Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak mikel_laboa

Harrikadak

mikel_laboa

Xabier Lete, in memoriam

Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak.

2008ko abenduaren 1ean hil egin zen Mikel Laboa eta 2010eko abenduaren 4an hil da berarekin batera Ez Dok Amairu mugimenduan ibilitako beste artista bat, Xabier Lete abeslaria eta poeta. Eta triste geratu gara, noski. (Eguneratzea: Leire Narbaizarengatik jakin dut Lourdes Iriondo ere abenduan hil zela, 2005eko abenduaren 27an, hain zuzen ere).

Gurasoek ez zidaten musikarako grina pasa. Etxean ez baitzen musika askorik entzuten. Eta, horrela, ez naiz Ez Dok Amairu belaunaldiko musika asko entzun duen horietakoa. Gehiago entzun dut Laboa hil ondoren, aurretik baina, adibidez.

Egun gorabeheratsuak bizitzea tokatzen ari zaigu eta askotan ez gara gai jakiteko zer kristo gertatzen ari den. Horrelakoetan, komeni da erroetara jotzea, gure maisuei erreparatzea.

Atzo ez nuen denbora asko pasa sarean, baina bai izan nuela Fermin Muguruzak twitter eta facebook sareetan utzitako mezua irakurtzeko beta. Oso laburra zen: "2008, Eskoriatzan: 3 belaunaldi elkarrekin; Eñaut Ken 7, Xabier Lete eta ni. Agur Xabier, gu sortu ginen enbor beretik, sortuko dira besteak..."

 Hiru kantari handi

Ondo baino hobeto gogoratzen dut Joxe Aranzabalek bere blogean jarritako hirukotearen argazki hau. 2008ko ekainean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa izeneko graduondokoan izan zuten hitzordua. Asko esaten du argazkiak: hiru belaunaldi elkarrekin, irribarretsu. Eta eskertzen da argitasun hau udazkeneko egun ilun hauetan.

Atzo Gorka Juliorekin eta Maite Goñirekin izandako solasaldia gogoan, musikalak izan ziren Ez Dok Amairu eta Euskal Rock Erradikala (RRV) mugimenduak. Eta orain beste mugimendu baten beharra dago. Ea hura sortzeko gai garen. Belaunaldi artekoa izango da? Baliteke. Eta ez da musikala izango (ez soilik behintzat).

Bi gauza gehiago apunte hau amaitu aurretik: Durangoko Azokan, 1990eko abenduaren 6an jaio zen Euskaldunon Egunkaria. Eta Mikel Laboa hil zen egun berean, pasa den asteazkenean, aurkeztu zen haren omenez eginiko Txinaurriak. Mikel Laboari ikasitako kantak diskoa, Bidehuts-en ekimena. Oraindik ez dut diskoa entzuteko aukera izan (Posta Bulegoan dago, ea bihar jasotzerik dudan). Bideo zoragarri batekin utziko dizuet: Ruper Ordorika agertzen da bertan Gure Bazterrak abesten.

Beraz, dena ez da pena abenduan.

Xabier Lete, in memoriam. Este apunte en castellano.

Mikel Laboa 75... Teledonostin

Kopeta behar da horrelakoak egiteko.

Gaur beteko zituen Laboak 75 urte eta, hori aprobetxatuz, Antiguotarrak Dantza Taldeak Mikel Laboaren omenez emanaldia prestatu zuen pasa den ostiralean Antigua auzoan.

Aste bukaeran Ribadesellako El Corberu etxean izan garenez (oso toki gomendagarria), ezin izan genuen kontzertua ikusi. Hurbildutako lagunek (batzuk sarrerarekin eta besteak gabe) esan didate hunkigarria izan zela gaua (eta hori irakur dezakegu ere Berrian Ainara Gorostizuk sinatutako kronikan).

Halere, gaur goizean jakin dudanean Teledonostik (Vocento taldeko telebista lokalak) kontzertua bota zuela larunbatean bertan, haserretu egin naiz. Esan dizutenean kanta batzuk bakarrik grabatzerik dituzula, kopeta behar da denak grabatu eta hurrengo egunean kontzertua osorik (edo ia-osorik) emititzeko.

Izan ere, telebistek eta gainerako medio grafikoek, normalean, bost-hamar minutuko tartea izaten dute kontzertu, antzerki edo dantza emanaldietan irudiak hartzeko. Hortik aurrera, hanka egin behar izaten dute.

Ikusiko dugu zer gertatuko den, baina antolatzaileek kontzertuaren DVDa ateratzeko asmoa dute.

Honekin loturik, Mikel Laboari buruz eginiko beste DVDa aurkeztuko ei du Elkar argitaletxeak asteazkenean Donostian.

Hona hemen Luistxok ostiralean bertan ateratako argazki bat, Imanol Uribek eginiko filmeko fotograma bat. Irudiak CC lizentzia du.

Omenaldiak

Ekainaren 7an Pepe Rubianesi omenaldia Bartzelonan. Ekainaren 12an Mikel Laboari Donostian (Antiguan, of course).

