Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak politika

Harrikadak

politika

Apunte politikoa

Donostiarra gehitu beharko genioke.

Pasa den igandean porra hau bota nuen twitter-en: "Donostia. Hauteskunde porra. PSE, 9; PP, 7; EAJ, 5; Sortu-EA-Alternatiba, 5; Aralar, 1".

Txorakeri bat da, bai. Zoritxarrez asko gelditzen baita maiatzaren 22ko helmugarako. Eta oraindik ez dakigu zer kristo gertatuko den Donostiako bainuetxean.

Gogoratuko ditut zeintzuk izan ziren 2007ko hauteskundeen emaitzak: PSEk 11 zinegotzi lortu zituen; 6, PPk; 5, EAJk; 3, Ezker Batuak (Alternatibakoak dira orain) eta Aralarrek; 2, EAk (bat da EAkoa orain eta bestea Hamaikabatekoa). ANVko zerrenda epaileek baliogabetu zuten orduan.

Lagun batek idatziz helarazi zidan bere porra: 8, PSEk; 7, Sortu-EA-Alternatibak; 6, PPk; 5, EAJk; 1, Hamaikabat-ek. Ez da ezker abertzalekoa, baina gorantz ikusten ditu. Nik baino gehiago.

Partidu Sozialista metxa gutxirekin ikusten dut, alkateak denbora gehiegi darama gauza onerako. Eta igual uste baino handiagoa da pintxazoa. Jendea Odonekin haserre ikusten baitut inguruan.

PPkoak, berriz, oso donostiar ikusten ditut eta hori garrantzitsua da hiri honetan. Kontuz, beraz.

EAJkoak nahikoa lan dituzte etxe barruan. Garai batean, entzun nion bertako bati indarren %90a etxean xahutzen zituztela, elkarri mokoka. Zelaira, gero, nekatuta ateratzen ziren. Ez dakit, baina uste dut berdin-berdin jarraitzen dutela.

Espabilatzen ez bada, Aralar Ezker Batua izateko bidean da. Hau da, mandatuetarako EAJren laguna. Eta horrek, normalean, ez du oso ondo amaitzen. Eta, kontuz, Hamaikabatekin, ze igual Iñaki Galdosek jan diezaioke terrenoa eta nire porran duen zinegotzi bakarra txantxikuarraren esku geratu.

Sortu-EA-Alternatiba hirukoa inkognita hutsa da oraindik. Ez dirudi Sortuk aurkezteko aukera izango duenik, baina batek daki. Dena den, boto horiek ez dira zakarrontzira joango oraingoan eta Sorturen boto horiek EA / Alternatibaren esku gera daitezke.

Telefonoz hitz egin dut gaur arratsaldean lagun batekin eta esan dit Jukebox-en gaurko apuntea irakurtzeko. Goiko lerro hauek idatzi ondoren hasi irakurri ditu. Ohikoa duen ironia erabiliz, Moyanok dio PP-EAJ-Hamaikabat formulak ken diezaiokeela alkatetza Odoni. Albertok dionez, Teledonostin formula horren alde agertu omen zen Gómez Ugalde (PP), Eneko Goia (EAJ) aurrean zuela. Basagoiti ere Odon botatzearen alde azaldu zen igandean.

Egia esateko, ez dit loa galarazten kontu honek. Gutarrek inoiz ez baitute irabazten.

Ni Bassmattiren kanta berri bat entzuten geratuko naiz. Etxean, seguraski.

Apunte político donostiarra, este post en castellano.

Hauteskunde kanpaina

Hauteskunde kanpaina Europako herririk atzeratuenean. Diot.

"Ilusio handirik gabe bizitzen ari naiz hauteskundeena. Alde batetik, hori bai, amorrazioarekin, ezker abertzale ofizialaren zerrendak baliogabetuko dituztelako ziurrenik, eta hori guztiz bidegabea iruditzen zait. Gainera atxiloketa horiek guztiak egon dira, tartean nire sindikatukide batena, Arantza Urkaregirena... gogorra, injustua iruditzen zait guztia".

"Baina, bestalde, ezker abertzale horrek, berez, ez nau batere erakartzen, lehengoan Arnaldo Otegiren elkarrizketa irakurri nuen eta ez zegoen autokritika izpirik, ez dakit, Carrascoren edo Uriaren hilketen ondoren inork ez esatea «gaizki iruditzen zait» seinale txarra da..."

"Eta hirukiaren beste erpin nagusiei buruz, zer esan... Partidu bera boterean egotea hogeita hamar urtez ez da sanoa inola ere, ez hemen ez inon, eta ez da harritzekoa garatu den ustelkeria eta klientelismo guztia. Alde horretatik ondo legoke EAJk boterea galduko balu (...) Patxi Lopezen alternatiba ez zait erakargarria egiten, ez bakarrik bere gizarte eta ekonomi eredua dela eta, baizik eta baita euskaltzalearen ikuspegi soiletik ere".

