Harrikadak
eitb
Astea nahieran
Txori Mugariak, ETB nahieran, Pony Bravo, Juan Carlos Perez, #akanpadak, Reala, #m22, graffitiak... eta ezin ikusi-gozatu geratu diren hainbat gauza.
Txori Mugariak
Literaktum jaialdiaren barruan, astelehenean, maiatzaren 16n, Txori Mugariak emanaldia estreinatu zuten Maialen Lujanbio, Xabier Erkizia eta Stéphane Garin hirukoteak. Hegoaldeari eta iparraldeari buruzko 50 minutuko hausnarketa. Ikuskizun trinkoa, buruan bueltaka gelditzen den horietakoa. Oraindik ez dakigu zuzenean ikusteko aukera gehiago izango ditugun. Pena litzateke.
EITB nahieran
Ostegunean EITBk Bilbon duen egoitzako 4. platora joan ginen. EITB nahieran izenekoaren aurkezpenera gonbidatu gintuzten hainbat blogari. Ez dut izan trasteatzeko aukera handirik, baina ikusitakoa gustatu zitzaidan. Irrati-telebista honek ez du inoiz ahaztu behar zerbitzu publikoa dela eta 25 urte hauetan egindako bideak euskal kulturaren ondarearen zati garrantzitsua dela. Denon eskura jartzeko asmoa agertu zuten Iñako Gurrutxagak eta Lontzo Sainz-ek. Ea horrela den, eskubide arazoak eskubide edota arazo.
Pony Bravo
Ostiral gauean berriro buelta Lugaritz Kultur Etxera. San Miguel Donostikluba Zirkuituaren barruan hitzordu bikoitza genuen. Manett taldea ezin izan nuen ikusi, baina asko gozatu nuen Sevillako Pony Bravo taldearen rock andaluziar-progresibo-psicodelikoarekin.
Musikene eta Juan Carlos Perez
Sevillako taldea Imanol Larzabal Aretoko goiko solairuan ikusten nuen bitartean Juan Carlos Perez nuen buruan. Nolatan sartu zara/zaituzte Musikeneko kakanahaste horretan, gizona? Zu artista bat zara, ez duzu balio kudeaketa lanetarako. Pozik hartu dut Juan Carlosek lan hori utzi izana. Ez da bere esparrua. Gusturago hartuko dut Suso andereak zuzendaritza utzi duela jakiterakoan. Denok zure kontra daudenean, andrea, errua ez da besteena.
Akanpadak
Hasi al da #spanishrevolution ? Ez dakigu baina albiste ona da maiatzaren 15ak ekarri duena. Bazen garaia beste belaunaldi bat kalera ateratzeko. Horregatik bakarrik balio du honek guztiak. Balio du ere boterean dagoen jendea urduri jartzeko.
Larunbatean pasa nintzen Bulebarreko akanpadatik. Nire ustez, gazte jendeari dagokio bertako lidergoa. Beraiek dira gurditik tiratu behar dutenak. Gainerakook bigarren maila batean egon beharko dugu, babesa eta laguntza emateko prest.
Bi hausnarketa: Ana Malagonen Akanpanden inguruko hausnarketak eta Gorka Julioren #acampadadonostia esperientzia eta proposamenak.
Reala
Datorren urtean ere Lehen Mailan arituko da talde txuri-urdina. Ea aurtengo denboraldia baino lasaiago den hurrengoa.
M22
Udal eta foru ordezkariak hautatzeko eguna Gipuzkoan. Urrundu egin da jendea alderdietatik. Eta beraiek jakin behar dute jada ez dela hain erraza dena kontrolpean izatea.
Graffitiak
Hauteskunde atari honetan Igor Rezola a.k.a. Dizebi elkarrizketatu du DVk.
Oso tipo interesgarria eta errespetu osoa merezi duen artista iruditu zait ezagutu nuen egunetik. Donostian egin berri duen akzio bat ikusi dut aste honetan. Blas Otero plazan izan zen. Kasualitatea? Seguruenik ez.
Semana a la carta, este apunte en castellano.
Untitled from hiru hamabi on Vimeo.
Eitb
Goi kargu berrien izendapena. Jatorri eta korronte ezberdinak.
Gaurko Noticias de Gipuzkoa periodikoaren paperezkoan irakurri dut bi orrialdeko erreportajea EITB taldean ematen ari den aldaketei buruzkoa. Atentzioa deitu didana izan da goi kargu berrien errepasoa egiterakoan, hiru jatorri aipatzen direla (el triunvirato de la nueva EITB).
Alde batetik, Alberto Surioren konfiantzazko jendea egongo litzateke: Patxi Arratibel (Estrategia eta kanpo harremanetarako zuzendaria), Miguel Ángel Idigoras (ETBko zuzendaria) eta Joseba Arruti (Radio Euskadiko zuzendaria).
Bigarren taldea popularren aldeko jendea osatuko lukete: Roberto López de Calle (Radio Euskadiko Albistegietako burua), Roberto Montalvillo (ETBko Albistegietako burua) eta Lucas Irigoyen (Radio Vitoriako zuzendaria, aurrekoan hemen azaldu zena bere blogen arrastoak ezabatzeagatik). Hirugarren mailako postuetan leudeke.
