Harrikadak
irratia
Bai, Javier Vizcaínok Radio Euskadi utziko du
Arraroa egingo zait, baina horrela da.
Askotan idatzi dut hemen Javier Vizcaíno lagunari buruz, baina gaur, kazetariak Radio Euskadi utziko duela dakidanean (zorionak Urtzi Urkizuri albistea emategatik), ez dakit nondik hasi.
Ordenagailuan gordeta dudan korreoari bota diot bistadizo bat. Eta haren izen-abizenak Javier Ortizek bidalitako e-mail batean ageri dira lehen aldiz. 2003ko ekainekoa da mezua eta bertan Ortizek zioen Madrilgo Liburu Ferian aritu beharra zuela Vizcaínorekin.
Ortizek berak kontatu zidan behin (edo irakurri egin nion?) badaudela finkatutako kazetariak gehiago lan egin eta gutxiago kobratu behar dutela jasotako eskaintzari muzin egin beharrean baiezkoa ematen diotenak. Uste dut hori gertatu zaiola Vizcaínori, nahiz eta horrelakoak ez diren soilik kazetaritzaren arloan ematen. Baiezkoaren arrazoia izaten da, noski, proiektu interesgarriren bat izatea esku artean.
Espero dezagun laster egitea publiko nora doan, baina nik eskatu nahi diot bere blog zaharra errekuperatzea (javiervizcaino.net). Zoazen tokira jarraituko zaitugu, konpai, baina errekuperatu zure bitakora. Besarkada handi bat eta animo asko.
P. S.: a zer nolako galera Radio Euskadirentzat.
Ahora que Javier Vizcaíno deja Radio Euskadi, apunte hau euskaraz.
Oharra: Igandeko Deiak konfirmatu du jada Noticias Taldera joango dela Vizcaíno.
Mikel Astarloza gogoan
Ostiral arratsaldean balizko positiboaren berri izan nuenetik, ezin dut burutik kendu.
Ostiral goizean Arantxa Arzak Mikel Astarloza elkarrizketatu zuen Euskadi Irratiko “Amarauna” saioan. Patxada handiko hogei minutuko solasaldia izan zen. Irratsaioan parte hartzeko aukera izan nuen, gainera (eskerrik asko, Arantxa).
Aurtengo Tourreko hamaseigarren etapa irabazi ondoren, horrelako zenbat dei jasoko zituen pasaitarrak. Mordoa. Herrian omenaldia egin zioten, adibidez, eta Diario Vascoren webgunean ikusgai dago egun horretako argazki sorta. Dena zen irribarre, dena zen ospakizun. San Pedroko kolore morea nagusi.
Argazkiaren iturria: diariovasco.com
Ostiral goizean gogotsu zegoen Mikel Astarloza hurrengo eguneko Donostia-Donostia klasikarako. Baina, arratsaldeko 17:30ak aldera e-mail bat sartu zen nire postontzian. Ander Izagirrek idatzitako Mikel txapeldun! apuntean pertsona batek utzitako komentario baten berri ematen zidan korreoaren ku-kuak. Eta hor irakurri nuen lehen aldiz positibo hitza.
Van Gaal gogoan, txirrindularitzan positibo hitza “sempre negatifo” da. Google-en begiratzen hasi nintzen eta berehala hiruzpalau albiste ageri ziren berri txar horrekin. Kaka zaharra! Ezin nuen sinetsi. Ekainaren 26an lehiaketaz kanpo, Espainiako txapelketaren atarian, eginiko analitikan eman omen zuen positibo.
Splitweet erabiliz, abiatu nuen astarloza markaren jarraipena twitter sarean eta izugarrizkoa izan da azken berrogeita zortzi orduetan zalaparta. Hizkuntz askotan aipatua izan da eta, gehienek, egurra emateko.
Piano-piano, gazteak. Doucement. Kontranalisia egiteko dago oraindik-eta. Gainera, Diario Vascon Benito Urraburu txirrindularitza adituak dioen bezala, arraroa da kontu hau. Nahiz eta, berak dioen bezala ere, kaltea egina dagoen jada.
Hau irakurtzerakoan zuetako askok pentsatuko duzue ilusio faltsua dela nirea. Tira, izan daiteke, baina larria iruditzen zait oraindik behin-betiko emaitzak ez daudenean nola jipoitzen ari diren txirrindularia. Pronto dago jendea sua piztu eta denen bistan erretzeko. Ondo. Segi Inkisizioaren bidetik.
Zuzenbide karrera egin nuenean, bagenuen irakasle bat, behin baino gehiagotan errepikatzen ziguna “ni garantista naiz” esaldia (hori bakarrik ulertzeko gai nintzen; profesore horren gainerako jarduna hutsala baitzen). Tokitan da garantismoa txirrindularitzan. Zantzu txikiena bada, sutara. Eta kitto. Jarrai dezala gurpil eroak. Guri bost. Nor izango da erreko den/dugun hurrena?
Oharra: Mikel, animo asko ataka hau gainditzeko. Segi fuerte. Eta tinko. Oraindik ez duk azken hitza esan-eta.
Eguneratzea. 19:55: Urraburu baino urrutirago doa EITBko Xabier Usabiaga. Mikel Astarloza errugabea da.
Eguneratzea. Abuztuak 4. 16:25: Mikel Astarlozak gaur eguerdian Donostiako Amara Plaza Hotelean emandako prentsaurrea.
Euskalerria Irratia 20 urte entxuferik gabe
Jaia antolatuko dute datorren ostiralean Barañaingo Auditorioan.

