Hemen zaude: Hasiera Blogak Harrikadak literatura

Harrikadak

literatura

1929ko eromena Marx-en begietan

Groucho, ez Karl.

"Bostongo Copley Plaza Hoteleko igogailuan nindoan. Igogailuzainak ezagutu egin ninduen, eta esan zidan".

"- Marx jauna, badakizu zer? Orain dela gutxi bi gizon igo dira, ur handitako arrainak, inondik ere. Jaka gurutzatuak zeramatzaten jantzita, eta krabelinak papar-hegaletan. Balio merkatuei buruz ari ziren hizketan; eta, benetan diotsut, lagun, zertaz ari ziren ongi zekiten, antza. (...) Kontua da gizonetako batek zera esan diola besteari: "Jar ezazu ahalik eta diru gehien United Corporationen".

(...)

"Igogailuzainari bost dolar eman, eta Harporen gelara joan nintzen, presaka. Segituan jakinarazi nion igogailuan topatu berri nuen balizko urre meategiarena. Harpo gosaltzen amaitzen ari zen, eta txabusina jantzita zegoen oraindik".

(...)

"Beraz, ni kaleko jantziekin eta Harpo bere txabusinarekin, atarira korrika jaitsi, artekariaren bulegora sartu eta istant batean United Corporationen ehun eta hirurogei mila dolarreko balioa zuten akzioak erosi genituen...."

(...)

"Gora eta gora jarraitu zuen merkatuak. Biran genbiltzanean, Max Gordon antzerki ekoizleak urrutiko deia egin ohi zidan New Yorketik, merkatuak kotizazioen berri emateko. Hartzaileak ordaintzeko deia izaten zen, baina zer axola? Berriak beti berdinak ziren. "Gora, gora, gora", beti".

(...)

"Garai hartan hasi nintzen goizak agentearen bulegoan eserita igarotzen, ulertzen ez nituen ikurrez betetako taula bati begira. Goiz iristen ez banintzen, ez nuen sartzeko modurik ere izaten. Burtsako artekaritza bulego askotan Broadwayko antzoki gehienetan baino jende gehiago izaten zuten".

(...)

"Egun jakin batean, merkatua zabuka hasi zen. (...) Nik ezagutzen nituen batzuek milioiak eta milioiak galdu zituzten. Nik zorte hobea izan nuen. Berrehun eta berrogei mila dolar besterik ez nituen galdu. (Edo ehun ea hogei lan aste, astea bi mila dolarrean). Gehiago ere gal nezakeen, baina horixe zen nik neukan diru guztia".

(...)

"Max Gordon adiskideak, garai bateko finantza aholkulari eta merkatari azkarrak, New Yorketik deitu zidan (...) Hauxe besterik ez zuen esan: "Marx, txantxa amaitu da!". Erantzun nuenerako, telefonoa mutu gelditu zen".

"Merkatuaren analistek argitaratutako zabor guztia kontuan hartuta, ez dut uste egoeraren gorabehera guztiei buruz nire adiskide Gordon jaunak egindakoa bezain laburpen zorrotzik inork egin zuenik. Hiru hitz haietan esan zuen esan beharreko guztia. Bai horixe, lehertu egin zen. Iruditzen zait bizirik jarraitzeko arrazoi bakarra nire adiskide guztiak egoera berean zeudela jakitea izan zela. Finantzetako zoritxarrak ere, edonolako zoritxarrak bezalaxe, konpainia atsegin du".

Groucho eta ni, Groucho Marx. Meettok argitaletxeak euskaraz argitaratutakoa. 179. orrialdeetatik aurrera. Itzultzaileak: Miren Arratibel eta Aintzane Atela.

Mikel Iturria 2012/01/21

Durangoko Azoka: errelebua

46. Durangoko Azoka Jon Irazabalek zuzendutako azkena izan da. 47.a Aiert Goenagaren gidaritzapean egingo da.

Igande goizean Euskadi Irratiko Amarauna saioan egon zen Aiert Goenaga Maite Goñi eta Joxe Rojas blogariekin batera. Une horretan ez nekien bera izango zela Gerediaga Elkarteak Durangoko Azoka zuzentzeko aukeratutako pertsona Jon Irazabalen ordez.