Iban Zaldua, publikatu duen azken liburuaz, politikaz, ekonomiaz Berrian. Elkarrizketa larunbatean argitaratua da.

Nik ere neure egiten ditut Ibanen hitzok.

Mikel Iturria 2009/02/09

Musika peperoa

Youtuben daude jada PP alderdiak atzo Donostian egin zuen ekitaldiaren zatiak.

Gaurko El Mundon (Euskadiko edizioan) ikusi dut azalean Pignoise taldeko abeslariaren gandorra, kamiseta eta gitarra Alderdi Popularreko Euskadiko goi karguez inguratuta.

Bazkaltzerakoan enteratu naiz ekitaldia Donostiako Victoria Eugenian izan zela atzo igandean.

Gauean, berriz, blogak irakurtzen ari nintzela Jon Tornerek Argian idatzitako PP Crazy in love apuntea irakurri dut. Handik youtubera joan naiz eta bideo honekin egin dut topo.

Aurreko batean esan nion politikari bati: a zer nolako kanpaina jasan beharko dugun udaberriko hauteskundeak izan arte!


Eguneratzea. Urriak 29. 22:15. Luistxorengatik jakin dut bideoaren Sarri Sarri bertsioa dagoela jada sarean.

Elkarrizketa ez, bakarrizketak nagusi

Xabier Zabaltzaren "Gu, nafarrok" liburuan irakurritako pasarte bat abiapuntu.

Astelehenetik ez dut periodikorik erosi. Total, zertarako? Ostiralekoak pott eginda utzi ninduen. Aste bukaeran egon naiz irakurtzen Xabier Zabaltza historialari eta itzultzaile nafarraren Gu, nafarrok liburua. Handik atera dut testu hau:

"Orohar, eusko-nafar zein erdo-nafarren artean lan intelektuala gutxietsi eta kirola handiesteko joera dago. Ez dakit nafarrak espainolistak, baskistak edo navarristak diren, baina bistan da osasunistak direla. Eusko-nafarrek eta erdo-nafarrek berdin-berdin jauretsi zuten Miguel Indurain eta haren desagertzeak hutsune bat utzi zuen, batzuek eta besteek oraindik bete ezin izan dutena. Nor izanen ote da Indurainen ordezkoa? Geroak erranen. Zaila iruditzen zait, baina, poeta, filosofo, artista edo zientzialari bati duin iriztea ohore hori lortzeko. Eta zer esanik ez, emakume bati ere ez".

"Lan intelektualarekiko utzikeria kultura kontzeptuaren inguruan izan daitekeen adostasunean adierazten da, gazteen artean gehienbat. Erdo-nafar eta eusko-nafar anitzendako ostatua da kulturaren babeslekua. Kontzeptu horren interpretazio zabal samar horrekin loturik agian, elkarrizketarako zailtasuna eta, argudioen bidez konbentzitzen saiatu beharrean, aurkaria iraintzeko joera nabarmena dago. 1977tik aurrera, teorian estatu demokratiko batean bizi bagara ere, Nafarroan (eta ez bakarrik Nafarroan), ezinezkoa izan da eztabaida serio bat edukitzea gizartea ukitzen duen edozein aferaren gainean, direla beste euskal autonomia erkidegoarekiko harremanak, euskara, NATO, abortatzea, Iparraldeko Autobia, Itoizko Urtegia, intsumisioa edo, gaur egun, Lastertasun Handiko Trena eta inmigrazioa. Elkarrizketa bat izan beharrean, bi bakarrizketa izan dira gehienetan, Nafarroako Gorteetan eta hortik kanpo".

Nafarretaz ari da, baina besteoi ere aplikatzen erraza da. Liburuaren tonua gustatu zait, nahiz askotan garratza izan. Aipatutako bi parrafoetan dagoen ideia nagusiarekin ere ados nago: ez dugu bestea entzuteko ohiturarik. Lankide batek esan zidan atzo Holandako bere ezagun bat sarritan geratzen zela lagunekin eztabaidatzeko. Gurasoekin ere egiten omen zuten zita noizean behin. Noiz ikusiko dugu hori hemen?

Liburuxka honen berri eman zigun Joxe Aranzabal farozainak, baita Beni komandanteak ere. Azken honengatik iritsi naiz Bixente Serrano Izkok idatzitako kritikara.

Bukatzeko, goian jarri dut esteka, baina hona hemen berriro Mikel Asurmendi kazetariak eginiko elkarrizketa.

Itxura ona du ere Bezperaren bezperan, Aingeru Epaltzak azken hogeita hamar urteei buruz idatzitako kronika liburua. Hamar urte gehiago jarri dizkiote liburuaren azal-hegalean eta akats bera errepikatu dute Argian Miel Anjel Elustondok eginiko elkarrizketan, baina hori beste kontu bat da.

