Harrikadak
giza_eskubideak
Integrismoa
Eta dogmatismoa.
Ostegunean Juliano Mer Khamis zenaren figura gogoratzeko Arna´s Children filma bota zuten Donostiako Antzoki Zaharrean. Zisjordaniako Jenin errefuxiatu eremuan Julianoren amak bertako haurrekin eginiko lana hartzen du ardatz dokumentalak. Jeningo haur haiek, gazte bihurtuta, Israelen kontrako borrokan hil zirela ageri da ere dokumentalean. Jesús Torquemadak ondorengo solasaldian esan bezala, oso ondo erretratatzen du belaunaldi baten desagerpena, erdiak galdu baitzuen bizia.
Esan bezala, Torquemadak gidatu zuen Tamer Bidawi-ren eta Carmen Marti-ren arteko solasaldia. Tentsioa egon zen une batean, Fermin Muguruzak hartu zuelako hitza eta Juliano Mer Khamis integrismoak hil zuela esan baitzuen. Ez Israelgo Estatuak, baizik eta Jeningo integrista palestinar batzuek, Julianoren lana gustuko ez zutelako (berak hartu baitzuen amaren lekukoa).
Muguruzak gogorarazi zuen Hamas eta Al Fatah erakundeek gaitzetsi zutela atentatua, baina aretoan bildutako batzuei ez zitzaizkien gehiegi gustatu hitz horiek. Muguruzak bertako iturriak aipatu zituen, baita hainbat komunikabidetan agertutakoa ere.
Ostegunekoak duela urtebete Shai Carmeli-Pollak ekintzaileari Victoria Eugenian egin ziotena gogorarazi zidan. Dogmatikoak zirela esan nuen iaz. Ez dakit asko aurreratu duten azken urte honetan. Horrelako lagunekin jai dauka palestinarren kausak Euskal Herrian.
Gogora dezagun ekintzaile hau, lagunek egin dioten bideoarekin. Juliano Mer Khamis, in memoriam.
Integrismo, este apunte en castellano.
Utikan dogmatikoak
Bil´in My Love dokumentala proiektatu zuten Donostian joan den astean. Amorratuta eta lotsatuta nago oraindik jende artetik hitza hartu zuten pare bat pertsonarekin.
2005ean Bil´in herrira (Zisjordania) joan zen Shai Carmeli-Pollak zuzendari israeldarra (berak ez du bere burua zinema errealizadore gisa ikusten, ekintzaile baino) bertan gertatzen zena filmatzera. Israelgo Estatua harresia egiten ari zen eta aipatu herriko lurraldeak bitan banatzen. Beste toki batzuetan bezala, herriko jendea egoera horren kontra altxatu zen. Izan ere, herriak eta familiak zatitzen baitzituen/baititu aipatu murruak.
Desobedientzia zibila, umorea eta gerrilla urbanoaren teknikak erabiliz, palestinarrak Israelgo Armadari aurre egiten saiatzen ziren (dira, irakurri Alberto Arceren artikulu hau). Palestinarrez gain, Israelgo ekintzaile (Anarchists against the Wall) eta nazioarteko aktibista batzuk parte hartzen zuten borrokan.
Ekintzaile horien artean Shai-ren anai bat zegoen. Shai-k 300 ordu grabatu zituen eta horrekin dokumentala prestatu (Claudius Films etxeak ekoitzia). Filma 2006ko uztailean estreinatu zuten Jerusalem-en eta munduan barrena dezente mugitu da hainbat jaialditan. Beraz, bide luzea eginda etorri da Bil´in, My Love filma Donostiara, Giza Eskubideen Zinemaldiaren VIII. ediziora.
Filmaren hasierak kolpatu egin ninduen: Palestinako baserritar bat erotzeko moduan jartzen da etxeko olibondoak errotik ateratzen dizkiotenean, dozenaka urte zituzten arbolak. Poliziak hainbat kameraren aurrean atxilotzen du gizona, bortizki.