30 urteko ondarrutarra omen da Aiert Goenaga. Ez dut bera ezagutzen eta ezin gauza gehiegi esan, beraz, hari buruz. Gauza bakarra bai, ordea: irratian entzun nuen diskurtsoa gustatu zitzaidala. Azokak XXI. mendeko erronkei egin behar die aurre, aurreko belaunaldiek egindakoa kontutan hartuz (eta aitortuz, Jon Irazabalek egindako lanarekin egin bezala).

Gerediagak 46. edizioaren balantze baikorra egin du. Nire inpresioa ere ona izan da. Niri dagokidanez eta inguruan ikusi dudanez: aldarte oneko azoka izan da.

Lehenengo aldia da edizio berean bi aldiz joan naizela Durangoko Azokara. XXI. mende hasieran urte batzuk pasa nituen hara hurbildu gabe, baina azken bospasei urteetan joateko beharra sentitu dut. Uste baitut euskal kulturaren topaleku bikain eta ezinbesteko dela Durango.

Astelehen goizean egon nintzen eta orduan aprobetxatu nuen hainbat erosketa egiteko: Harkaitz Canoren Twist (oparitzeko, jada irakurria baitut) eta Koldo Izagirreren Egarri egunak portualdean; Jean Echenozen Lasterka; Joseba Sarrionandiaren Moroak gara behelaino artean?; Kukutza Gaztetxea: ellos por dinero, nosotras por placer eta Entzun aldizkariaren ale berria. Azken TMEOa ere hartu nuen eta harpidetu datozen sei zenbakietarako. Atzo, gainera, Zaldieroaren De Rerum Natura 4 eta Pernan Goñiren Alokairuan erosi nituen.

Musikari dagokionez: Rafa Ruedaren Enaren geometria; Juan Luis Zabalak aurreko batean aipatutako Patta eta sendaezinak taldearen diskoa; Napoka Iriaren Lehertarazi edifizioak; Lisabören Animalia lotsatuen putzua; Martin Larralde izeneko lan kolektiboa; Markos Untzetaren Mississippi eta Xabier Montoiaren Mundu miresgarria.

Durangora joan aurretik erosi nuen Rosa Arburuaren Gau lana izeneko liburua, estraperloa eta kontrabandoa Bidasoa eremuan gai dituena.

Eta eskerrak liburu hori erosi nuena. Oraintxe konturatu bainaiz horko autore gehienak gizonezkoak direna. Glubs!

Laurogei amona eta gero hau

Jabier Muguruza. Esan Ozenki: 1991-2011. Twist, Harkaiz Cano. Fermin Muguruza eta Eider Rodriguez. Anitzele: Xabier Euzkitze eta Bernardo Atxaga.

Apunte bat baino gehiago idatzi nahi izan dut aste honetan zehar, baina ezinezkoa izan da hainbat arrazoi direla medio. Beraz, denak takada batean doaz.

Astearte arratsaldean Jabier Muguruzak laupabost kantu jo zituen Donostiako FNACen. Bikote bat diskoa aurkezteko balio izan zuen ekitaldiak. Berarekin batera Mikel Azpiroz (Elkano Browning Cream) pianista eraman zuen irundarrak. Ez dakit zenbatgarren lana den Jabierrek bere bakarkako ibilbidean publikatzen duena, baina badu meritua. Ea 2013an ere beste batekin datorren.

Andres Camio, Imanol Ubeda, Nerea Fillat eta Fermin Muguruza

Asteazken goizean Esan Ozenki: 1991-2011 lan bilduma aurkeztu zuten Elkarrek Donostiako Fermin Calbeton kalean duen aretoan. Bertan ziren Andres Camio Jitu, Nerea Fillat, Imanol Ubeda eta Fermin Muguruza. 90. hamarkadan Negu Gorriaken Gure Jarrera argitaratu zuenetik dozenaka erreferentzia plazaratu zituen Esan Ozenkik. Katalogoa gaurkotu, digitalizatu eta sareratu dute. Ubedak Hamarkada miragarria testuan esan bezala, 90. hamarkada gogoratu behar da euskal rockaren hamarkada gisa. Baina Muguruzak esan bezala: "Nostalgiak museo baten antza du: bisitatu beharra dago eta bertatik atera. Ez da komeni bertan bizitzea".

