Harrikadak
euskadi-irratia
Amarauna irratsaioan hamabostean behin
Igandean lehen solasaldia egin nuen Euskadi Irratian.
Pasa den igandean Arantxa Artzak Euskadi Irratian uztailean gidatzen duen Amarauna irratsaioan egon nintzen. Edurne Ayusoren deia jaso nuen duela zenbait aste eta hamabostean behin igande goizetan (10:40-11:00) Internetez eta blogosferaz hitz egitekotan geratu naiz.
Solasaldi bakoitzean hiruna lagun arituko gara. Pasa den igandean Patxi Trapero eta Leire Narbaiza egon ziren etxetik eta ni Donostian. Josu Mendicute eta Jozulin ere badira solaskide. Seguruenik, datorren igandean, hilaren 20an, bi hauekin arituko naiz berbetan.
Ah! Estudioan bertan egon zen ere Xabier, baina honen abizena ahaztu egin zait. Praktiketan dagoen kazetaria da.
Traperoak grabatu zuen irrati tarte hau eta bere blogean eskegi (mila esker, Patxi). Ezin baduzue hemen entzun, jo Amaraunakoak irekita daude apuntera eta bukaeran duzue entzuteko aukera.
Euskal munduaren prestigioa dago jokoan
Hizkuntza amankomunaren aldeko manifestuaren bultzatzaileek hitz egin dezatela argi: gaztelera inposatu nahi dute.
Gaur goizean aritu da estreinakoz Juanra Viles, garai batean Duncan Dhu taldean bateria jotzaile ibilitako musikaria, MQP saioan. Xose Luis Barreiro eta Itziar Epalza solaskideekin batera aritu da. Besteak beste, Patxi Baztarrika eraman dute Jaurlaritzak hizkuntza politikaren alorrean indarrean jarriko dituen neurrien inguruan berba egiteko. Vilesek aipatu du, bere ustez, terrorismoaren gaiaren tokia hartuko duela hizkuntzarenak Espainian legegintzaldi honetan.
Pentsakor gelditu naiz eta Anjel Lertxundik Stock 13 zikloan kontatu zuen gauza bat etorri zait akordura. Lertxundik zioen 16 urterekin gaztelaniaz idazten zuela, baina 1968aren inguruan hasi zela euskaraz idazten. Zergatik eman ote zuen urrats hori galdetu zion publikoki bere buruari. Ez omen zekien zergatia, baina, seguruenik, 1968aren bueltan eskaintza artistiko onena euskararen bidetik zetorrelako: Ez Dok Amairu kantagileen mugimendua, pintura, antzerkia (Seminarioan taularatu omen zen lehen aldiz Samuel Beckett jaunaren testu bat Espainiako Estatuan; euskaraz, gainera), eta abar.
Finean, Anjelek euskararen munduak prestigioa zuelako aldatu zuen sortze hizkuntza. Eta nire buruari galdetzen diot orain, eta hemen, ea egoera gaur egun berdin-berdina ote den: prestigioa al du euskaraz sortzeak? Hemendik kanpo ez dut uste, baina euskaldunen prestigioa Euskal Herrian? Ez dakit ba… gure burua estimatzen ikasi al dugu?
Solasaldia amaitu ondoren, eta eguneko albisteen errepasoaren ondotik, Javier Vizcaínok elkarrizketa iradokitzailea egin dio Jokin Muñoz idazleari. Lasai baino tinko ari da Castejongoa literaturaren eremuan. Jokinek Donostian apirilaren amaieran esandakoak ekarri nituen hona, baina ez dut aukera hau alferrik pasa nahi esateko Volgako Batelariak blogean dagoela irakurtzeko moduan Antzararen hizpideak (lumaje azpia) testua.
Gero, salto egin dut Euskadi Irratira. Izan ere, gaur aritu dira estreinakoz Amarauna saioan Jozulin, Josu Leokanne eta Patxi Trapero. Arantxa Kaltzada oporretan dagoenez, Arantxa Artzarekin egon dira hizketan. Datorren astean Leire eta biok arituko gara Traperoarekin. Blogarien tertulia izango da, beraz.
Portzierto, prestigioa ematen al du blogaria zarela esateak?
Tomtom GPSa euskaraz
Atzo irratian egon nintzen honetaz hizketan.
Apirilaren 18an egindako grabazioaren ondoren, eibar.org webgunean daude prest edonork jaisteko moduan TomTom GPSa euskaratzeko fitxategiak. Bertako instrukzioak jarraituz gero, di-da izango duzue euskaratua zuen GPSa.
Nik oraindik ezin izan dut probatu, baina probatu duten zenbait lagunek diote ondo dagoela. Uste dut multinazionalari eskatu beharko dizkiogula sei aparatu grabazioan parte hartu dugun guztiok, TomTom bana izan dezagun (eskatzen ez bada, ez dugu ezer lortuko). Iazko urtebetetze-oparia izan nuen nik GPSa, baina beste marka batekoa da.
Atzo egon nintzen honetaz berbetan, Joxe Aranzabal lagunak deituta, Arantxa Kalzadak Euskadi Irratian duen Amarauna saioaren 8. probintzia tartean. Eskerrik asko bioi gutaz oroitzeagatik.
Hona hemen, Joxeren kortesiaz, aipatu tartea entzungai:
boomp3.com