Ekintzez gain, filmean zehar ekintzaile ezberdinekin (batez ere palestinarrak) izandako solasak agertzen dira, baina baita, harrigarria bada ere, armadak manifestarien aurka egiten duen bitartean, Shai-k armadaburuarekin dituen solasaldiak. Normalean, errealizadoreak kristorenak eta bi esaten dizkio.
Filma amaitu zenean, txalotu egin nuen. Gogotik. Ondoren, solasaldia abiatu zen: Shai (zuzendaria), Claudia Levin (ekoizlea), Fermin Muguruza (berak gomendatuta ailegatu baita filma Donostiara) eseri zien eszenatokian, Begoña del Teso moderatzaile lanetan hasi zelarik.
Lotsatu egin nintzen bi lagun, batez ere, Shai-ren kontra hasi zirenean: Israel estatu terrorista bat da, zuk zer egiten duzu Israelen, boikota egin behar zaio Israeli... eta abar. Ezin nuen sinetsi. Palestinarren borroka erretratatzen duen filma egiteagatik hainbeste arrisku hartu dituen pertsona bati? Ezin nuen sinetsi eta lotsatuta ere banago isilik geratzeagatik une hartan.
Zuzendaria bera ere harrituta zegoen: inoiz ez zitzaiola horrelakorik gertatu; Israelgo fanatikoek egin izan diotela aurre, baina inoiz ez palestinarrek edo beren aldekoek.
To eta no! Euskal Herrian gertatu behar. Horrelako defendatzaileekin jai du Palestinako herriaren kausak.
¿Dogmáticos? No, gracias. Este apunte en castellano.
Bertsio ofizialak? Ez, eskerrik asko
Zenbat gezur irensten ditugu egunero?
Badut lagun bat epaile lanetan aritutakoa laurogeita hamargarren hamarkadaren hasieran. Orain, jada ez da epaile, baina hori beste kontu bat da.
Lanean hasi berritan, Guardia Zibila etorri zitzaion pertsona bati telefono entzuketak egiteko baimen-eske. Gauzak esaten zituzten bezain garbi izanez gero, beren kabuz Corcuera legea (atean ostikoa emateko aukera errazten zuena) aplikatzeko aholkatu omen zien. Dena den, azkenik, baimena eman eta bidali zituen bulegotik. Ustez. Handik bi egunetara etorri zitzaion pikoletoa barkamen eske. Akatsa egin zutela: pisu berean, ezker-eskubi, bi etxebizitza zeudela eta albokoari ari zitzaizkiola entzuketak egiten.
Kontu horrekin gogoratu naiz Benemeritako zuzendari izandako Luis Roldán presondegitik atera den egun berean. Komunikabide askok hankasartze itzela egin duten egunean, Frantziako polizia indarrek botatako amua irensteagatik (Kataluniako bost suhiltzaileen auziaz ari naiz, noski). Aurreko egunetan, ez da atzean geratu Efe albiste agentzia: Joseba Fernández bakarra izango balitz bezala jokatzeagatik. Eta zer nahi duzue esatea Jon Anza auziaz.
Lotsagarria izan da komunikabideek nola zabaldu duten lau haizetara suhiltzaileen gaia. Bertsio ofizialari men eginez. Eskerrak suhiltzaileak ez zirela euskaldunak eta, gainera, jende ezaguna zela bere komunitatean. Bestelakoan, agian ziega batean egongo lirateke auskalo zer egoeratan.
Javier Ortizen En el nombre del padre apuntea irakurri berri dut, 2004koa, eta oso aproposa hona ekartzeko. Bertan, Javierrek Ainara Gorostiaga eta beste hiru kideri gertatutakoa kontatzen du. Kasu honetan, euskaldunak izateaz gain, ezker abertzalekoak izaki, bi urte eman zituzten kartzelan egin ez zuten erailketagatik.
Zenbat gauza galdu ditugun bidean azken urte hauetan dermokrazia honetan. Eta hemen jende gutxiri axola zaio. Tamalez.
¿Versiones oficiales? No, gracias. Este apunte en castellano
Infernuan
Astearte iluntzean El Infierno Vasco film dokumentala estreinatu zen Donostian.