Ostegun goizean, Harkaitz Canorekin Twist egin genuen Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan. Aspaldiko prentsaurrekorik jendetsuena: kazetariak, lagunak eta senideak bildu baikinen Canoren liburu berriaren aurkezpena aitzaki hartuta. Garai batean bezala, gertaera kutsua zuen ekitaldiak. Eta ez da gutxiago ere: 430 orrialde ditu liburuak. Nik jada 300 irentsi ditut eta liburuak harrapatuta nauka. Ederra, gordina, Canok idatzitako orrialde onenak direla esatera ausartuko naiz -bene-benetan, Harkaitz ;-). Apuntearen titulua berari lapurtu diot. Liburuan esaten baitu gure zibilizazioaren eta Neolitikoaren artean 80 amona daudela.

Arratsaldean, berriz, Fermin Muguruza solasean aritu zen Eider Rodriguezekin batera Ernest Lluch Kultur Etxean. Lehenago alde egin behar izan nuen, baina bi ordu luze egon omen ziren berbetan. Galdera zorrotzak egin zituen Eiderrek eta modu berean erantzun Ferminek, aurpegian bezala, mingainean ere aho bilorik ez duela argi utziz. Forman ikusi nituen biak.

Muguruzak, besteak beste, esan zuen eskerrak gaur egungo ETBn Xabier Euzkitze dagoela. Honek gonbidatzen baitu bere saioetara. Ez omen da gauza bera gertatzen ETB2ko saioetan. Eta haserre agertu zen Alberto Suriok Al Jazeera telebistarentzat eginiko herri arabiarretako dokumentalen gaiarekin toreatu duelako.

Kontua da egun horrean bertan, Anitzelen, Euzkitzek Bernardo Atxaga zuela gonbidatu gisa. Ezin izan nuen egun horretan bertan ikusi, baina eitb.com-eko Nahieran zerbitzuari esker, larunbat gauean irentsi nuen, jarraian, 1 h 40 minutuko saioa. Aldarte onean ikusi nuen Asteasukoa, fin. Adibidez, oso egokiak iruditu zitzaizkidan Fernando Aramburuk esandakoari buruz Bernardok botatako hitz hauek:

"Gauza hauek erdi bromakoak dira. Benetan (...) Labur esateko: seinale oso ona da. Oso ona da. Nik ikusten dut gu lehengo haiek bagina: Aresti hura, Lauaxeta hura, Antonio Zavala hura... Hor txoko batean... Orduan, ardurarik ez. Ezta ikusi ere. Ikusi ere ez. Ikusezin zen euskal literatura. Zenbat aldiz gogoratzen naiz, behin laudatu nuela Gerra aurreko Lizardi eta aurrean zegoena barrez hasi zen. Espainiako katedratiko bat zen. Orain, kezkatuta daude (...) Izan ere bi izaera mota daude: irla bakarti batera joaten zara halako pertsona batekin eta A izaerakoa bada harekin egiten duzu txabola, joaten zara hondartzara, etab.; beste jende mota batekin irla desertura joan eta zu segituan gorilengana pasatzen zara, askoz ere konpainia hobeagoa izango direlakoan".

Lerro hauek Sinnéad O´Connor-en I Do Not Want What I Haven't Got diskoko kantak entzuten idatzita daude.

Hona hemen Atxagari eginiko elkarrizketa oso-osorik.

Liburua

Eta idazlea: Rafael Chirbes.

"Liburuez asko hitz egiten den bitartean, gutxi irakurtzen den irudipena dut. Liburuetan dago idazle batek pentsatzen eta sentitzen duena. Zuk nire iritzia eskatzen didazu, eta nire usteetatik hurbilen dagoena idatzita utzi dudana da. Hemen egingo dugun gauza bakarra liburuan esandakoa laburtzea eta eskematizatzea da, banalizatzea".

"Egilea bere obraren gainetik jartzea komunikabide eta merkatarien kontua da. Horiek rock eta photoshop izarrak behar dituzten modu berean behar dituzte literaturarenak. Baina idazleak esan beharrekoa, adierazi nahi duena, azken finean dena, bere liburuetan dago". 

"Literatura zintzilik ez eta lurra ukitzen dagoen zerbait dela pentsatu nahi dut. Literatura eguneroko zerbait da, hitza ere egunerokoa den heinean. Hitzarekin lan egitea, beste edozein materialekin lan egitea bezala da, gutxiago izerditu arren. Literatura bizitzaz atseden hartzen dugunean geratzen dela dioen esaera gezurra da. Hitza da bizitza mugitzen duena, zentzua ematen diona".