En castellano

Otarrainxkak baino dilistak nahiago

Otarrainxkak eta dilistak. Aingeru Epaltza. Mertxe. Miguel Sanz. Otarrainxkak. Dilistak.

Gosaltzen nuen bitartean, Euskadi Irratia nuen piztuta sukaldean atzo goizean. Aingeru Epaltza iritzi-emaileari entzun nion aipatzen sarean ikusi berri zuela Langostinos y lentejas bitakoran nik lehengoan egin nahi (baina egin ez) nuena. María San Gil eta Rosa Díez politikarien ekitaldi bi boikotatzen saiatu dira pertsona batzuk azken aste hauetan. Garai batean, aipatu biak, baita beste zenbait jende ere, joaten ziren udal plenoetara beste politikari batzuei aurre egitera. Blogean bi argazki ageri dira: bata, gaur egungoa; bestea, duela zenbait urtekoa. Azken hau egoera gordinean aterata dago (pertsona baten erailketaren ondoren hartutako irudia baita), baina Andoainen Josu Jon Imazi epelak esaten ageri dira aipatu biak. Nacho Escolar blogariak ere egin zuen aipamen bat bere blogean, baita ABC egunkariaren lotura jarri ere (2003ko otsailekoa da informazioa).

Lanean nengoela jada, youtubeko bideo-lotura bat bidali zidan lagun batek. Goizean ez nuen izan ikusteko astirik, baina etxean bai ikusi dudala. Hauxe da bideoa:


Miguel Sanz azaltzen da alderdikideen aurrean Nafarroan gehiengoa lortzeko zer egin behar duten esplikatzen (saiatzen behintzat). Lau minutu eskaseko bideo bitxia ikusteko modukoa da (horregatik itsatsi dut goian).

Youtuben begiratzen ari nintzela, bideo hori lotzen zuten blogak ikustera joan naiz eta hara non agertu zaidan bigarrenez Langostinos y lentejas.

Norbaitek bidalitako seinalea izango ote da? Auskalo, baina hemendik aurrera kontutan hartuko dut Nafarroako egoera politikoa gertutik jarraitzen duen bitakora.

En castellano

Mikel Iturria 2008/03/01

Tonua zaindu behar da

Adegin ere e-maila erabiltzen dute langileei esateko idazkari nagusia botako dutela. Politikarien debateak, berriz, 90. hamarkadakoak dira Espainiako Erreinuan. Eta Anasagasti haserre blogari onenaren saria lortu ez duelako.

Adegi Gipuzkoako Enpresarien Elkartean ere moduak aldatu direla dirudi. Jende gaztea dator atzetik elkartea hainbat urtez gobernatu duten Ruiz Urchegui eta konpainiaren kalterako. Noticias de Gipuzkoa periodikoan asteartean azaldutako albisteari erreparatuz gero, Eduardo Zubiaurre presidenteak kendu ditu kargutik Ruiz Urchegui eta Arturo García. Aldez aurretik ezer esan gabe, bitxia suertatu da lehendakariak nola jakinarazi dion erakundeari kargu gabetzea: langile guztiei bidalitako e-mail baten bidez. Eta orain komeriak, orain aztertu behar omen dute ea presidentea gai ote den halako erabakia hartzeko edo eskuduntza hori ez ote dagoen komite exekutiboaren esku.

Berdin-berdin jarraitzen duena Espainiako politika da. Bi indar nagusietako hautagaien arteko sasi-debateak laurogeita hamargarren urteetako kutsua zuen, hasi aurkezlearekin, segitu estetikarekin eta bukatu zurruntasunarekin. Ez zen 2.0 izan eta debatea ikusi genuenon kopurua ere joan den hamarkadakoa dirudi: 13 milioi pertsona.

Eta bere horretan jarraitzen duena Anasagasti jauna da. Argia.com webgunean irakurri diogu Jon Torneri Las Ideas guneak Espainiako politikari baten blog onena aukeratzeko lehiaketa antolatu zuela. Hiru blogari iritsi ziren finalera: bi euskaldun (Patxi López eta Anasagasti) eta Extremadurako lehendakaria (ez Ibarra, Guillermo Fernández Vara baizik). Irabazlea azken hau izan da eta Anasagasti kabreatu dela dirudi. EAJkoa izango ez balitz, bera izango litzatekeela garailea zioen pasa den astean blogean. Eta Extremadurako presidenteak erantzun egin dio.

Garai batean jarraitzen nuen politikari jeltzalearen bloga, baina ohitura hori baztertu behar izan nuen ezin nuelako jasan bera denen gainetik ibili beharra. Umilagoa izan beharko luke Anasagastik. Kasu egin beharko lieke apunte honetan Julen Iturbek enpresei egiten die aholkuei.

En castellano

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31