Harrikadak
joserra_senperena
Rafa Berrio eta Amor a Traición bueltan dira
Aste bukaera honetan, martxoaren 6an eta 7an, kontzertua emango du Amor a Traición taldeak Donostiako Le Bukowski aretoan. Ondoren, Madrilera doa Rafa disko berria grabatzera. 1971 izango da lanaren izenburua.

Rafa Berriorekin egin nuen topo aurrekoan. Joan Colomok eta Joseba Irazokik eskainitako kontzertuaren ondoren izan zen. Entsaio batetik zetorren. Norekin ari zen Rafa entsaiatzen igande iluntze hartan? Amor a Traición taldekoekin. Zertarako? Martxoaren 6an eta 7an emango dituzten kontzertuak prestatzeko.
Dirudienez, Bukowskiko nagusietako batek, Iosuk, burua berotu dio Rafari. 1993 urtean plazaratutako taldearen diskoa entzun nahi du. Amor A Traicion Spotifyn dago entzungai, baina Iosuk zuzenean ikusi eta dastatu nahi ditu No pienso bajar más al centro, Jaime Gil de Biedma, La senda del olvido, etab.
Diskoan parte hartu zuten hiru kide (José Puerto, Iñaki de Lucas eta Rafa bera) gehi bi kide berri (Iñaki Fisuras eta Maria Soriazu) elkartu dira. Kontzertu hauek bakarrak izango dira, itxura guztien arabera. Beraz, giro eta jende asko espero da Egiako tabernan. 6an, larunbatean, emanaldia 22:00etan dago programatua; 7an, igandean, iluntzeko 20:00etan. 7 euroko prezioa du sarrerak.
Martxoko bigarren hamabostaldian, berriz, Madrilera doa Rafa lan berria grabatzera. 2003an grabatu eta 2005ean plazaratu zuen Harresilanda haren ondorena izango da. Joserra Senperenak moldatu eta ekoitziko du Jose M. Rosillo teknikariaren estudioan grabatuko den 1971 diskoa.
Badaukat berau entzuteko gogoa. Izan ere, Rafak kanta baten hasiera bota baitzidan: “Yo me moriré un día borracho junto a una tapia / y mis pupilas reflejarán la última luz de esa mañana”.
Vuelven Rafa Berrio y Amor a Traición, este apunte en castellano.
Ipuinak eta poesia, musika lagun
Goizez, helduentzako ipuinak Tabakaleran. Iluntzean, Komuneko paperean emanaldia Ernest Lluch Kultur Etxean. Urtarrilaren 14an biak.
Atzo goizean Joserra Senperena musikariaren mezu hau jaso nuen.
"Ostegun honetan grabatzen dut Cuentos para adultos diskoa, Dora Salazar eta Harkaitz Canorekin batera prestatzen ari garen erakusketa-disko-liburua, ekainean estreinatzekoa dena. Grabazioa goizez izango da Tabakaleran bertan, hango sala handiaren erreberberazioa baliatzeko. Gainera, prozesua filmatuko dugu lau kamera erabiliz, Iñigo Salaberriaren aginduetara. Takaleran grabatzen den lehenengo diskoa da, eta eraikina berritu aurretik azkena".
Ezin izango naiz joan, baina itxura hona du.
Arratsaldean, berriz, Ernest Lluch Kultur Etxean egongo dira Imanol eta Mattin Epelde, Bi anai. Emanaldia iluntzeko 19:30ean izangoa, Erakusleihoa programaren barruan. "Imanolek idatzitako poemak hartu eta Mattinek musika jarri die, Komuneko paperean izeneko ikuskizuna sortuz. Giro intimistan errezitatuko eta kantatuko dituzte poemak, inor epel ez uzteko ahaleginean".
Informazio gehiago nahi izanez gero, begiratu Komuneko Paperean proiektuko bloga.
Hona hemen minutu erdiko trailerra. Bertara joateko gogoa piztuko dizuelakoan. Gogoratu, urtarrilaren 14an.
Cuentos y poesía, con ayuda de la música, este apunte en castellano.
Senperena and cia
Bi emanaldi eskaini ditu ostiral eta larunbatean Donostian.
Ostiralean Joserra Senperenak Lugaritz Kultur Etxean aurkeztu zuen duela urtebete ateratako Dardaren interpretazioa diskoa. Pianista bikaina da loiolatarra eta eskarmentu handia du beste musikariekin batera aritzeko orduan. Aldiz, kosta egiten omen zaio lehenengo planoan aritzea. Barikuan Hasier Oleaga (bateria) eta Gonzalo Tejada (kontrabaxua) izan zituen laguntzaile.
Emanaldi gupidagabea izan zen (zentzu onean, noski): kanta guztiak bata bestearen atzetik joan ziren, inolako etenik gabe. Amaieran, Harkaitz Cano igo aurretik, denak aurkeztu zituen Joserrak eta Gereziak irakurri zuen Lasarteko poetak. Kronika egin du Juan Luis Etxeberriak Diario Vascon: Poemas negros.