Jon Benitok Rafael Chirbesi eginiko elkarrizketa maiatzaren 2an argitaratu zen Berrian. Nobela artefaktu bikaina da oraindik. Gomendagarria da oso, baita bere azken liburua ere: Por cuenta propia artikulu bilduma. Elkarrizketa gaztelaniaz jarri nuen atzo goizean Pedradas blogean.

Mikel Iturria 2010/05/18

Ipuinak eta poesia, musika lagun

Goizez, helduentzako ipuinak Tabakaleran. Iluntzean, Komuneko paperean emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Urtarrilaren 14an biak.

Atzo goizean Joserra Senperena musikariaren mezu hau jaso nuen.

"Ostegun honetan grabatzen dut Cuentos para adultos diskoa, Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin batera prestatzen ari garen erakusketa-disko-liburua, ekainean estreinatzekoa dena. Grabazioa goizez izango da Tabakaleran bertan, hango sala handiaren erreberberazioa baliatzeko. Gainera, prozesua filmatuko dugu lau kamera erabiliz, Iñigo Salaberriaren aginduetara. Takaleran grabatzen den lehenengo diskoa da, eta eraikina berritu aurretik azkena".

Ezin izango naiz joan, baina itxura hona du.

Arratsaldean, berriz, Ernest Lluch Kultur Etxean egongo dira Imanol eta Mattin Epelde, Bi anai. Emanaldia iluntzeko 19:30ean izangoa, Erakusleihoa programaren barruan. "Imanolek idatzitako poemak hartu eta Mattinek musika jarri die, Komuneko paperean izeneko ikuskizuna sortuz. Giro intimistan errezitatuko eta kantatuko dituzte poemak, inor epel ez uzteko ahaleginean".

Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Komuneko Paperean proiektuko bloga.

Hona hemen minutu erdiko trailerra. Bertara joateko gogoa piztuko dizuelakoan. Gogoratu, urtarrilaren 14an.

Cuentos y poesía, con ayuda de la música, este apunte en castellano.

Atxagari eginiko elkarrizketa bat

Euskal Jakintza faktoriaren produktu berri bat.


Irune Agirrek elkarrizketatu zuen duela pare bat aste Bernardo Atxaga

Zalduondoko bere etxean. Igande arratsalde honetan beste konturik ez baduzue, hona hemen plan ederra. Idatzizkoa irakurri nahi izanez gero, jo iturrira: Bernardo Atxaga: Ez goaz argirantz. Ilunak bultzatzen gaitu (i) eta Ez goaz argirantz. Ilunak bultzatzen gaitu (ii).

Eliades

Eliades Ochoaren emanaldia ikusi ondoren pentsatutakoa.

90. hamarkadan Altsasun ikus-entzun nuen lehen aldiz Eliades Ochoa musikari kubatarra. Nafarroako Jaialdiak izeneko aterkipean Noche Santiagueña izenekoa antolatu zuten aipatutako herrian. Abuztua bazen ere, gau hotza tokatu zitzaigun. Gogoan dut Atxaga ikusleen artean.

Eszenatoki gainean azaltzen lehena Estudiantina Invasora izan zen, 1920. hamarkadan sortutako taldea. Zuzendari hiztuna baino hitzontzia zuen gidari. Abesti bat amaitu eta hurrengoa destripatzen zuen gure gizonak (noizkoa zen, zein estilotakoa, egilea, etab). Kontrabaxu jotzailea aurkezterakoan, 20. hamarkadan taldea sortu zutenetakoa zela esan zigun. Interneten begiratu dut eta bajistaren izena Roberto Nápoles ei da (ez dakit oraindik bizi ote den).

Hain zen hiztuna lehenengoa, ezen oholtza gainean Eliades Ochoa (Cuarteto Patriarekin oker ez banago) azaldu zenean, horrela agurtu gintuela: "Nosotros más que buenas noches... y a tocar".

2000. urtean hamabost egun pasa nituen Kuban. Bertako musikari asko turistentzat jotzen ohituegiak zeudela pentsatu nuen orduan. Atzo, Eliadesen kontzertuan sentsazio berdintsua izan nuen; hots, turistentzako saioa eman zuela Santiagokoak. Pieza klasiko asko eta berri gutxi. Gehiago espero nuela, alegia.

