Harrikadak
kepa_junkera
Mundu hau zirku bat da
Duela bi urte pasatxo kontatu nuen hemen Iñaki Diéguez Cirque du Soleil konpainiak fitxatu zuela.
Esan bezala, duela bi urte pasatxo kontatu nuen Iñaki Diéguez irundarra Cirque du Soleil-ekin apuntean mundu mailan ezaguna den konpainiak eginiko casting-a pasatu zuela musikari honek. Handik urtebete ingurura-edo, aste batzuk eman zituen (2008ko bukaera eta 2009ko hasiera) Hego Korean. Baina berriro bueltatu zen Euskal Herrira.
Bertan hilabete batzuk egin ondoren, 2009ko ekainean jo zuen Quebecera. Ipar Amerikan dabil geroztik: Montreal, Toronto, California... Irailetik, gainera, emaztea (Edurne) eta bi semeak ditu inguruan.
Beraiekin gogoratu nintzen aurreko batean jakin nuenean Cirque du Soleil konpainiako beste talde bat Donostian egongo dela apirilaren bukaeran Saltimbanco izeneko ikuskizunarekin.
Hilean behin edo, mezu kolektibo luzea bidaltzen du Iñakik azken hilabetean nondik nora ibili den kontatuz. Behin baino gehiagotan esan izan diot bloga egin beharko lukeela, baina ez dit kasu egiten (behintzat Iñaki Diéguez profila badu Myspace atarian).
Azken mezuan Kepa Junkera musikariarekin egon dela kontatzen zigun. Eta Kepa Junkerak Egokitu zutabea idatzi zuela Deian. Dirudienez, musikari bizkaitarra Kalifornia aldean omen dabil, familiarekin hau ere.
Amaitzeko, Myspaceko txokoan kuku egin ondoren jakin dut New York-en pasako duela udaberria. Zaila izango da, baina gustatuko litzaidake halako batean beraiekin topo egitea. Izan ere, Edurne nire lehengusua da-eta.
Jazzaldia eta Heineken
Uztailaren 22tik 26ra Donostian. Biak. Eskutik agarrata.
Miguel Martini entzun nion pasa den igandean MQPn babesleak behar-beharrezkoak direla horrelako jaialdi bat aurrera eramateko. Javier Vizcaínok hasieran galdetu zion: kirolaren munduan erabat onartuta dagoela enpresen presentzia, baina ez dela gauza bera gertatzen kulturaren eremuan.
Eta horrela da, baina niri gogorra egiten zait jendea Gipuzkoako saskibaloi talde nagusiaren izena goratu beharrean, babeslearena behin eta berriro goraipatzen egotea. Egia da ere Gipuzkoa Basket taldeak ez duela Gasteizko Baskoniaren tradizioa (oker ez banago, Gasteizen jendeak Baskonia animatzen du).
Ez dakigu zer bide jorratuko dituen musika munduan hurrengo urteetan, baina Kepa Junkera bada eredu, ederki goaz (diru publikoa barra-barra, babesle pribatuen diruari uko egin gabe).
Argi dago aurtengo Jazzaldiaren edizioa aurrera eramateko ezinbestekoa izan dela Heineken garagardo markaren diru ekarpena. Ez dakit zenbatekoa den enpresak mahai gainean jartzen duena, baina Udalaren aportazioa dezente jaitsi ei da.
Ez naiz jazzalea. Beraz, nahiago pop eta rock izenak kartelean ikustea. Gainera, Martin defendatzen da esanez berak daramatzan urteetan jazz izenen kopurua ez dela jaitsi eta beste musiketako izenek Jazzaldiaren barruko beste festibal txikiagoa osatzen dutela.
Jazza gehiegi jarraitzen ez badut, bihar ikusiko dudan lehen kontzertua jazz pianista batena izango da. Brad Mehldau, hain zuzen. Gustatzen zait bere musika, baina gertu badut jendea kilometro mordoa egin duena haren atzetik. Ni bizikletan joango naiz ikustera.
Kronika zuri-beltza
702.000 euro Kepa Junkerarentzat. Musikariek ez dute zarata asko atera.
Argia aldizkariaren azken zenbakian Aitor Zabaleta kazetariak Kronika zuriak izeneko zutabea sinatzen du eta zera dio: "Pedro Miguel Etxenike zientzialariak dio kazetariok ongiaren mezulari izan behar dugula, sentimendu positiboen hedatzaile".
Ni ez naiz kazetaria, baina bide horretatik saiatuko naiz. Halere horretan saiatu aurretik Eusko Jaurlaritzari sartu nahi diot behatza begian. Beraz, kronika zuri-beltza beharko du izan honek. Eta ez bakarrik tonuagatik, irundar jendea ere aipatuko dudalako (eta zuri-beltzak dira Real Unión futbol taldearen koloreak).
702.000 euro
Eusko Jaurlaritzako bi sailek Kepa Junkera musikariari emandako dirutza hori izan da albiste azken aste honetan. Honi buruz esan nahi nituen gauza gehienak nire laguna Marietak idatzi ditu. Marieta katalana da, baina ederki ezagutzen du gure herri hau.
Horretaz gain, ezer gutxi dut esateko. Jaurlaritzako Kultura zein Etxebizitza sailek erabakia nola justifikatzen duten jakin arte, bai harritu nauela musikari jendea isilik somatzea. Eta ez dut ulertzen zergatia.
Jon Abrilek Sustatun aipatu bezala, Jabier Muguruzak utzi egin du Kulturaren Aholku Batzordea. Abrilek dio erabaki hori dagoela atzean eta hori da ere nire susmoa, baina ezin dut baieztatu.
Fermin Muguruzari galdetu zioten Patxik eta Jabik irratia.com-en eta ohikoa duen bezala ez zen isildu.
Hortik aparte, norbaitek esan du zerbait?
Musikari Seulen
Beste musikari irundarra aipatuko dut gaurkoan. Iñaki Diéguezek Cirque du Soleil konpainiarekin aritzeko frogak pasa zituela kontatu nuen duela urtebete. Orain, hutsune bat izan da munduan barrena dabilen konpainiaren taldeetako batean eta deitu egin diote. Ez da kontratu luzea, hilabete batzuetakoa baizik. Badira jada zenbait egun hasi zela lanean. Une honetan Seulen dago. Mailak idazten ditu, baina ondo legoke blog bat zabaltzea. Lagunek Myspace.com gunean duen txokoan mezu laburrak uzten dizkiote behintzat.
Iñakiri beste hilabetez luzatu nahi diote kontratua, baina berak zerbait luzeagoa nahi du. Ea zortea duen bederen.
Oh Pello Pelloren bertsio bitxia
Zer dago honen atzean? Marketing kanpaina instituzional bat? Junkera?
Atzo ageri zen Calamaro, Jaime Urrutia eta Loquillo Oh Pello Pello kantatzen Sustatun, baina gaur ez dut ikusten bertan. Eguna liatua izan nuen, batez ere arratsaldea, eta gaur goizera arte ez dut izan astirik bideo hau ikusteko.
Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoak dio Kepa Junkeraren disko berrirako izan daitekeela. Disko bat grabatzen ari omen da musikari bizkaitarra eta honetaz galdetuta ez omen zuen ezer esan nahi.