PSEren kuotan, berriz, Javier Torrontegi legoke, EITBko irrati guztien ardura duena. Rubalcaba Barne Ministroaren konfiantzazko gizona izango litzateke, baina beste iturriren arabera Aresen kordakoa ere bada.
Noticiaseko kazetariak ez du aipatzen beste izen batzuk non kokatzen diren: Rosa Díez Urrestarazu, Euskadi Irratiko zuzendaria; Aurkene Iturrioz, irrati bereko albistegietako burua; José Ángel Quintanilla, gerentea; Pello Sarasola telebistako programazio burua; Edurne Ormazabal, EITB.net-eko arduraduna...
Mila lagun ari omen dira EITBn. Horrelako kuota eta indar orekek gobernagarri egingo al dute txoritxoa? Laster jakingo dugu. Ikusiko dugu ere, karguak gora behera, nork agintzen duen etxe horretan, etxe horietan.
Anekdota bat, amaitzeko: udan, Javier Vizcaínok erabaki du Cocidito Madrileño tartea alde batera uztea; normalean, denboraldiko onenak errepikatzen baitzituen. Antenan esan duenagatik, entzule askok deitu du galdetuz ea zer gertatu den saioarekin. Are gehiago, posta-zerrenda batean Madrilen dagoen lagun batek bota du: Patxi Lópezek eraman al du aurretik koziditoa? Ez, ez dirudi bera izan denik, baina egin beharreko aldaketak tentuz egin beharko dituzte Suriok eta enparauek.
Zer egin blogarekin?
Ez, ez da nire kasua. Radio Vitoriako zuzendari berria izango den Lucas Irigoyenena baizik.
Gaur jakin dugu Radio Vitoriako zuzendari berria izango dela Lucas Irigoyen. Eta nire buruari galdegin diot ea nor den gizon hau. Radio Euskadiko Ganbara irratsaioan ibili da tertuliano (bide batez, hor aritu dira Alberto Surio eta Joseba Arruti ere, EITBko goi karguak hauek ere), baina ez da Lucasen izenik agertzen programaren webgunean. Kazetaria ei da eta aspalditik ari omen da lanean Araba aldean.
Lagun batek esan dit blogaria ere ba dela. "Ah bai?", nik. "Bai, cipreses-ez-dakit zer bloga ikusi dut gaur goizean bertan". Joño! Goazen ba begiratzea google-n cipreses lucas irigoyen. Begiratu dut eta ezabatua izan da. Aibalaostia! Lucas Irigoyen blog galdetuz gero, berriz, beste bat ere ageri da: "Un lápiz entre servilletas". Berdin. Lehenengoan seme-alabei buruz ari dela dirudi eta bestea, aldiz, profesionalagoa dela.
Ez dakit noiz ezabatu dituen blog horiek (Google-n katxean ageri den Cipresesdebilbao blogaren azken irudia maiatzaren 4koa da), baina zer zuen ezkutatzeko gizon honek? Lotsatu egin da? Auskalo! Berdin du gaur goizeko kontua den edo duela zenbait astekoa, baina damutu dela dirudi.
Oker ez banago, Luistxo Fernandezek esana da "hogei urte barruko lehendakaria, tuentin dagoela gaur egun". Kontuz ibili, ba, gazteok. Ea hogei urte barru damutzen zareten.
Boikota
Israeli boikota egitea proposatu dute. No woman no cry kantaren egilea hil da.
Iñigo Saénz de Ugarteren Guerra eterna blogari esker, ikusi dut The Big Picture photologean Gazako eta Israelgo argazki gogorrak.
El regreso de Picapiedran, berriz, irakurri dut Israeli boikota izeneko ekimena abiatu dela Interneten. Ondo iruditzen zait Israelgo gobernuari, enpresei, etab. aurre egitea. Baita Israelgo kirol taldeak Europako lehiaketetatik botatzea ere, baina artistak boikotatzea ere eskatzen dute. Eta ni ez nago horrelako boikot artistiko edo pertsonalen alde. Arau bera aplikatuz gero, zaku berean sartu beharko lirateke hainbat artista estatubatuar eta europar, beren gobernuek munduan barrena egiten dituzten barrabaskeria piloa ez gaitzesteagatik. Ahaztu gabe ere, bere garaian norbaitek idatzi zuen bezala, nola sustatu daitekeen hori eta gero euskal artistei egiten zaizkien boikot kanpainak salatu.
Kanta ederra jarri nahi dut gaur hemen. Aipamenaren arrazoia tristea da, baina. El Paísen jakin dut, gainera, Vincent Ford aka Tata berriki hil dela Jamaikan. Gizonak No Woman No Cry kantaren letra egin omen zuen, Bob Marley & the Wailers taldeak hirurogeita hamargarren hamarkadan arrakastatsu bihurtu zuen abestia. Hor behean utziko dut youtuben aurkitutako bideoa.
The organization-en atzoko zorion mezuari buruz, ezer gutxi dut gehitzeko. Jaso dugula zorion mezua. Eta Javier Vizcaínoren iritzi ausartarekin bat egiten dudala.