Harrikadak
igor_calzada
#gaurkohitza kronika da
Berandu bada ere, hona hemen kronika moduko bat. Azaroak 2. DOKA.
iz. 1. Gertakari-sail bat ordena kronologikoan eskaintzen duen kontaketa; bereziki, ekintza historikoei buruzkoa. 2. Gaurkotasuna duen gai bati buruzko prentsa-artikulua. Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
Gaurko Hitza zer den norbaitek galdetuz gero, bat-batean edonork esango luke gure munduan dauden elizetako baten ekimena litzatekeela Jaungoikoaren izena lau haizetara zabaltzeko. Baina zorionez ez da hori kontua.
Zoritxarrez, duela gutxi espainolez dagoen antzeko ekimen baten berri izan nuen. Zoritxarrez diot atzetik zituelako Real Academia de la Lengua eta Planeta argitaletxea. Arazoaren munia: RAEren edukiak erabiltzea.
Beste hizkuntzetan dauden adibideen jakitun, Maite Goñik (#euskara + #hezkuntza + #teknologiaberriak) erabaki zuen berak ere antzekoa abiatzea duela hiru urte. Eta egunero hitz bat jartzen du webgunean, adiera ezberdinak aipatzen dituelarik.
Bigarren urtebetetzea ospatzeko, 2010eko azaroan, publikoki eskatu zuen hitz bat hautatzeko, horri buruzko bideoa grabatzeko eta emaitza Gaurko Hitzaren youtube kanalera atxikitzeko (80tik gora bideo daude bertan).
Hirugarren urtemuga gertu zela-eta, aldiz, lagunek animatuta, erabaki zuen oraingoan kultur ekitaldia antolatzea, topaketa izango zela onena. Taldeanitza (eta forofoa) osatu ondoren, lehenengo gauzak lotzen hasi ziren (ginen, ni ere tartean bainago): tokia (DOKA Kafe Antzokia, Donostia) eta eguna (2011ko azaroaren 2a). Hortik aurrera, gainerakoa etorri zen.
Hitza ardatz hartuta, eremu ezberdinetako artista, sortzaile eta profesionalak gonbidatu genituen. Bakoitzak 5 bat minutu zituen, nahi zuena (gutxi gorabehera) egiteko.
Ongietorria Jon Martin eta Alaia Martin bertsolariek eman zuten. Gero, Koldo Martinez aurkezleak gonbidatu bakoitzak aukeratutako hitzaren definizioa irakurri eta paso eman zien, banaka.
Igor Calzadak Irteera aukeratu zuen. Aitaren omenez idatzitako lerroak irakurri ondoren, Exit jo zuen, gitarra lagun.
Iban del Campok Azaro hautatu zuen eta Kimuak programako hainbat film laburren collage-a moldatu zuen.
Xabier Euzkitzeren berba Ohildu izan zen. Matalazi buruzko lezioa eman zuen (orain betetzen dira hura akabatu zutela 350 urte). Gainera, Xabierrek aipatu zuen Benito Lertxundik ezagun eginiko kantan hiltzeko erabiltzen dela ohiltzeko beharrean.
Imanol Muruak Eztanda izeneko zutabea idatzi zuen. Ezin zuenez bertan egon, bideo bat grabatu zuen. Irakurtzen ageri da bertan.
Patxi Huarte Zaldieroak biñeta egin zuen hitz horri buruz. The Organization serieko azkena marraztu zuen. Edo hori esan zuen behintzat.
Harkaitz Cano eta Versus. Talentua eta vis komikoa biak batera eszenatoki gainean: hizkuntza gehienetan aurka esan nahi du, baina italiera omen da hasierako -rantz esanahia gorde duen bakarrenetakoa.
Anarik itxi zuen gaua. Opaldu hitza eskaini da eta Harriak kantaren bertsio akustiko hunkigarria eskaini zigun.
Bis moduan, Haritz Rodriguezek (Transistoria) eginiko bideoa bota genuen: Bizitza (vida).
Eskerrak amaiETA garaiak diren, zeren jendeak ederki mugitu zituen hortzak Kixkurgune dendaren produktak dastatzeko orduan.
Eta hauxe da dena. Gaurkoz, behintzat.
#gaurkohitza La palabra del día es crónica, este apunte en castellano.
Ehuneko berrogeita hamar garestitu zen zerbeza
Waits, Springsteen, Bassmatti, Berrio, Fast Fatum. Noiz egin zuen gora zerbezak?
Sapatuan Tom Waits ikusten egon nintzen Donostiako Kursaal Jauregian. Joserrak eman zidan aukera (eskerrik asko). Dirutza pagatu nuen, baina oso gustura egon nintzen Waits zaharra entzuten.
Handik atera, bueltatxo bat Alde Zaharrean eman eta anabasatik gertu zegoen Bassmatti & Friends partyan egon nintzen. Giorgio ez nuen ikusi, baina gozatu ederra hartu genuen Rafa Berriok gitarra hartu zuenean.
Asteartean, berriz, Bruce Springsteen jaunaren showa ikustera joan nintzen Anoeta Estadiora. Badakizue 40.000 ikusle bildu zituela eta jende gehiena oso gustura atera zela, Mr. Jukebox ere bai (jarraitzeko moduan erantzunetan dagoen eztabaida: ebentoak vs. tabernen zirkuitua). Agian larunbatean bizitutakoaren ondoren, ez nuen joateko gogo handirik, baina sarrera Gabonetan erosi nuenez, futbol zelaira joatea beste erremediorik ez zegoen.
Boss-arekin ez nuen gozatu. Bai, badakit: ni eta beste bat ezagutzen dut hori esan duena. Dena emanda aldegin zuela irakurri eta entzuten dut hortik zehar. Izerdi patsetan amaitu zuelako kontzertua? Horixe behar genuen! Eta egia da askok bera bezainbeste kobratu ondoren erdia ez dutela ematen, baina, niretzat hori ez da nahikoa.
Haserretu egin nintzen kontzertuaren hasieran egondako tokian musika ez baitzen behar den bezala entzuten (eta ez nengoen toki txarrean, soinu mahaiaren albo batean). Gero, mugitu egin nintzen eta hobetu zen soinua, nahiz eta ez izan espero nuen bezain espektakularra.
Eta inguruko tabernek kaña 3 eurotan (% 50eko igoera) eta katxiak 6 eurotan jartzea? Barruan, okerrago, katxiak 9 eurotan pagatu behar. Lapurreta. Hau zer ostia da? Hemen denak balio du?
Gure betiko martxan jarraitu beharko dugu. Etxeko zirkuitua. Adibidez, ostegun gauean, AEBetatik etorri berria zen Igor Calzada entzun nuen Le Bukowski aretoan, FasTFatum. Harkaitz Canok ere irakurri zituen poema batzuk. Eta googleheim hitza inbentatu genuen, Joserra Senperenak Alondra Bentley deskubritu zigun. Eta abar, eta abar.