Harrikadak
josetxo_mayor
Donostiako Udalak Josetxo Mayorri eginiko omenalditxoa
Gaur, irailak 29, udalbatzarrak omenaldi txiki bat egin dio Josetxo Mayorri.
Donostiako Udalak omenaldi txiki bat egin dio gaur arratsaldean Josetxo Mayorri, 25 urtez Ulia mendia garbitzen eta txukuntzen ari den gizonari. Alkateak, udalbatzarra bertan zela, erloju bat eman dio Donostiako Udaletxeko Pleno Aretoan. Juan Karlos Izagirrek une hori aprobetxatu du hiriko hainbat txoko eta elkarteetan bere kabuz, bolondres gisa, lanean ari diren hainbat pertsonari bere esker ona agertzeko. Josetxok eskerrak itzuli dizkio udalbatzarrari, baita naturzale guztiekin partekatu ere.
78 urterekin, Josetxo egunero doa Uliara, lanera. Gaur goizean, adibidez, Kutrailako iturritik behera XIX. mendeko bidexkara doan zonaldea garbitu du (Uliako ohikoek "Josetxo hiribidea" gisa bataiatutakoa, plaka eta guzti). Bihar hantxe bertan ikusiko duzue, buru-belarri. Ekitaldian egon diren errainak eta bilobak esandakoaren arabera, noizbait saiatu omen dira Josetxo Intxaurrondotik Uliara egunero egiten duen ibilaldian laguntzen, baina ezinezkoa omen da gizona jarraitzea ("aitona oinez baino korrika baitoa").
Ekitaldi xumea bukatu bezain pronto, 25 urte barru, urrezko ezteiak betetzerako planei buruz galdetzerakoan, Josetxok ez du zalantza izpirik azaldu:
-Hementxe bertan bazegoen ontzi-horniketan espezializatutako denda bat. Soka-biribilki itzelak saltzen zituzten eta nik horietako hiru erosi nituen.
Hau da, adorea ez zaiola falta gure Josetxori. Bejondeiola!
Homenaje a Josetxo, este apunte en castellano en el blog de Ander Izagirre. Argazkiak ere handik hartuak dira.
25 urte
25 urte bete ditu hilabete honetan Altzako Casares Kultur Etxeak. 25 urte eman ditu Ulia garbitzen Josetxo Mayorrek.
Pasa den larunbatean, Altzako Casares Kultur Etxearen 25. urteurrena betetzeko ekitaldi nagusian egon nintzen. 1986. urtean jaio baitzen kultur etxe hau. Aunitz jende bildu zen plazan, baita Tomasenen egin zen ekitaldian ere.
Bertara hurbildu nintzen eta gogoratu nituen 2002ko irailetik 2003ra iraila bitartean etxe santu hartan pasatako orduak. Eta ezagutu nuen Poxpolo, Casareseko lehen arduraduna, egun Eibarko Udaletxeko kultur teknikaria Portalean. Nire memoria oso ona izan da, baina izan jarri beharko diot hemendik aurrera. Agurtu nituen garai hartako hainbat ezagun eta kosta egin zitzaidan aurpegi haiek izenekin lotzea. Adibidez, orain zalantzatan nago ea Poxpolorekin ez nuen beste batean topo egin... Tira.
Larunbat arratsaldean, Ander Izagirrereren Josetxo de plata artikulua irakurri nuen. Josetxo Mayorrek 25 urte daramatza ere Ulia mendia garbitzen. 1986. urteko irailetik, hain zuzen ere. Bere kabuz hasi zen, mendia penagarri zegoela ikusirik. Ez nuen gizon hau ezagutzen, baina Cuidadores de mundos liburuan izan nuen haren berri. Gizon maitagarria egin zitzaidan hasiera-hasieratik. Ez du meritu makala Zemoriakoak! Egunero goizeko 7:00etatik 10:00etara egoten da Ulian. Hilean behin izan ezik... erretiro-pentsioa kobratzera joaten den egunean.
Hori da gaur kontatu nahi nuena... eta 74 urte gaur beteko dituen Ixabeli, nire amari, lerro hauek eskaini.
Josetxo Mayor
Ander Izagirre kazetari eta idazle donostiarraren Cuidadores de Mundos liburuan agertzen da Josetxo, besteak beste.
Ander Izagirrerekin topo egiten dudanean, beti du zerbait kontatzeko. Duela egun batzuk, adibidez, esan zidan beste bi lagunekin batera proiektu berria zuela esku artean: autobus zaharra erosi dute eta orain txukuntzen ari dira. Klikatzen baduzue atzeko lotura horretan, argazki hau ikusiko duzue: hiru lagun autobus barruan lanean. Hortik aurrera, autobusarekin zer kristo egin nahi duten, nora eramango gaituzten, eta abar, kontatuko digute.
Gaur, berak ezagutzeko aukera eman didan pertsona bati egin nahi diot omenalditxoa. Donostian jada bitan aurkeztu duen Cuidadores de mundos liburuko pertsona maitatuena da niretzat, nahiz eta oraindik ez irakurri pasadizo guztiak. Baina Josetxo Mayorren berri izan nuenetik, gizon honek hunkitu egin ninduen. Inortxok eskatu gabe, hogei urte pasatxo daramatza Josetxok Ulia mendia egunero garbitzen eta txukuntzen. Bulego orduak, goizeko 7:00etatik 10:00etara. Hilean behin ez da joaten: pentsioa kobratzea tokatzen zaion egunean.
Esaldi bakarra itsatsiko dut: "Aquí hay mucha fatiga y muchos sofocones. Pero juramentos, ni uno. Un voluntario no tiene derecho a decir juramentos. Si no quiere trabajar, que lo deje".
Gainera, fenomeno pasatuko duzue Anderrek ematen dituen hitzaldietara hurbiltzen bazarete. Euskaraz eta gazteleraz ari da gora eta behera. Gaur, adibidez, Korrika Kulturalaren barruan Lizarran dago Izagirre.
Bi gauza amaitzeko: bat, Josetxo Mayorren historia irakurri Anderren blog zaharrean; bi, Cuidadores de mundos liburuari buruzko informazioa.
P.S. Bitxia da, baina buzo garaiak datoz berriro? Bolada baterako? Betirako?


