Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak manuel_fraga

Harrikadak

manuel_fraga

Ordóñez (54) eta Ortiz (64)

Beste gutun bat Ortizi. 64 urte beteko lituzke gaur, urtarrilak 24.

Dear JOR,

Hamazazpi urte bete ziren atzo ETAk Gregorio Ordóñez, Donostiako zinegotzi popularra, erail zuela. Orduan ere, aurten bezala, astelehena zen. Aurten bezala, Sansebastianetako ajea pasa berritan geunden. Aurten ez bezala, orduan ETAk hil egiten zuen.

La Cepa jatetxean izan zen eta bertan egon ginen afaltzen egun batean Josemari, zu eta hirurok. Biekin afaldu nuen azken aldia izan zen. Gero, Artesana kafetegira joan ginen eta argazkia egin zigun Josemarik.

Izan ere, Ordóñez aipatu eta La Cepa etortzen zait gogora. Eta zu ere bai, noski. Oker ez banago, Egin Irratian egona zinen Ordóñezekin hainbat eztabaidatan, ezta?

64 urte, tio! Ez dakit Jamaikara iritsi ote zaizun Público gaizki dabilenaren albistea. Ikusteko dago ea zer gertatzen den, baina itxura txarra dauka auziak.

La Tuerkan egin zuten aurreko batean Público-ri buruzko saio berezia eta gauza interesgarriak entzuteko balio izan zuen. Aurretik Bilbon izandako euskal presoen aldeko manifestazioaz ere aritu ziren eta Juan Carlos Monederok ederki bota zuen ezin diogula terrorismo biktimen auzia eskuinari soilik utzi.

Ez nuen Ordóñez ezagutu. Bere alderditik oso urrun nago, baina bera erail zutenean demokratikoki aukeratutako zinegotzia akabatu zutela ezin dut burutik kendu.

Haren hilketak, eta beste askorenak, gorrotoaren gurpila ederki koipeztatu zuten. Eta nire galdera da zertarako?

Alde horretatik, behintzat, panorama argitu da. Baina uste dut, berriro ere, elastikoa soinean eramateko garaiak bizi ditugula eta ni ez naiz inoiz gustura sentitu kamiseta jantzita. Are gutxiago, jantzi arazten nautenean.

Ah! Fraga ere hil da. 1976ko martxoaren 3koa ere ezin burutik kendu. Hori eta beste hainbat injustizia. Estatu-gizon gisa saldu digute. Demokrazia Espainiaratu zuena. Lotsa pizarra izango balute bederen.

Besarkada handia, Javiertxo.

P. S.: 64 urte beteko zenituzkeen gaur; Ordóñezek 54 uztailean.

Ordóñez (54) y Ortiz (64), este apunte en castellano.

Porcelanas Bidasoaren itxiera

Berrogei urte pasatxo eman zituen aitak Porcelanasen beharrean.

Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.

Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.

Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.

Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31