Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak mikel_astarloza

Harrikadak

mikel_astarloza

Mikel Astarloza gogoan

Ostiral arratsaldean balizko positiboaren berri izan nuenetik, ezin dut burutik kendu.

Ostiral goizean Arantxa Arzak Mikel Astarloza elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko “Amarauna” saioan. Patxada handiko hogei minutuko solasaldia izan zen. Irratsaioan parte hartzeko aukera izan nuen, gainera (eskerrik asko, Arantxa).

Aurtengo Tourreko hamaseigarren etapa irabazi ondoren, horrelako zenbat dei jasoko zituen pasaitarrak. Mordoa. Herrian omenaldia egin zioten, adibidez, eta Diario Vascoren webgunean ikusgai dago egun horretako argazki sorta. Dena zen irribarre, dena zen ospakizun. San Pedroko kolore morea nagusi.

Argazkiaren iturria: diariovasco.com

Ostiral goizean gogotsu zegoen Mikel Astarloza hurrengo eguneko Donostia-Donostia klasikarako. Baina, arratsaldeko 17:30ak aldera e-mail bat sartu zen nire postontzian. Ander Izagirrek idatzitako Mikel txapeldun! apuntean pertsona batek utzitako komentario baten berri ematen zidan korreoaren ku-kuak. Eta hor irakurri nuen lehen aldiz positibo hitza.

Van Gaal gogoan, txirrindularitzan positibo hitza “sempre negatifo” da. Google-en begiratzen hasi nintzen eta berehala hiruzpalau albiste ageri ziren berri txar horrekin. Kaka zaharra! Ezin nuen sinetsi. Ekainaren 26an lehiaketaz kanpo, Espainiako txapelketaren atarian, eginiko analitikan eman omen zuen positibo.

Splitweet erabiliz, abiatu nuen astarloza markaren jarraipena twitter sarean eta izugarrizkoa izan da azken berrogeita zortzi orduetan zalaparta. Hizkuntz askotan aipatua izan da eta, gehienek, egurra emateko.

Piano-piano, gazteak. Doucement. Kontranalisia egiteko dago oraindik-eta. Gainera, Diario Vascon Benito Urraburu txirrindularitza adituak dioen bezala, arraroa da kontu hau. Nahiz eta, berak dioen bezala ere, kaltea egina dagoen jada.

Hau irakurtzerakoan zuetako askok pentsatuko duzue ilusio faltsua dela nirea. Tira, izan daiteke, baina larria iruditzen zait oraindik behin-betiko emaitzak ez daudenean nola jipoitzen ari diren txirrindularia. Pronto dago jendea sua piztu eta denen bistan erretzeko. Ondo. Segi Inkisizioaren bidetik.

Zuzenbide karrera egin nuenean, bagenuen irakasle bat, behin baino gehiagotan errepikatzen ziguna “ni garantista naiz” esaldia (hori bakarrik ulertzeko gai nintzen; profesore horren gainerako jarduna hutsala baitzen). Tokitan da garantismoa txirrindularitzan. Zantzu txikiena bada, sutara. Eta kitto. Jarrai dezala gurpil eroak. Guri bost. Nor izango da erreko den/dugun hurrena?

Oharra: Mikel, animo asko ataka hau gainditzeko. Segi fuerte. Eta tinko. Oraindik ez duk azken hitza esan-eta.

Eguneratzea. 19:55: Urraburu baino urrutirago doa EITBko Xabier Usabiaga. Mikel Astarloza errugabea da.

Eguneratzea. Abuztuak 4. 16:25: Mikel Astarlozak gaur eguerdian Donostiako Amara Plaza Hotelean emandako prentsaurrea.

Mikel Astarlozari enbido

Frantziako Tourra twitter-en. Lance Armstrong.

Nire ingeles urriarekin gustatzen zait Armstrong-en twitter jarioa segitzea. Aurreko batean norbaitek esaten zidan ez zeukala garbi berak idazten ote duen edo ez, baina nik esango nuke baietz, marketing kontuetan asko baitaki Lancek.

Izugarria da ikustea une honetan 1.384.452 jarraitzaile dituela. Berak, berriz, 100 lagun jarraitzen ditu soilik. Kuriositatez egon naiz begiratzen ea zeintzuk ezagutzen nituen zerrenda pribilegiatu horretatik: Kurt Asle Arvesen, Andy Schleck, Cadel Evans, Manuel Quinziato, Simon Gerrans, Allan Davis, Viatcheslav Ekimov, Christian Vande Velde, Levi Leipheimer, Ivan Basso, George Hincapie, Johan Bruyneel, Axel Merckx...

Beraz, familia eta lagunez gain, txirrindulari profesional edo txirrindularitza munduko jende asko jarraitzen du. Horiek guztiek nagusiki ingelesez idazten dute, baina jarraituenak 53.000 follower ditu (tokitan dago Texaskoaren marka).

Maite Goñirengatik izan dut twitteatzen duten Tourreko 20 txirrindularien zerrendaren berri. Artikuluxka blog espainol batean agertu da, baina txirrindulari español bakarra dago bertan: Carlos Sastre. Avilakoa Tourrarekin batera hasi da twitteatzen eta gaztelaniaz zein ingelesez aritzen da. Kasu honetan, esango nuke ez dela bera orain arteko mezu guztiak twitteatzen dituena. Harrigarria egin zait Alberto Contador ez egotea twitter-en. Are gehiago, hainbeste taldekidek sare sozial hori erabiltzen dutela ikusirik.

Etxera etorrita, Mikel Astarlozari enbidoa bota nahi diot: Berria egunkarira egunero bidaltzen duenaz aparte, twitter kontua zabaltzea eta urtea amaitu aurretik Lance Armstrong-ek jarraitzen dituen 100 laguneko klubean azaltzea.

Amaitzeko aholku bat: entzun Javier Vizcaínok gaur goizean bertan Pedro Horrillori eginiko elkarrizketa. Bikaina.

Eguneratzea. 21:35: Javi Vizcaínok igo du jada elkarrizketa bere blogera. Bertan irakur ditzazkezue JVren inpresioak baita solasaldia bera entzun edota jaitsi, gordetzeko modukoa delako.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31