Harrituta geratu naiz komunikabideetan irakurri dudanean 14.000 lagun bildu zirela Katalunian Pepe Rubianesi eginiko omenaldian (La Vanguardian irakurri dut zerbait, baita El Paísen ere).

Gauza gehiagoren bila Andreu Buenafuentek bere telebista saioan Rubianes hil zen egunean bertan eginiko omenaldi txikia ikusi dut (behean dago bideoa).

Hasiera batean, Rubianes "se metan su puta españa por el culo" (irakurri ere Javier Pérez de Albénizen artikulua) esaldiagatik gogoratu dut, baina Buenafuentek dioen bezala hori oso sinplista da. Ibilbide sendoko aktorea izan baita (TVEn, adibidez, Makinavaja egin zuen).

Eta omenaldiak gora eta behera, ostiralean, ekainaren 12an, Mikel Laboari Antiguako frontoian egingo diotena ere polita dirudi. Izen, belaunaldi eta estilo nahasketa egin zait interesgarri. Lastima, baina ez naiz hemen egongo asteburuan.

Ez da izango Laboaren memoriari eskainiko zaion azken ekitaldia (duela gutxi beste bat egin zioten Usurbilen, adibidez). Udazkenerako beste bat prestatzen ari omen dira, Donostian bertan.

Jaun-andreok, zuekin Andreu Buenafuente eta Pepe Rubianes.

Eta sen ona aurkeztu egin zen

Jorjari dedikaturiko lerroak.

Azkenean, atzo aurkeztu zen Ernest Lluch Kultur Etxean Imanol Querejeta eta Javier Vizcaíno bikoteak idatzitako "De cabeza. Para qué sirve un psiquiatra" liburua. Aurkezle lanetan Jabier Muguruza aritu zen eta hitz hunkigarriak izan zituen irundarrak. Testu hori gaztelerazko blogean jarri dut: Gautama Buda, Mikel Laboa y una buena amiga.

Ehun lagun inguru bildu ginen. Jabierrek bi folio irakurri zituen eta paso eman zion bikoteari. Beti bezala Imanol eta Javier solasaldi interesgarrian aritu ziren, apal eta sakon. Gero, jendearen txanda iritsi zenean, galdera guztiak Imanoli zuzendutakoak izan ziren.

Ez nituen apunteak hartu, baina ideia hauek geratu zaizkit buruan: sistema publikoaren defendatzailea dela banekien ("badira gaixotasun batzuk soilik sistema publikoak trata ditzakenak") eta psikologoa eta psikiatraren arteko desberdintasuna esaldi batean finkatu zuen: psikiatra mediku bat da; psikologoa, ez. Hogeita hamar urte luze ei daramatza psikiatra gisa lanean eta oraindik ez duela erorik ezagutu jaurti zuen lasai-lasai. Gehiago nahi izanez gero, irakurri liburua.

Heriotza ere presente egon zen iluntzean. Jabierrek irakurritako testuan Mikel Laboaren aipamena zegoelako, besteak beste. Jabierrek ezin zuen imaginatu, baina, ikusleen artean Marisol, Mikelen alarguna, eta Agurtzane, alaba, egongo zirenik.

Afaltzen ari ginela, berriz, Joxean Arbelaiz hil zela jakin genuen. Bat-batean. Kultura Patronatuko zuzendari ohia, Jaurlaritzako goi kargu, eskola maisu, Andramari abesbatzaren presidente... Harreman gutxi izan dut nik berarekin, baina beti tipo jantzia eta edukatua iruditu zait. Gugan bego!

Mikel Laboa: ez da errespetatu familiaren nahia

Itxura guztien arabera, Gipuzkoako mediorik handiena izan da Mikel Laboaren familiaren nahia alde batera utzi duen bakarra. Zer iruditzen zaizue?

"Hasiera batean, familiak erabaki zuen Mikel intimitatean agurtzea, beilategiko joan-etorriaren ondoren, pasa den asteartean, alor ezberdinetako izen handi asko bildu baitziren bertan. Baina, lagunek erakutsitako interesa zela-eta, errautsak haizatzeko tokia eta eguna jakinaraztea erabaki zuen (familiak).  Eta komunikabideei eskatu zien ez grabatzeko eta filmatzeko ekitaldia".

Diario Vasco: Agiña ahora es más sagrado, 2008ko abenduak 8.

Interneten dagoen kronika laguntzeko, ekitaldiaren 20 argazki eskegi dituzte. Goiko paragrafoaren arabera, badirudi kazetaria berak ere deseroso idatzi duela kronika.

Google-n bilaketa azkarra egin dut (Agiña + Laboa) eta badirudi Gipuzkoako mediorik zabalduena dela, prezeski, familiaren nahia alde batera utzi duen bakarra. Gainerakoek ez dute argazkirik jarri. Eta ekitaldiari buruzko kontaketa zeharka egin dute.

Ez dut garbi. Alde batetik, horrelako une batean hildakoaren sendiak agertutako nahia errespetatu beharra dago. Bestetik, baina, halako pertsonai baten aurrean egonik, ez zait hain gaizki iruditu erreportajea, tonoa ere egokia baita.

