Harrikadak
pintxos&blogs
Uste baino kaikuagoak?
Ez al ginen ba kosmopolita petoak?
Aurreko batean entzun nion pertsona bati, Zinemaldia antolatzen duen taldeak ez zekiela nori begira prestatu jaialdia. Hau da, bertako prentsan (española barne) oso emaitza kaskarrak lortzen dituzten filmek, mundu mailako puntako aldizkarietan nota altuak lortzen zituztela. Eta hemengoentzat gustukoak ziren filmak, berriz, iritzi eskasak jasotzen zituztela aipatu tribunetan.
Hau da, Campanellaren filma (El secreto de sus ojos) Donostiara iritsi zela puntako beste jaialdi batean ez zutelako onartu. Bruno Dumont-en Hadewijch, aldiz, eliteko beste jaialdi bati kendu ziotela eta urteko filmik ederrena dela lehen aipatutako zine aldizkarientzat.
Hori guztia ostiralean entzun nion. Ostiralean bertan David de Jorge gonbidatu zuten urriko Pintxos and Blogs ekitaldira (hona hemen De la Maza eta Mak Gregoryren kronikak). Davidek kontatu zuen Frantzian pasa zuela urtebete goi mailako jatetxe batean. Bueltan, Gasteiza ekarri zutela aipatu chefa, halako batean, eta David bera gonbidatu bitartekari lanak egitera. Daviden ustez, frantsesak oso plater bikainak mahai gaineratu zituen, baina bilera hartan zeuden gehienei, sukalde kontuetan ustezko adituak, ez zitzaien batere gustatu edo, behintzat, pega asko jarri zituzten.
Ireki parentesia. David ganberroak ederra egin zuen: berak itzultzen zizkion frantsesari besteen iritziak, baina berak nahi bezala. Hau da, itzulpen sui generis. Itxi parentesia.
Egun berean entzundako bi pasadizo hauek, galdera hauek utzi dituzte nire buruan: Uste baino kaikuagoak gara? Ez al gara uste dugun bezain kosmopolitak? Zilborrari begira jarraitzen dugu hura gizentzen den bitartean?
Ez erantzun, mesedez. Oraindik ez, behintzat. Goazen publizitatera.
Igual no somos tan cosmopolitas, este apunte en castellano
Blogak eta pintxoak Donostian
Oporrak hartu berri nituela ospatzeko, atzo hurbildu nintzen lehenengo aldiz Blogs & Pintxos bilkura donostiarrera.
Oker ez banago lehenengo zita uztaileko lehen ostiralean izan zen, baina ezin izan nuen hurbildu. Atzo, ordea, bai eta iluntzeko 20:00ak baino lehen Donostiako Gandarias tabernan nengoen ea nor zetorren ikusteko irrikitan.
Bertan zeuden David Sánchez Bote, Unai García eta Txomin DD. Aitor Garay-Romero ere laster hurbildu zen. Beranduxeago Ana Malagón, Aini78 lagunarekin. Atzetik etorri ziren Goio Telletxea eta Orreaga. Lehenengo tragoa hartzen ari ginela Pintxos & Blogs ekimeneko antolatzaileak (be-ran-du): Xabier de la Maza eta Andoni Munduate. Beraiekin batera Iñaki Rodríguez eta Latitxa.
Gandariasen trago bat hartu ondoren, La Cuchara de San Telmora abiatu ginen. Han agertu zen Maite Goñi. Zer jan genuen? Haragia eta arraia. Karrillerak edo masailak eta bakailua. Beste zerbait ere erori zen, baina orain ez dut gogoratzen zer zehatz-mehatz.
Handik Arrandegi kaleko Txepetxa tabernara. Bertako espezialitatea ez genuen probatu (antxoa solomoa), baina gilda plater bat eta kroketa bana dastatzeko aukera izan genuen.
Hurrengo geltokia, Etxaniz taberna. Edariak hartu genituen soilik, ez zirelako gai izan, 14 tortilla pintxo atera beharrean, patata tortilla bat platerean zerbitzatzeko. "¿Así queremos ser capital cultural?" esaldiarekin burutzen den gertaera tipikoa. Edonork izan dezake egun txarren bat, baina ez zitzaigun gustatu zabarkeria hura.
Bokatak jateko Sarriegi plazako El Quinto Pinora hurbildu ginen eta plazako eserleku korritu batean egon ginen patxada ederrean hizketan. Bueno, Worldgate jaunak egiten zuen berba soilik eta besteok entzun egiten genuen.
Baten bat etxera joan bazen ere, gehienak Konstituzio plazako terraza batean hartu genuen azken tragoa.
Hurrengo zita abuztuaren 29an izango da Gladys Enea edo Cristina Enea parkean. Liberalak egin du deialdia bere blogean. Ezin izango naiz egun horretan hurbildu, baina ahaleginak egingo ditut hurrengoan (oker ez banago, iraileko lehen ostiralean, iluntzeko 20:00etan, Gandariasen).
Oso ondo pasa nuen.