Halako batean, jendearen artean ahots indartsu bat entzun zen antzokian. "Eliades... Soy de tu barrio... El hijo de Vicenta.... Toca algo nuevo". Eta guajiroak: "Cómo me haces esto... Ya saben aquello de con estos amigos..." Dena den, tipoa, eta berarekin zeuden beste batzuk, dantzan gelditu gabe aritu zen bakanetakoa izan zen.

Agian arazoa nik neukan atzokoan eta musikariak harrapatu ez nuen onda batean zebiltzan. Zaratari, adibidez, gustatu zitzaion emanaldia. Nirekin joan zen lagunari ere gatz gutxikoa iruditu zitzaion saioa.

Aldiz, arratsaldean, Zazpi etxe Frantzian zabaldu omen zuen estreinakoz lagunak eta gustura irakurri zituela lehenengo berrogeita hamar orrialdeak. Apuntatu nuen datua.

Durangoko arroka

Beti izango dugu Durango?

Izan dira urteak azaldu ere egiten ez nintzela. Data hauek aprobetxatzen baikenituen kanpora joateko.

Izan dira urteak ia erosle konpultsibo moduan agertu naizena: bertara joan eta karga-karga eginda itzuli etxera. Pozik, baina jakinda liburu guzti haiek irakurtzeko ez nuela tarterik hartuko.

Orain, berriz, lagunekin eta ezagunekin egoteko aprobetxatzen dut. Erosketa batzuk egiten ditut, baina pasa gabe.

Entzun! liburua hartu dut gaur. Polita da diseinua eta mamitsua dirudi. The balde eman didaten poltsan sartu dut.

Meettok argitaletxearen postuan, berriz, Angelo Ferracuti italiarraren Los recursos humanos liburua, baita Groucho eta ni ere poltsaratu ditut.

Musikari dagokionez, Zura taldearen Kiribil eta Pettiren zuzenekoa, Awañak, ekarri ditut. Bad Sound System taldearen Kalean oparitu dit Iñakik.

Ez naiz jende askorekin egon, baina egon naizenekin gustura pasa dut eguna.

Dena dela, Alfonso Sastrek Garan ostegunean salaturikoak tristatu egin nau. Pena eta lotsa sentitu dut nik ere, gaur irakurri dudanean zergatik ez den Hiru argitaletxea aurten joan Durangoko Azokara.

Hau da argitaletxearen webgunean dagoen lehen esaldia: "HIRU ARGITALETXEA es una editorial independiente radicada en Euskal Herria (País Vasco)".

Horrelako erabakiekin, beti izango dugu Durango?

La roca de Durango

Galtzen ikasi beharra

Asteazkenean aurkeztuko du Donostian David Trueba idazle eta zinema zuzendariak "Saber perder" eleberria.

Gaur goizean lanetik atera behar izan dut. Kafetxo bat hartu beharrean, Hontza Liburudendan sartu eta David Trueba idazlearen Saber perder liburua erosi dut.

Alde Zaharrean bazkaldu dut eta, normalean horrela jokatzen ez badut ere, liburua eraman dut jatetxera. Nahiago dut bazkaltzen dudan bitartean periodikoren bat edo aldizkariren bat irakurri, liburuak leitzea bazkalorduan deserosoa baita.

Kontrazalean agertzen zen laburpenarekin hasi eta lehenengo hamar orrialdeak irakurri ditut. Asko gustatu zait irakurri dudana. Engantxatu nau liburu batek aspaldian ez bezala.

Lanerako bidean, Alde Zaharrean gelditu naiz pare bat ezagunekin berbetan. Halako batean, Ana M-rekin nengoela hizketan, hara non agertu den aurrez aurre David Truebaren itxura duen pertsona. Bera izango ote da? Baietz erantzun diot nire buruari eta, liburua eskutan nuela, zera esan diot: "Soilik hamar orrialde irakurri ditut, baina asko gustatu zaizkit". Berak: "Ea bukaeran sentsazio bera duzun".

Asteazkenean, irailaren 24an, David Trueba Ernest Lluch Kultur Etxean egongo da Saber perder liburua aurkezten. Planak egunekoak egiten ditut nik eta ezin esan joateko aukerarik izango ote dudan edo ez. Ea zuotako norbaitek joaterik duen. Liburuak eta egileak merezi dutelakoan nago.

Saber perder

Josep Plaren libreta grisa sarean

Josep Pla idazlearen libreta grisa blog bihurtuko du bere fundazioak laurogeita hamar urte beranduago.

