Harrikadak
patxi_lopez
Ondo dabil Patxi Lopez
Radio Nacionaleko solaskideen arabera.
"Urte hasieran, urtarrilaren 2an, honako hau entzun nuen Espainiako Radio Nacionalean: azken Euskobarometroaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar biztanletik zazpik ez dute konfiantzarik batere, edo arras konfiantza guti dute, gaur agintean dagoen gobernuan. Egun hartako solaskide guztiek, aho batez, harrigarritzat jo zuten ehunekoa, haien iduriko nahiko ongi ari baita oraingo lehendakaria."
"Badugu, beraz, abiapuntua: inkestek diotena diotelarik, ederki ari da Patxi Lopezen gobernua eta, zerbait aldatzekotan, inkestaren zentzua aldatu beharko lukete kazetariek, ez beren iritzia. Eta hala egin zuen saioko parte-hartzaile batek: %70en gaitzespena handia da, jakina, baina kontuan hartzen badugu hauteskundeetan hautesleen %20k bertzerik ez zuela PSE bozkatu, orduan ohartuko gara Lopezek bertze %10 erantsi diola hasieran zeukan konfiantza kopuruari. Hortaz, segitu zuen irratiko kazetariak, egunkari batek erran lezake, eta arrazoi osoz, gaurko Eusko Jaurlaritzak hamar biztanletik soilik hiruren babesa duela, baina hori bezain zilegi izanen litzateke adieraztea lehendakariak, oso denbora laburrean, %10ean zabaldu duela herritarren artean duen onespena."
"Azalpenak ez zuen objekziorik sorrarazi solaskideen artean. Horri, nonbait, Espainiako Radio Nacionalean, inkestak interpretatzea deitzen zaio."
Santi Leone. Eguraldia gorabehera. Argia. 2010-01-31.
Agur Ibarretxe, kaixo López
Jamaikara bidaliko dut lehen gutuna.
Dear JOR:
Atzo gertatu zen denok espero genuena: Ibarretxek agur esan zion lehendakari karguari (baita, bolada batez, gutxienik, bere karrera politikoari ere) eta Patxi López izendatu zuten haren ordez. Ez dut astirik izan atzokoa behar bezala jarraitzeko, baina, gauean, egunean zehar gertatukoaren berri izandakoan, burutik pasa zitzaidan lehen gauza izan zen: zer idatziko luke gaur honetaz, Ortizek? Hau da, aurrekoan Jose Saramagok zu agurtzeko idatzitako testuan izandako burutazio bera.
Gero, Ibarretxek politika utziko duela jakiterakoan, pentsatu nuen ea zurekin gogoratu ote den azken egun hauetan. Ez dut ezer idatzita ikusi inon, baina igual niri pasa egin zait eta Juanjo zutaz oroitu da nonbaiten.
Patxi López, lehendakari. Bale. Sustatun irakurri dut Sarrionaindia, Saizarbitoria eta Onaindia aipatu zituela diskurtsoan. Ederki. Garan irakurri nuen, noizbait Kortaturen Sarri, sarri kantarekin dantza egin izan duela. Ondo da.
Pena hartu nuen Ibarretxeren agur hitzak entzundakoan, baina Eneko Olasagastik eta Joserra Garziak Argian azken aste hauetan idatzi dutenarekin bat nator: ez dela munduaren akabera izango. EAJk utzi behar zituen Ajuria-Eneako alfonbrak eta beste bati tokia utzi. Bai, badakigu nola gertatu den hau dena, baina orain esateak ez du balio. Lehenago egin behar zen zerbait.
Portzierto, zure webgunea berritzen ari gara. Bi atal berri sortu ditugu:
"Desde Jamaica", egunero zure testu zaharren bat errekuperatzen ahaleginduko gara.
"Tributos": zutaz jendeak idatzitako testuak jartzeko asmoa dugu, (nahiz eta zuri, agian, izen hori ez gehiegi gustatu).
Besarkada bat, JOR.