Zer iruditzen zaizue? Nahi baduzue, of course.

Mikel Laboa: no se respetó el deseo de la familia

Mikel Iturria 2008/12/08

Mikel Laboak ere alde egin du

Mikel Laboa. 1934-2008. Goian bego.

Gaur goizean autoa hartu eta etxerako bueltan gentozen hiru egun Arnedilloko bainuetxean pasa ondoren. Iruñea paretik pasa gara eguerdiko 13:00ak aldera eta albistegiaren bila aritu naiz irrati aparatuan. Euskalerria Irratian Mikel Laboaren musika entzuten ari nintzen, baina hori ohikoa iruditu zait. 13:00ak eman eta albistegiaren tenorean Laboaren musikak jarraitzen zuela konturatu naizenean, pentsatu dut Gipuzkoako Foru Aldundiak joan den astean iragarritako urrezko domina entregatu diola gaur. Zoritxarrez, oker nenbilen: agur esan baitigu gaur Laboak.

Ez naiz oso Laboazalea izan, baina "Gauerako aterbea", adibidez, Negu Gorriak-en bertsioagatik ezagutu nuen. 1990. urtearen bueltan bertsioz osaturiko diskoa egin zioten euskal rock musika taldeek Xabier Montoiak pentsaturiko proiektuan: M-ak, Delirium Tremens, Bap!!... Gustatuko litzaidake binilo hura norbaitek CDan berrargitaratzea.

Arratsaldean, Euskadi Irratian entzun ditut Harkaitz Canoren hitzak. Goizen Elkar argitaletetxean publikaturiko azken liburuaren aurkezpenean botatakoak. Jende gaztearekin konektatzeko Laboaren erraztasuna goraipatu du Harkaitzek. Gaineratu du ere Laboarentzat Harkaitz New York-en bizi zela.

Lasai Harkaitz: badut lagun bat Laboaren familiakoa dena. Karrera amaitu eta urteak lanean eman ondoren, oraindik ere batxilergo ikasketak ea nola zihoazen galdetzen omen zion Mikelek aipatu lagunari.

Arratsaldean aita bisitatu dut egoitzan eta Donostiarako bidean, Agurtzanerekin gogoratu naiz, Mikelen alabarekin. Euskal Herriak musikari handi bat galdu du, baina Agurtzanek aita. Eta hau galera handiagoa delakoan nago.

También nos deja Mikel Laboa

Galtzeimer (X) Erroak

Atzo goizean ingresatu genuen atta Donostiako egoitza batean. Aspaldian gertaturiko istorio bat kontatuko dut gaur.

Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.

1979-80 urteen bueltan, telebista espainolean Raíces telesaila arrakastatsua botatzen zuten, Afrikatik Ameriketara esklabo eramandako Kunta Kinte gizasemearen istorioa, Alex Haley idazlearen eleberrian oinarriturikoa.

OHO amaitu gabe nuen oraindik eta baserrian bizi ginen. Beheko solairuan sukaldea, komuna eta ukuilua. Goiko solairuan gurasoen, anaiaren eta nire gelaz aparte, egongela.

Denok lotara joanak ginen, baina atta komunera jaitsi zen. Eskaileratik gora, nire koartoko argia piztuta zegoela ikusteko aukera zegoela ez nuen kalibratu. Cajahorrosak (Probintzialak? Munizipalak?) oparitutako Alex Haley idazlearen liburua irakurtzen ari nintzen buru-belarri eta ezin amata argia.

Irakurketan erabat murgildurik nengoela, haserre bizian sartu zen gelara. Liburua kendu, lurrera bota eta argia alferrik gastatzen ez ibiltzeko esan zidan.

Liburuaz ez naiz gogoratzen. Kunta Kintez, bai, telebisioan ateratzen zelako, nahiz eta nik ez ikusi (berandu botatzen zutelako). Liburua gurasoen etxean ikusten nuenean eta kolpearen ondorioz zuen orbaina ikusten nuela, beti gogoratzen nintzen egun hartan gertaturikoa. Aldiz, ez dut attaren zaplastekorik gogoan. Haserrealdi hura eta beste batzuk bai (une goxoak ere bai).

Laboaren kanta berregokituz (hegoak fuera): "Erroak ebaki banizkio…". Horrela sentitzen naiz egunotan. Are gehiago atta egoitza batean utzi dugularik. Ez zegoen beste aukerarik, baina gogorra da.

Karrusela abiadura hartzen hasi zenean, ezagun batek esan zidana dut gogoan iltzatuta. Haren ama dementziak  eraman zuen. Ondo zekien zetorkiguna: "Saihestezina ez da tragikoa. Animo, pazientzia, ahalik eta umore gehiena. Ezin da ezer egin. Jan dezala, garbia egon dadila, ahalik eta gutxien sufri dezala. Bai, ondo pentsatuta, badakit oso mingarria dela".

Jobim maisuak zioen bezala, “Tristesa nao tem fim / felicidade sim”.

Raíces

Mikel Iturria 2008/09/10

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31