Harrikadak
heriotza
Mikel Laboa: ez da errespetatu familiaren nahia
Itxura guztien arabera, Gipuzkoako mediorik handiena izan da Mikel Laboaren familiaren nahia alde batera utzi duen bakarra. Zer iruditzen zaizue?
"Hasiera batean, familiak erabaki zuen Mikel intimitatean agurtzea, beilategiko joan-etorriaren ondoren, pasa den asteartean, alor ezberdinetako izen handi asko bildu baitziren bertan. Baina, lagunek erakutsitako interesa zela-eta, errautsak haizatzeko tokia eta eguna jakinaraztea erabaki zuen (familiak). Eta komunikabideei eskatu zien ez grabatzeko eta filmatzeko ekitaldia".
Diario Vasco: Agiña ahora es más sagrado, 2008ko abenduak 8.
Interneten dagoen kronika laguntzeko, ekitaldiaren 20 argazki eskegi dituzte. Goiko paragrafoaren arabera, badirudi kazetaria berak ere deseroso idatzi duela kronika.
Google-n bilaketa azkarra egin dut (Agiña + Laboa)
eta badirudi Gipuzkoako mediorik zabalduena dela, prezeski, familiaren nahia alde batera utzi duen bakarra. Gainerakoek ez dute argazkirik jarri. Eta ekitaldiari buruzko kontaketa zeharka egin dute.
Ez dut garbi. Alde batetik, horrelako une batean hildakoaren sendiak agertutako nahia errespetatu beharra dago. Bestetik, baina, halako pertsonai baten aurrean egonik, ez zait hain gaizki iruditu erreportajea, tonoa ere egokia baita.
Zer iruditzen zaizue? Nahi baduzue, of course.
Galtzeimer (VIII) Heriotzaren inguruan
Umeak dituzunean parkeak dira elkarguneak. Gurasoak zahartzen direnean, berriz, ospitaleak dira elkartzeko tokiak eta heriotzaren inguruan ari zara berbetan.
Ohar garrantzitsua: blog honetan bakarrik erabiltzeko apuntea.
Nabarmena da azken bolada honetan nire idazkietan dagoen kutsu ezkorra. Oporren ondorengo sindromea gainean badaukazu, hobe ez irakurtzea. Nirea, berriz, oporren bete-betean dudan sindromea da.
Bai, nekatuta nago, baina aurrera segitzea beste erremediorik ez dago. Amaren famili-medikuak (kabezerakoa garai batean) zera esan omen zioen aurrekoan: "zure senarraren egoera zein den ikusita, ez dute hobeto zaintzen gehiago maite dutenek, gaixotasunaz dakien jendeak baizik".
Aste honetan pertsona bat hil egin zen gure aurreko gelan. Ez da gela horretan hiltzen den pertsona bakarra, baina gertukoa egin zait haren kasua. Anaiari txanda hartzen nion bitartean izan nuen heriotzaren berri. Semea-edo zebilen alde batetik bestera bueltaka, urduri, telefonoa eskuan zuela.
Arratsaldean amak hitz egin zuen pasilloan gero gauean hil egin zen andrearen senarrarekin. Duela 16 urte antzeman omen zioten Alzheimerra. Azken zazpi urteak pasa omen ditu egoitza batean. Hiltzera ekarri omen zuten bezperan Bidasoako Ospitalera. Lasaitu ederra hartuko zuen familiak, baita gaixoak berak ere.
Ostegunean bertan egin zuten hileta-elizkizuna nire laguna den Albertoren amaren alde. Gutxienez 8 urte eman ditu minbiziarekin borrokan, gorputzak kieto esan duen arte.
Eibartarrak posta zerrendakidea zen Jorge Kruzeta ere hil egin da egun hauetan. Zerrendan aipatu dute e-maila utzi zuela prest lagunei eta sendiari bidaltzeko bere heriotzaren berri emateko. Horrela enteratuko ziren asko.
Eta aste honetan ere enteratu dira komunikabideak Benta Berri auzoko 77 urteko gizon batek bere buruaz beste egitea erabaki zuela ekainaren 24aren bueltan. Errespetua eta bidai on berarentzat.
Aita, seguruenik, egun batzuk barru sartuko dugu Donostiako egoitza batean. Berak oraindik ez daki ezer eta ez dakit nola hartuko duen albistea.