Harrikadak
katea
80 urte bete ditu nire eskolak
Elatzeta Eskola. Katekoa. Ventaskoa. Landetxakoa. Zer nahi duzue? Euskaldunak gara eta ez gara gai izen bakarrarekin konformatzeko.
Ventasko edo Kateko Eskola publikoan hasi nintzen ni 1973. urtearen bueltan. Bost urte nituen orduan eta, eskolatzen diren gaur egungo haur askok bezala, ez nintzen gaztelaniaz hitz egiteko gai. Baina, gaur egungo haur askori gertatu ez bezala, orduko eskola hura gaztelania hutsean zen.
Oraindik gogoan dut Carmen maistra frankistak zer bronkak botatzen zizkidan kartilla irakurri beharrean marrazkietan ateratzen ziren objektuen euskarazko berbak botatzeagatik. Lehenengo mailan Enrique León izan genuen maisu eta aski gustura ibiltzen ginen harekin (oker ez banago, gazte zela hil egin zen gizajoa).
Azken kurtsoetan Luis Aranburu dut gogoan (Don Luisetik Luisera trantsizioa egitera tokatu zitzaion berari, aurreko zuzendaria don Luis baitzen). Eta Visi ("No diré matrakas nunca jamás. Se dice matemáticas" ehun aldiz kopiarazi zidana). Eta apaiza (don Inaziok behin klasea eten zion Aranbururi Pipe Areta Opuseko apaiza eta Espainiako atleta olinpikoa guri aurkezteko). Eta Rafael García. Eta Luis Mantilla. Eta Mario, eta Fernando...
Ikaskide batzuk ere baditut gogoan, baina aspaldian ez ditut ikusi. Auzotik gutxi ibiltzearen ajeak.
Josetxo Arrietak, gaur egungo zuzendariak, 1929. urtean sorturiko eskolaren historia errepasatzeko liburua koordinatu du (Eskola publikoak memoria badu. Elatzeta). Oker ez banago, maiatzean kaleratu zen. Kurtsoa amaitu arte ospakizun ezberdinak egin dira (bazkariak barne). Horren berri duzue Elatzeta Eskolaren webgunean sartuz gero (80 urteei buruzko wikia).
Liburu elebidunaren barna ikasleak, irakasleak, gurasoak eta abar pasatzen dira. Bitxikeria gisa, egungo Errioxako presidenteak, Pedro Sanz-ek, urtebete egin zuen eskolan irakasle. Bereziki gustatu zait Sabino Gómezek sinaturiko testua (Carta de un vecino, eskolaren aldamenean bizi baita bera).
En fin, zahartzen ari garela.
Porcelanas Bidasoaren itxiera
Berrogei urte pasatxo eman zituen aitak Porcelanasen beharrean.
Ostiral goizean jakin nuen Porcelanas Bidasoa enpresak hirurogeita hamabost urteko ibilbideari agur esan diola. Lanera joan aurretik ari nintzen Elatzeta eskola publikoaren laurogeigarren urteurrena dela-eta, Josetxo Arrietak idatzitako liburua irakurtzen. Zuzendari ohi batek aipatzen zuen Porcelanaseko oparitxo bat eman zietela agurrean eta, une horretan bertan, aipatu zuen irrati esatariak enpresaren itxiera.
Jaiotetxetik kilometro batera egoteaz gain, gure sendiko kide askok egin dute bertan lan: aitak berrogei urte pasatxo eman zituen 1990. urtearen bueltan erretiroa hartu arte, aitaren anai bat, amaren beste bat, bi aldeetako lehengusu asko, etab. Gazteenek Carcelanas deitzen zioten.
Albistearen berri izan nuenean Interneten bilatu eta enpresaren webgunea topatu nuen. Manuel Fraga izeneko gizon bat eta EAJko Baltasar Marín dira azken jerifalteak. Webgunean dago Araso proiektua izeneko pdf dokumentua (kontuz, 5 mega pisatzen ditu). Orain partzela ederra gelditzen da Irungo atarian eta hor dago koxka: 400 etxebizitza egiteko asmoa baitzegoen, Arasoko proiektuari loturikoa. Del Moralek esplikatzen du auzia duela urtebete idatzitako artikuluan eta Andres Nagel eskultoreak euskal Filesa aipatzen du bertan. Carlos Etxeberrik Otro nuevo plato roto sinatu du gaur Noticiasen.
Kateko Elatzeta eskolak 80 urte bete ditu aurten (hurrengo batean idatziko dut horretaz) eta bizi-bizi dagoela dirudi. Berarekin batera jaiotako Irungo enpresa asko pikutara joan dira jada. Azkena, Porcelanas Bidasoa.