Gaur eguerdian Sustaturen bidez enteratu naiz azken balentria lotsagarriaz: Iruñeko Opuseko Unibertsitatearen aurkako atentatua. Gero, bertako ikasle eta irakasle izandako Ander Izagirreren mezua irakurri dut haren blogean. Ondoren, astearte iluntzean Giza Eskubideen VII. Zinemaldiaren lehen saio berezian ikusitako El Infierno Vasco filmaz gogoratu naiz.
Filma
Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainitako pelikula terrorismoaren biktimei buruz Iñaki Arteta bizkaitarrak eginiko filma da. Estrainekoz bota zuten dokumentala Euskal Herrian (Valladolideko Seminci jaialdian estreinatu zen aste bukaeran).
Astearte goizean Udaletxeko Gobernu Batzordearen aretoan izandako prentsaurreak interesa piztu zuen komunikabideen artean. Iluntzean, berriz, 400-500 lagun egongo ginen antzokian.
Artetak lehendik ere tratatu du gaia eta oraingoan Euskal Herritik alde egindako ia hogeita hamar lagunen testigantza erakusten digu: kazetariak, apaizak, ertzainak, irakasleak, epaileak, enpresariak, politikariak... Denek ETAren presioagatik alde egin dute Euskal Herritik (baten batek Jaurlaritzarengatik alde egin zuela zioen).
Niregandik politikoki urrun dagoen jendea agertuko zela banekien. Eta horregatik animatu nintzen filma ikustera. Entzutera joan nintzen, biktima hauen mina entzutera. Batzuek botatako astakeri politikoak kontutan hartu gabe.
Ia bi orduko pelikula da, baina adi egon nintzen entzuten, gustura. Pertsonaia publikoak daude tartean eta horiek baino askoz ere gehiago interesatu zitzaidan niretzat erabat ezezaguna zen jendea. Badaude edozein pertsona ukitzeko moduko kontuak.
Solasaldia
Solasaldian Iñaki Arteta zuzendaria, Cristina Cuesta eta Carmen Gurrutxaga, filmean parte hartzen dutenetako bi, egon ziren. Moderatzaile lanetan Edurne Ormazabal.
Lehenengo galderan pertsona batek GAL talde armatuaren apologia egin zuen. Bereziki Gurrutxagak eta Cuestak isilarazi zuten, baita gainerako ikusleek ere.
Bigarrenak, filma goraipatu ondoren, hutsuneak azpimarratu zituen: nik pentsatu nuen ETArengatik hemendik alde egindako jende abertzalearen hutsuneaz arituko zela, baina galdetzailea ez zegoen gustura Estatuko Segurtasun Indarren ordezkaririk azaltzen ez zelako dokumentalean. Itxuraz, ertzainak ez zituen eremu horretan sartzen. Artetak lehendik egindako lanetan agertzen zirela erantzun zion Cuestak eta zuzendariak berretsi zuen hori azpimarratuz filmak errealitatearen zati bat erakusten duela soilik.
Galdera gehiago egon ziren, baina azkenarekin geratuko naiz. Madrilgo artistek eta intelektualek zergatik ez diren gehiago bustitzen galdetu zuen pertsona batek. Beste gai batzuk erosoagoak direlako, laburbilduz, erantzun zion Artetak: hobe da baleen alde ateratzea, biktimen alde baino.
Zuzendariak zioenez Madrilgo puntako hogeitaka musikariri eskatu omen zien soinu bandan parte hartzea berak eskainitako abestiren bat goiz batean grabatuz. Inork ez omen zuen baiezkorik eman. Hori bai, Artetak azpimarratu zuen horietako batzuk parte hartzen dutela Kepa Junkeraren "Etxea" lan berrian.
Filma asteazkenean bota zuten Bilbon eta azaroaren 7an estreinatuko da Estatuko zortzi zinema aretoetan. Horietako bi sala Euskal Herrian daude: Bilbon eta Gasteizen, oker ez banago.