Pare bat aldiz egon naiz Josep Pla idazlearen jaioterrian, oporretan. Jaiotetxea (uste dut fundazioak egoitza duen tokian bertan jaio zela Pla) behin bakarrik bisitatu dut. Saiatu naiz haren liburu batzuk irakurtzen, baina soilik El Quadern gris (El Cuaderno gris hobe, gazteleraz leitu bainuen) bukatu dut. Ahaztu egiten zaizkit irakurri ahala liburuak, baina gozatu ederra hartu nuela bai dudala gogoan.

Aurreko batean Fundació Josep Pla izenekotik e-maila jaso nuen adierazteko libreta datozen bi urteetan igoko zuela sarera fundazioak berak. Ez dago garbi noiz dagoen idatzita: batzuen arabera, liburuak aipatzen dituen urteetan, 1918tik 1919ra; beste batzuen arabera, geroago daude idatzita (1960. hamarkada arte ez baitziren agertu eta harrigarria baita idazle gazte batek horrelako heldutasuna izatea). Dena dela, lehenengo apuntea 1918ko martxoaren 8koa da eta, laurogeita hamar urte beranduago, sarean dago jada (baita 9, 11 eta 14koak ere). Horrela hasten da:

"Com que hi ha tanta grip, han hagut de clausurar la Universitat. D’ençà d’aquest fet, el meu germà i jo vivim a casa, a Palafrugell, amb la família. Som dos estudiants desvagats. El meu germà, que és un gran afeccionat a jugar a futbol –malgrat haver-s’hi ja trencat un braç i una cama–, el veig purament a les hores de repàs. Ell fa la seva vida. Jo vaig tirant. No enyoro pas Barcelona i menys la Universitat. La vida de poble, amb els amics que hi tinc, m’agrada".

Orduan gripe espainiarra zen arazo, gaur hegazti gripea izan daiteke.

Gehiago El quadern gris blogean.

En castellano

Pablo Casares Erakusleihoan

Atzo goizean egindako prentsa-oharra doa hemen behean. Plataforma berria dugu Eibar.org-en eta oraindik asmatzeko ditut gauza asko.

 

Ernest Lluch Kultur Etxeak jakinarazi nahi dizue abenduaren 20an Pablo Casaresen poesia irakurraldia izango dugula gurean. Ekitaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da areto nagusian (Anoeta Estadioko 7. eta 8. ateen artean) eta sarrera doakoa izango da.

Pablo García Casado poetaren hitzak bere eginez, Casaresek (Donostia, 1972) dio “orain arte koloreak eta formak, mundu krudela, fantastikoa, lizuna bezain miresgarria deskubritu berri zituen itsua nintzen. Orain funtzionamendua deskubritu beharra dago. Gauzak estaltzen dituzten gelatina lodia zeharkatzea tokatzen da”. Askotan ez omen daki zergatik idazten duen, bere testuek ez dutelako inolako garrantzirik, haren bertsorik gabe ere jarrai baitezake munduak aski lasai. Hala ere, idaztea zerbait saihestezina izaten da batzutan. Anbizioa ere ezin ahaztu eta, seguruenik hori izango da norbera idaztera bultzatzen duena, adibidez, poema on batek.

Poema gehienek literaturaren eta artearen ohiko tematika jorratzen dute; hots, heriotzari diogun beldurra, amodioa eta desamodioa, bizitzaren kontuak, azkenean. Poesiari aire ez hain serioa ematearen aldekoa da gure poeta, lirismoa inoiz ahaztu gabe. Poemak horretarako aukera emanez gero, ironiarekin jokatzea gustuko du. Norberaren eskarmentuarekin distantzia jartzea oinarrizkoa da, nahiz eta norberaren esperientzia izan edozein espresioren funtsa.

Gaur arte argitaratutako poemak irakurriko ditu Pablok kronologikoki, nahiz tarteka ineditoren bat sartu.

Mikel Iturria aka Iturri, irundar bat eibarnauta elastikoarekin agit&prop egiten.

Pedradas, en castellano

Kontrakoa esaten ez den bitartean, blog honen edukia ondorengo Creative Commons lizentzia honen pean dago:

Azken erantzunak
Parrandan iturri, 2012/02/05
Montoiarekin dantzan 27zapata, 2012/02/03
Really? iturri, 2012/01/16
Greatest hits Ander, 2012/01/16
Ederra! leire, 2011/12/31