Larunbat iluntzean, berriz, Arteko Galerian egon zen Senperena. Kasu honetan, Rafa Berriorekin batera amaiera eman zion Lieder lan kolektiboaren erakusketari. Kanta haiek entzuten nituen bitartean aurreko koadroak eskegitzeko erabilitako iltzeen arrastoari erreparatzen nion nik eta irudi hori daukat buruan itsatsita.
Gaurko El País egunkarian aipatzen duten bezala, Erromara eramango ei dute erakusketa ekainean. Lan hauek ez dakit, baina ni, behintzat, ostegunean noa Italiako hiriburura. Oporrak.
Lieder erakusketa Donostiako Arteko galerian otsailean
Rafa Berrio, Joserra Senperena, Diego Vasallo, Thomas Canet, Suso Sáiz. Pintura, musika, bideoa.
Aurrekoan aipatu nituen hemen Rafa Berrioren bi kanta. Gaur Joserra Senperena pianista proiektu berean dagoela aipatu nahi nuen eta hark jarritako bideoa itsatsi. Baina ikusi dut informazio gehiago dagoela jada sarean eta orduan hobe ez gordetzea dudan apurra.
Joan den astean ahaztu egin zitzaidan esatea bideoaren egilea Thomas Canet argazkilaria dela. 1970. hamarkadan Berlinen jaiotakoa, gaur egun Madrilen bizi da. Caneti Sylvia Castillok eginiko elkarrizketa honetan hainbat musikari eta artistari eginiko erretratu ederrak ikus ditzakezue.
Elkarrizketan bertan aipatzen da erakusketa (Lieder) Donostiako Arteko galerian otsailean (seguraski hilaren 6an) inauguratuko dela. Ondorengo hauek hartu dute parte ekimenean: Diego Vasallo (pintura), Rafa Berrio (musika), Joserra Senperena (musika), Suso Sáiz (instalazioa) eta Thomas Canet (errealizadorea). Asmoa esaldi batean laburbiltzen dute: "XIX. mendeko erromantizismo klasikoaren idealen interpretazio berria" omen.
Beste bideo bat igo du Canet-ek. Bertan, Thomasek kamera utzi du eta Joserra ageri da pianoa jotzen. "Balada nº 1" du izenburu. Gainera, joan den astean aipatu ez nuen Rafaren "En tu nombre" ere dago ikusgai.
Bide Ertzean, salon pop apaisatua
Bide Ertzean taldeak hamar urte ospatu zituen Tolosako Leidorren atzo.
Atzokoa egun handia zen Bide Ertzean taldearen jarraitzaileentzat, hamargarren urteurrena ospatzeko Leidor sessions diskoa eta ikus-entzunekoa zuzenean grabatzekoak baitziren tolosarrak. Aitzaki horrekin lepo bete zen antzokia (800 lagunetik gora, ez da marka makala).
Eszenatokiko argiak piztu ondoren, musikariek lanari ekin ziotenean, aldez aurretik susmatu bezala gaua ederra izango zela jakin genuen. Dena oso zainduta. Atzealdean Joserra Senperena (pianista eta teklatujolea) eta Karlos Aranzegi baterista. Aurrealdean, ezker eskubi, Fran Iturbe gitarrista eta Ubedatarrak (Imanol gitarradun abeslaria eta Joni baxujolea). Argiak eta mesanotxe gaineko lanpara kaputxoi mordoa eszenategian barreiaturik. Kanta bakoitza ilustratzeko atzealdean irudi bana proiektatzen zuten, azken bi kantetan izan ezik (urdinez eta laranjaz kubritu zuten pantaila guztia). Argazki ederrak ikusi genituen.
Imanolek bospasei kanta abestu arte ez gintuen agurtu. Betiko kantak abestu zituzten (berri bakarra izan ezik), erritmo ertainekoak eta gitarreroak ondo nahastuz (nahiz bukaera aldean bloke batean igual lehen estilokoak gehiegi egin jarraian). Salon pop (Love of 74 lagunak esango lukeen bezala) apaisatua (horrelakoa baita antzokiaren diseinua).
Profesional onak egon ziren grabazioan (Rául López, Lucio dokumentalaren montadorea, eta Kaki Arkarazo, besteak beste) eta emaitza ona izango delakoan nago. Banda momentu indartsuan dago, une egokian horrelako proiektuari ekiteko. Pare bat bis egin zituztela uste dut eta amaiera, polita benetan, boskotea a capella, gurasoei eskainitako kanta jotzen. Gauerdia zela zuten eszenatokia.