Pasa den astean Lakasta jaunak bidalitako mezu bat jaso nuen. Bertan zioen datorren ostiralean, azaroaren 7an, iluntzeko 19:00etan, Barañaingo Auditorioan ospatuko duela Euskalerria Irratiak 20. urteurrena. 1988ko egun horretan bertan hasi baitzituen emisioak eta Euskalerria Irratiak 20 urte entxuferik gabe ekitaldia antolatu dute aitzaki horrekin.
Zuzenean emitituko dute auditoriotik eta gonbidatu hauek elkarrizketatuko dituzte: Oinatz Bengoetxea pilotaria, Egoi Martínez txirrindularia, Oier Sanjurjo futbolaria eta Hedoi Etxarte poeta.
Musika zuzenean dastatzeko aukera izango da ere: disko berria publikatu duen Fermin Muguruzak hiru kanta joko omen ditu (pasa den ostiralean zuzenean aritu zen Bilboko Hikateneoan), Hesian, Cheese and Road Ensemble, A-lai-kapela.
Kike Amonarriz eta Ilaski Serrano bikoteak lehiaketa muntatuko ei du han bertan.
Joan nahi izanez gero, gonbidapenak lehendik lortzeko bi bide daude:
1.- Telefonoa: 948 17 01 51.
2.- E-maila: administrazioa a bildua euskalerriai.com.
Albistea blog berri batean kargatu dut gazteleraz; Gente MQP- MQPzaleak montatu baitu Javier Vizcaínok zuzentzen duen irratsaio horretako entzule batek eta beste batzuei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu. Ea ba.
Euskal oximorona
Jesús Eguigurenek publikatu du bere tesia Hiria argitaletxean eta gaur aurkeztuko du liburua Donostian.
Atzo goizean entzun nuen Euskadi Irratian Manu Etxezortuk gidatzen duen saioan Jesús Eguiguren sozialistari eginiko elkarrizketaren hasiera. El arreglo vasco liburua argitaratu berri du Hiria argitaletxearen eskutik eta aitzaki horrekin azaldu da azken bolada honetan komunikabideetan.
Elkarrizketatzaileek gobernu españolak the organization-ekin izandako tratuak eta arazoari nola eman amaiera galdetzen diote behin eta berriro. Manu ere hortik abiatu zen, ez ote duen Rubalcaba ministroak Eguigurenek berak esandakoa ezeztatu azken orduetan eginiko adierazpenetan. Ez zela galdera samurra elkarrizketa hasteko arrapostu zion politikari giputzak. Hortik aurrera ez nuen jarraitu solasaldia, lanera joan behar bainuen.
Radio Euskadiko Más que palabras irratsaioan egon zen Eguiguren pasa den larunbatean, Javier Vizcaíno kazetariarekin. Hogei minutu pasatxoko grabazioa dago eskegita atarian (goian duzue lotura). Vizcaíno ez zen Etxezortu bezain zakar hasi, baina saiatu zen behatza begian sartzen eta albiste agentzia ezberdinek egin dute entresaka aste buruan.
Zuzenbide Politikoko irakasle izana da Donostiako Fakultatean eta doktore tesia agertzen omen du gaur Luis Haranburu Altuna editorearekin batera Gipuzkoako hiriburuan aurkeztuko duen liburuan. Hona hemen azken bolada honetan publikatu diren hiru elkarrizketa eta analisi bat:
Genoveva Gastaminzak egindako elkarrizketa
David Guadillak egindako elkarrizketa
Ángeles Escrivák eginiko elkarrizketa
Arreglo hitza garai batekoa omen da eta unean uneko indarren arabera adostutako akordioaren zehaztapena dela dio egileak. Hau da, ez dagoela behin-betiko irtenbiderik.
Espero dezagun gure hostikeria hau ere ez bihurtzea behin-betikoa eta noizbait euskal konponbidea ez izatea egun den oximorona.
Amen.
Munilla marabilla
Espainiako Gotzainen Konferentzia Losantosen ordezkoaren bila ariko litzateke. Guk badugu hautagaia.
Santander inguruko bi lagun egon dira etxean asteburuan. Mutilak kontatu zidan goizetan, lanerako bidean, zein arratsaldetan, etxerako bueltan, askotan entzuten duela Radio María. Nik noizbait topatu izan dut dialean, baina ez dut irrati hori entzuteko behar den kemena nire baitan inoiz aurkitu (segundu batzuk nahikoak dira bilaketarekin segitzeko).
Sorpresa hartu nuen lagunak esan zidanean José Ignacio Munilla aritzen dela goizeko 8:00etatik 9:00etara katiximari buruz hizketan. Munillaren izenaren gainean klikatuz gero, berari buruz duela bi urte nik idatzitakoa irakurtzeko aukera izango duzue. Aurreratzen dizuet Palentziako egungo gotzaina, Zumarragako parrokoa izandakoa eta, iturri batzuen arabera, Gipuzkoako gotzain izateko hautagaien artean dagoena, nire pentsakeratik urrun samar dagoela (urrun samar esan eta motz geratu naiz, noski).
Bestalde, bloglines batzailean jarraitzen ditudan blogen eta jarioen errepasoa egiten ari nintzela, hara non agertu zaidan, Escolarrek usufruktoan utzitako blogean, Espainiako Elizaren kupula Losantosen ordezko baten bila ari dela. Izen ezberdinak aipatzen ditu kazetariak eta triste utzi nau kandidatoen artean ez egotea gure gizona. Lagunak kontatu didanez, egungokoak baino dezente hobeto egingo luke.
Zuek zer uste duzue?