadak
rachid_taha
Do it(urri) yourself
6 urte bete ditu gaur blog honek.

Atzo goizean Berriako kultur atalean bi orrialde oso punki zeuden.
Ezkerrekoa, Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren antolatutako Punk eta (des)eraikuntza nazionala: ukaziotik harago ikastaroari buruzkoa. "No future" garaiak izeneko artikulua sinatzen zuen Ainhoa Sarasolak eta jardunaldietan Juan Luis Zabalak eta Akauzazte taldeko bi partaidek (Oier Etxeberriak eta Joxe Manuel Larrañagak) esandakoak biltzen zituen.
Eskubikoa, Nora Arbelbidek Rachid Taha musikariari eginiko elkarrizketa. Oranen (Aljeria) jaiotako musikaria Euskal Herria Zuzenean jaialdian egon berri da.
Akauzazte taldeko kide baten esaldi hau azpimarratu dut: "Niretzat punkaren herentzia onena gorrotoa da; mundua ez dela asmo onengatik aldatuko, gorrotoa antolatzetik baizik".
Gaur sei urte bete ditu blog honek. Eibar.org blog komunitatearen barruan sortu zen 2004ko uztailean. Antolatu beharra dugu, komunikazioaren eremuan ere. Eta horretarako blogak oso erreminta onak dira.
Gogoratu punkaren leloa: do it yourself.
Non daude españolak izateari utzi ziotenak?
Espainiaren presentziaz Euskal Herrian.
Pasa den larunbatean Donostiara iritsi nintzen Paraguay-Espainia partida amaitu berritan. Antiguatik sartu, Kontxako pasealekua zeharkatu eta San Martin kalera iritsi bezain pronto Espainiako selekzioaren zale mordoxka zeuden Molly Malone tabernaren kanpoaldean, batzuk errepidean, talde gorriaren banderak eta abar astintzen eta garaipena ospatzen.
Asteazkenean ere makina bat jendek gozatu zuen Donostian espainiarrek alemanei sartutako golarekin eta finalerako sailkapenarekin. Gaurko egunez pantaila handiak eta txikiak egongo dira Euskal Herriko hainbat tokitan.
Espainiaren presentzia nabarmena da gure inguruan eta hori ikusi nahi ez duenak ez dakit non bizi den.
Aste honetan bertan, Gipuzkoako prentsa idatzian ikusitako beste bi adibide:
Albako dukesak aspaldiko ohitura du uztailean Donostian duen jauregian egun batzuk pasatzearena. Aurten, baina, uste dut ohikoa baino gehiago azaldu dela Gipuzkoako prentsan (DVk kontrazala eskaini zion).
Ostiralean Nadal egon zen Galarretan eta Getarian. Mundu mailako izarra da bai, eta Noticias de Gipuzkoak eta DVk azala eskaini zioten.
Ona da española izan nahi duenak nahi hori libre-libre agertzea Euskal Herrian, hobe kanporatzea barrualdean lehertzea baino.
Gauzak horrela, horra hor nire galdera: non daude Los
españoles que dejaron de serlo?
Rachid Taha & Gaetan Roussel, Bonjour. Klip ofiziala.