Publikoaren artean aurpegi ezagun asko: musikariak (Gorka Urbizu, Gotzon Barandiaran, Diego Vasallo, Rafa Berrio, Mikel BAP, Fast Fatum...), idazleak (Harkaitz Cano), pintoreak (Diego Matxinbarrena), telebista aurkezleak (Kike Amonarriz, Ilaski Serrano), zinema mundukoak (Jon Garaño eta Joxemari Goenaga, Moriarti Produkzioak), politikariak (Iñaki Galdos), blogariak (Goio Telletxea, Maite Goñi, Edu Mendibil, Cruz Larrañeta) ...
Puntu suspentsiboek Mescal tabernan izan zuten jarraipena... eta Donostiako Ospitalean, goizeko 2:30ak aldera jaio baitzen Uxue, anaiaren bigarren haurra. Oraintxe goaz ezagutzera.
Ehuneko berrogeita hamar garestitu zen zerbeza
Waits, Springsteen, Bassmatti, Berrio, Fast Fatum. Noiz egin zuen gora zerbezak?
Sapatuan Tom Waits ikusten egon nintzen Donostiako Kursaal Jauregian. Joserrak eman zidan aukera (eskerrik asko). Dirutza pagatu nuen, baina oso gustura egon nintzen Waits zaharra entzuten.
Handik atera, bueltatxo bat Alde Zaharrean eman eta anabasatik gertu zegoen Bassmatti & Friends partyan egon nintzen. Giorgio ez nuen ikusi, baina gozatu ederra hartu genuen Rafa Berriok gitarra hartu zuenean.
Asteartean, berriz, Bruce Springsteen jaunaren showa ikustera joan nintzen Anoeta Estadiora. Badakizue 40.000 ikusle bildu zituela eta jende gehiena oso gustura atera zela, Mr. Jukebox ere bai (jarraitzeko moduan erantzunetan dagoen eztabaida: ebentoak vs. tabernen zirkuitua). Agian larunbatean bizitutakoaren ondoren, ez nuen joateko gogo handirik, baina sarrera Gabonetan erosi nuenez, futbol zelaira joatea beste erremediorik ez zegoen.
Boss-arekin ez nuen gozatu. Bai, badakit: ni eta beste bat ezagutzen dut hori esan duena. Dena emanda aldegin zuela irakurri eta entzuten dut hortik zehar. Izerdi patsetan amaitu zuelako kontzertua? Horixe behar genuen! Eta egia da askok bera bezainbeste kobratu ondoren erdia ez dutela ematen, baina, niretzat hori ez da nahikoa.
Haserretu egin nintzen kontzertuaren hasieran egondako tokian musika ez baitzen behar den bezala entzuten (eta ez nengoen toki txarrean, soinu mahaiaren albo batean). Gero, mugitu egin nintzen eta hobetu zen soinua, nahiz eta ez izan espero nuen bezain espektakularra.
Eta inguruko tabernek kaña 3 eurotan (% 50eko igoera) eta katxiak 6 eurotan jartzea? Barruan, okerrago, katxiak 9 eurotan pagatu behar. Lapurreta. Hau zer ostia da? Hemen denak balio du?
Gure betiko martxan jarraitu beharko dugu. Etxeko zirkuitua. Adibidez, ostegun gauean, AEBetatik etorri berria zen Igor Calzada entzun nuen Le Bukowski aretoan, FasTFatum. Harkaitz Canok ere irakurri zituen poema batzuk. Eta googleheim hitza inbentatu genuen, Joserra Senperenak Alondra Bentley deskubritu zigun. Eta abar, eta abar.
Dardarak
Joserra Senperena musikariaren azken diskoa da "Dardaren interpretazioa".
Baga
Harkaitz Cano idazlearen poesia bilduma elebiduna kaleratu zuen 2004an Atenea argitaletxeak: “Dardaren interpretazioa / Interpretación de los temblores” (urtebete lehenago euskaraz soilik Zarautzko Olerti Etxeak).
Biga
Liburu horren ale bat, agian poetak berak oparituta, Joserra Senperena pianistaren eskutan erori zen. Joserrari gustatu eta musika jartzen saiatu zen.
Higa
Musikariak egindako lana erakutsi zion poetari eta honek bueltan hiru poema idatzi zituen.
Laga
Diskoak argia ikusi du 2008ko martxoaren hasieran eta Dardaren interpretazioa du izenburu, Gaztelupeko Hotsak zigiluaren eskutik. Diseinua, portzierto, Cheli Lanzagortarena da.
Boga
Diskoaren aurkezpena egiteko Rafa Berrio musikariaren testu zirraragarri bat erabili dute. Batere horditu gabe jotzen duen honky-tonker onena omen da Joserra.
Sega
Javier Vizcaíno kazetariak ere tripak jarri ditu teklatu gainean disko honetaz eta beste gauza batzuetaz idazteko.
Zai
Eta nik hauek guztiek esandakoaz aparte, lan ederra dela gehituko dut. Delikatua. Uste dut udazkenera arte itxoin beharko dugula Loiolako semea zuzenean ikusteko
Zoi, Bele, Arma, Tiro eta Pum
Irakurle/entzuleak egin dezala.